Sakonean
Ekonomiaren tokenizazioa
Ekonomiaren tokenizazioa fenomeno eraldatzailea da, eta neurri handi batean, blockchain teknologiaren eta kriptomoneten aurrerapenak bultzatuta, aktibo fisikoak edo birtualak token digital bihurtzean datza
Benetako iraultza ez dator tokenizaziotik bertatik, aktiboak kudeatzeko, negoziatzeko eta balioesteko moduan baizik, eraginkortasuna, likidezia eta lehen eskuraezinak diren merkatuetara sarbide globala eskainiz. Ekonomiaren tokenizazioak paradigma aldaketa bat suposatzen du finantza-merkatuetan, balore, lehengai edo aktibo ez-finantzario gisa sailkatutako aktiboentzat, hala nola higiezinak, gaur egun token edo fitxa digital bidez irudikatuko liratekeenak. Erabiltzailearen ikuspuntutik ere paradigma berri bat adierazten du.
Tokenizazioa Web3 deritzonaren adopzio masiboarekin batera badoa, erabiltzaileek beraien zorro digitaletan, zenbait motatako aktibo tokenizatuak kudeatzeko gako pribatuak izango dituzten agertoki bat aurreikusten dugu. Esaterako, euroaren aurretik askok zorro fisikoetan pezeta espainiarrak eta franko frantsesak bagenituen mugaren alde batean edo bestean produktuak eta zerbitzuak erosteko, etorkizunean, ziurrenik, gure zorro digitalean zerbitzu ala produktu tokenizatu jakin batzuk erabiltzeko gakoak izango ditugu, hala nola, 25 litro gasolina, 50 ordu bideo streaming, urre ontza bat, enpresa baten akzioak, hamaika kriptodiru, moneta digital ofizialak (CBDC), artelan digital bat, etxe baten % 1eko jabetza edo gure identitate digitala, osasun erregistroa barne.
Tokenizazio prozesua
Tokenizazioa blockchain teknologian oinarritzen da, alegia, elkarren artean konektaturiko blokeen sare batean transakzioak erregistratzen dituen egitura deszentralizatua eta seguru baten. Ekonomiaren tokenizazioa aktibo fisikoak edo birtualak token digital bihurtzean datza, hau da, blockchain bateko irudikapen bakarrean. Prozesua aktibo bat hautatzetik hasten da, ia edozein gauza izan daitekelarik, higiezinetatik hasi eta artelanetaraino ala finantza baloreetaraino.
Ondoren, token digital bat sortzen da, bere balio osoa edo zati bat adierazten duena eta blockchain batean erregistratzen da (Ethereum, Cardano, Solana...). Tokendun aktiboari buruzko funtsezko informazioa, hala nola jabetza eta beste xehetasun garrantzitsu batzuk, tokena berari eransten zaizkio. Tokena jaulkitakoan, modu eraginkorrean eta gardenean transferitu, trukatu edo saldu daiteke blockchain sarean, bitartekarien beharrik gabe, gardentasunez eta likidazio kostu baxuekin.
Tokenizazioa blockchain teknologian oinarritzen da, alegia, elkarren artean konektaturiko blokeen sare batean transakzioak erregistratzen dituen egitura deszentralizatua eta seguru baten
Azken ezaugarri honek, zatikitasunarekin batera, inbertsio aktibo askotarako sarbidea ahalbidetzen du, eta ekonomia digitalean negoziaketa eta baloraketa moduak aldatzen ditu.
Finantzetatik artelanetara
Ekonomiaren tokenizazioak hainbat aktibo mota kudeatzeko eta negoziatzeko modua eraldatzeko ahalmena duenez, ekonomia global orokorra birmoldatzekoa ere badu. Esaterako, Tokenise Europe 2025 txostenak azpimarratzen du nola industriako eta Europako finantza-zerbitzu esanguratsuenen kudeatzaileen bi herenek, tokenizazioa oso alderdi garrantzitsutzat hartzen duten, beren erakundeen epe luzerako lehiakortasunerako lortzekotan eta horregatik dute dagoeneko sartuta beraien lan agendetan.
Erabilera kasuak hainbat industria eta sektore gertatzen ari dira. Horietako bat dira finantza eta kapital merkatuak. Tokenizaturiko baloreak jaulkitzeak, baloreak jaulkitzeko, jarraitzeko eta negoziatzeko prozesu tradizionala erraztu dezake. Aldi berean, inbertsioaren demokratizazioa errazten du eta inbertitzaileei aukera ematen die akzioak edo bonuak token digital moduan erosteko, oztopo geografikoak ekidinez, likidezia handituz eta bitartekarien rola aldatuz.
Tokenizazioak etxe bat tokenetan banatzea ahalbidetzen du, eta horrek inbertsio banatua errazten du, likidezia handituz tradizioz likidezia gabeko merkatu batean
Beste kasu bat higiezinak dira. Izan ere, tokenizazioak etxe bat tokenetan banatzea ahalbidetzen du, eta horrek inbertsio banatua errazten du, likidezia handituz tradizioz likidezia gabeko merkatu batean. Horrela, inbertitzaileek higiezinen zatiak erosi eta sal ditzakete hasierako inbertsio handien beharrik gabe. Artea eta bildumako ondasunak ere tokenizatu daitezke, artelanetan eta bildumetan inbertitzea erraztuz. Jabeek beren aktiboen zatiak sal ditzakete eta inbertitzaileek aktibo horietan esposizioa izan dezakete biltzaile adituak izan beharrik gabe.
Logistika, identitate digitala eta nazioarteko ordainketak
Beste hiru kasuetan ere tokenizazioak paper bat jokatzen du. Esaterako, hornikuntza-kate eta logistikan. Hain zuzen, tokenizazioak hornikuntza-kateen produktuen jarraipena egin eta egiaztatu ditzake, eta horrek faltsutzea aurreikusten eta gardentasuna hobetzen laguntzen du. Kontsumitzaileek erosten dituzten produktuen benetakotasuna eta jatorria egiaztatu dezakete.
Moneta tradizionalen tokenizazioak (CBDC) eta kriptografia-moneta berriak sortzeak, nazioarteko ordainketa azkar eta merkeagoak ahalbidetu ditzake
Tokenizazioa identitate digital seguruak eta egiaztagarriak sortzeko ere erabil daiteke. Horrek erabilerak izan ditzake datu pertsonalen kudeaketan, eta lineako pribatutasuna eta segurtasuna hobetzeko. Izan ere, identitate digitala da Web3 edo balioaren internet deritzonaren negozio eredu asko sortuko dituen oinarria. Horrekin batera moneta tradizionalen tokenizazioak (CBDC) eta kriptografia-moneta berriak sortzeak, nazioarteko ordainketa azkar eta merkeagoak ahalbideratu ditzake, bitartekariekiko menpekotasuna murriztuz eta likidazio-denbora azkartuz.
Garapen fasean
Azken urteotan, tokenizazioak aurrerapauso handiak eman ditu, potentzial disruptibo nabaria erakutsiz eta hainbat industriaren arreta bereganatu badu ere, hasierako hazkunde eta eboluzio fase zirraragarri batean jarraitzen du oraindik. Heldutasunari dagokionez, tokenizazioak arrakasta-istorio batzuk erakutsi ditu dagoeneko eta hazkunde-itxaropenak handiak dira. Teknologiak eboluzionatzen eta adopzioan jarraitzea espero da, eta aurrekaririk gabeko aukera emango diezaieke inbertitzaile, ekosistema eta negozio eredu berriei.
2023ko martxoko Citi GPS: Global perceptives and solutions txostenak tokenizazioaren osteko hazkunde-itxaropenei buruzko magnitude-ordena ematen du, 2030erako, mundu mailako ekonomia handietan, 5 bilioi dolar CBDC eta kriptodiru egonkor zirkula daitezkeela adierazten duelarik. Finantza-aktiboen tokenizazioa izango da ziurrenik blockchainen erabilera suspertuko duen eragilerik esanguratsuena, eta merkatu pribatuetan tokenizazioa 80 aldiz haziko dela aurreikusten da, 2030erako ia 4 bilioi dolarreko balioa izatera iristeraino.
Bi txostenak blockchain erabiltzaileen adopzio goiztiarra lortzeko 6-8 urte behar diren agertoki baten inguruan kokatzen dira. Alegia, 2030 inguruan iritsiko dela aurreikusten dute
2022ko abuztuan argitaratutako Relevane of On-Chain Adsset tokenisation in Crypto winter ikerketaen arabera, Boston Consulting Group-ek eta ADDXk eginikoa alegia, aktibo ez likido globalen tokenizazioan 16 bilioi dolar inguruko aukera izango da 2030rako, urte horretarako estimatutako BPG globalaren % 10 ingurukoa: 4 bilioi dolar akziotan, 3 bilioi dolar higiezinen ondarean, 1 bilioi dolar bonu eta elkarrekiko fondoetan, 3 bilioi dolar beste finantza-aktibo batzuetan eta 5 bilioi dolar tokeniza daitezkeen beste aktibo batzuetan.
Bi txostenak blockchain erabiltzaileen adopzio goiztiarra lortzeko 6-8 urte behar diren agertoki baten inguruan kokatzen dira. Alegia, 2030 inguruan iritsiko dela aurreikusten dute, nahiz eta haietako askok kontsumitzen dituzten zerbitzuen azpian dagoen teknologiaren berri izango ez duten. Erabilera masibo hori, neurri handi batean, CBDC (Euro Digital edo Yuan digitalak adibidez) inguruko erabiltzaile kopuruaren araberakoa izango da, baita gamer denadelakoen erabilera-tasaren eta sare sozialen erabiltzaileen (metabertsoa edo mikroordainketak) araberakoa.
Tokenizazioaren erronka eta arrisku nagusiak erregulazio zehaztasun ezari, eta segurtasun teknologiko eta iruzurrari loturikoak dira
Hala ere, hazkunde-itxaropen horiei erantzuteko, erronka eta arrisku handiak ditu aurretik, eta horiei aurre egiteko gaitasunaren araberakoa izango da tokenizazioaren benetako eraldaketa boterea. Tokenizazioaren erronka eta arrisku nagusiak erregulazio zehaztasun ezari, eta segurtasun teknologiko eta iruzurrari loturikoak dira. Elkarreragingarritasun estandar eza, tokenizaturiko aktiboen ezegonkortasuna eta burbuila espekulatiboen sorkuntza posiblea dira lotutako beste arrisku batzuk, kontrolatu beharko liratekeenak. Gainera, paradoxikoki, ustezko ekonomia deszentralizatuan, botere kontzentrazio berri bat sor liteke eragile gutxi batzuen eskuetan. Erronka horiei aurre egitea ezinbestekoa izango da tokenizazioaren garapen iraunkor eta seguru baterako.
Aktoreak eta rolak
Tokenizazioak tokenen sorkuntzan, jaulkipenean, trukean eta segurtasunean zeregin erabakigarriak betetzen dituzten hainbat eragilek hartzen dute parte. Ekosistemak eragile horien arteko lankidetza eskatzen du, ingurune seguru eta eraginkorra garatzeko. Jaulkitzaile eta inbertitzaileez gain, tokenizazio plataformak, finantza zerbitzu hornitzaileak edo araugileak aintzat hartu behar dira.
Jaulkitzaileak dira tokenak jaulkitzen dituzten entitateak edo partikularrak. Bestela esanda, tokenizatu beharreko aktiboen jabeak, ala beraientzat lan egiten dutenak. Horiekin batera daude inbertitzaileak, hau da, aktibo jakin batzuen esposizioa lortu eta jaulkitako tokenak erosi nahi dituzten entitateak edo pertsonak.
Jaulkitzaile eta inbertitzaileez gain, tokenizazio plataformak, finantza zerbitzu hornitzaileak edo araugileak aintzat hartu behar dira
Tokenak sortzea, jaulkitzea eta kudeatzea ahalbideratzen duten azpiegitura teknologikoei tokenizazio plataformak deritzo. Eta horrekin batera tokenak erosi, saldu edo trukatu daitezkeen plataformak dira merkatuak eta trukaketa etxeak, likidezia ematen baitute, kontraparteak aurkitzeko aukera ematez gain.
Badira token eta aktiboen zaintzaz, arauez eta garapenaz, eta esparruari loturiko aholkularitzaz arduratzen direnak ere. Token eta aktiboen zaintza eta segurtasunaz arduratzen diren entitateak dira zaintzaileak eta finantza zerbitzu hornitzaileak. Araugileak eta agintaritzak arduratzen dira arau-esparrua definitzeaz, eta tokenen jaulkipena eta merkataritza gainbegiratzeaz. Alegia, kontrola ezartzen duten gobernu-agentziak eta arautzaileak dira.
Segurtasun enpresa eta ikuskariak, eta erabiltzaileak berak daude. Lehenengoek, segurtasun-ikuskaritzak eta arrisku-ebaluazioak egiten dituzte tokenizazio-plataformak eta azpiko aktiboak seguruak eta ziber-mehatxuetatik babestuta daudela ziurtatzeko
Garatzaileek ahalbidetzen dute tokenizazioa, blockchain eta plataforma teknologikoen garapenaren eta mantentzearen atzean dauden pertsonak eta taldeak baitira. Segurtasuna bermatzeaz gain azpiegiturari funtzionaltasuna eskaintzen diote. Aholkularien eta lege aholkularien esku dago tokenizazioaren egituraketa eta kontratu adimendunen garapena bezalako arloetan, araudiaren betetze inguruko aholkularitza eskaintzen dutenak.
Azkenik, segurtasun enpresa eta ikuskariak, eta erabiltzaileak berak daude. Lehenengoek, segurtasun-ikuskaritzak eta arrisku-ebaluazioak egiten dituzte tokenizazio-plataformak eta azpiko aktiboak seguruak eta ziber-mehatxuetatik babestuta daudela ziurtatzeko. Erabiltzaileek, aldiz, jaulkitako tokenak erabiltzen dituzte, bai inbertitzaile gisa, bai tokenizazioaren bidez autentifikaturiko produktuak erosten dituzten kontsumitzaile gisa.
Eragin zabala
Ekonomiaren tokenizazioak, bere onenean gertatzen bada, munduko biztanle gehienari eragingo dio, eta ez soilik inbertitzaileei, baten batek pentsatu dezakeen bezala.
Ekonomia tokenizatu batean, zerbitzu digitalekin transakzioak egiterakoan, datu trukaketa eta mikroordainketa automatiko asko abiaraziko diren eszenatoki bat ikus dezakegu. Esaterako, mugikortasunaren adibideaz baliatuz, irudimen eta gehiegizko dosi jakin bat gehituz, imajina dezakegu autorako erregaia behar dugun bakoitzean ordaindu beharrean, aldez aurretik, kontratu adimentsuen bidez, energia hornitzaileekin baldintza jakin batzuen arabera erosia izango dugu jada urteko energia kantitatea.
Ekonomia tokenizatu batean, zerbitzu digitalekin transakzioak egiterakoan, datu trukaketa eta mikroordainketa automatiko asko abiaraziko diren eszenatoki bat ikus dezakegu
Paraleloki eta bide batez, gure gidatzeko moduaren inguruko datuak salduko dizkiogu, bere ekosistemako hirugarren baten auto aseguru pertsonalizatua ere eskainiko digutelarik, gure ohituren eta gidatzeko moduaren arabera zehazturiko prima batekin. Horren araberakoa izango da gidatzeko ordaindu beharreko udal zergen zenbatekoa, eta horrek saritu egingo gaitu energia-isuriak edo kontsumoa murrizteko edo trafikoa arintzeko bide alternatiboak erabiltzen baditugu. Gure tailer mekaniko/elektronikoari ere informazioa emango dio, azken honek, datuak partekatuko dituelarik gurpil ekoizle handiek produkzio edo hornikuntza maila neurtu dezaten. Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau… ala hogeitalau?