Christine Lagarde gaurko agerraldian | Argazkia: EBZ

FINANTZAK

EBZk berriro jaitsi ditu interes tasak

Ekainerakoaren ostean, urteko bigarren tasa jaitsiera gauzatu du erakundeak. Erreferentziazko interes tasa %3,5eraino jaitsi du

Europako Banku Zentralak berriro jaitsi ditu interes tasak, merkatuko aurreikuspenak betez. Banku zentralaren gobernu kontseilua gaur bildu da Frankfurten (Alemanian), eta uztailean bere horretan utzi ostean, %0,25 jaitsi ditu tasak gaur.

Bileran, ordea, tasak jaisteaz gain, merkatuaren hegakortasunera egokitzeko hainbat aldaketa tekniko egin ditu. Joan den martxoan erabaki zuen bankuak bere hiru interes tasa nagusien arteko aldea txikitzea, eta gaurko bileran indarrean jarri du neurria. Hartara, erreferentziazko interes tasa (gordailuena) puntu laurden jaitsi du %3,5eraino, birfinantzazio tasa (finantza eragiketa nagusiena) %3,65an kokatu du, eta kreditu erraztasunaren tasa (premiazko maileguena) %2,9raino murriztu du.

"Inflazio aurreikuspenei, azpiko inflazioaren dinamikari eta diru politikaren transmisioaren intentsitateari buruz egindako ebaluazioan oinarrituta, egokia da orain beste urrats bat ematea moneta politikaren murrizketa mailaren jaisteko", adierazi du Christine Lagardek bilera amaitua ondoren. Barne inflazioa "handia" dela uste du, soldatak abiadura azkar hazten ari direlako. Dena den, lan kostuen gaineko presioa moteltzen ari dela dio, eta irabaziak arintzen ari direla soldata igoerek inflazioan duten eragina.

Hurrengo bileran zer erabaki hartuko duen galdetu diote Lagarderi, eta datozen asteetako ekonomia datuen arabera erabakiko dutela dela argitu du. Nolanahi ere, merkatuko adituen arabera, abenduko bileran berriz ere tasak jaitsiko ditu EBZk.

Iragarpenak berritu ditu

Interes tasez gain, iragarpen ekonomikoak eguneratu ditu gaur Europako Banku Zentralak. Eurogunerako aurreikusitako hazkundea hamarren bat murriztea erabaki du, %0,8ra aurten. 2025ean, aldiz,  BPGa %1,3 haziko da eta 2026an %1,6. Inflazioari dagokionez, ez du aldaketa handirik egin: %2,5 izango da aurten, %2,2 2025ean, eta %1,9 2026an.