Christine Lagarde | Argazkia: EBZ

FINANTZAK

Uztailean ere interes-tasak igoko ditu EBZk

Christine Lagarde EBZko presidenteak euroguneko inflazioak oso altu jarraitzen duela eta tasen jaitsiera oso motela izaten ari dela adierazi du gaur Sintran

Urtero lez, Europako Banku Zentralak (EBZ) Sintran, Portugalen foroa antolatu du, eta bertan elkartu dira banku zentraletako agintariak, akademikoak eta finantza-merkatuko ordezkariak, besteak beste. Hala, gaur goizean egindako hitzaldian, Christine Lagarde, EBZko presidenteak euroguneko inflazioa oso altua izaten jarraitzen duela azaldu du, eta epe luzera ere, maila altuan eutsiko diola aurreikusi du.

Halaber, inflazio-tasaren beheranzko joera EBZk moneta politikan hartutako neurriek ekonomian izandako eraginaren ondorio dela esan du Lagardek, baina tasaren jaitsiera oso geldoa izaten ari dela ere aitortu du, inflazio-prozesua luzatzen ari delarik.

Honela, inflazioaren iraunkortasunarekin nola bukatu da Lagarderen hitzetan erantzun beharreko funtsezko galdera. Horretarako, Gobernu Kontseiluak orain arte hartutako estrategiarekin jarraituko duela iragarri du: interes-tasak “maila nahikoa murriztaile” batera eramatea eta maila horietan “behar den denboran mantentzea”.

Era berean, EBZko presidenteak iazko uztailean hasitako interes-tasen gorakadaren erabateko inpaktua ez dela ikusi argudiatuta, uztailean tasak berriz igoko dituztela eman du jakitera. EBZren helburua inflazioa epe ertainean %2ra iristea da eta zifra horretara iristeko neurriak hartzen jarraituko dute, gerora ere, tasa horretan beharrezko denboran mantendu dadin diruaren balioa.