Enpresa ertain eta txikietan 200 milioi euro inbertituko ditu Bidegiñ inbertsio funts berriak
Kutxabankek, Finecok eta Elkargik sortutako inbertsio funtsa aurkeztu dute gaur
Bidegiñ inbertsio funtsa sortu dute Kutxabank, Fineco eta Elkargik. Europako Epe Luzerako Inbertsio Funts bat (FILPE) izango da zehazki, eta datozen bost urteetan, 20 enpresa txiki eta ertainetan 200 milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa du.
Kuxabank, Fineco eta Elkargik gaur azaldu dutenez, enpresa hauen “kapitalean laguntzeko eta mantentzeko proposamenak” epe luzekoak izango dira, “bost eta hamabost urte bitartekoak”, eta “hazkunde aurreikuspena eta zorpetze txikia” duten enpresetan inbertituko dute.
Halaber, partaidetza minoritarioak izango dira, eta hiru milioi eurotik gorako EBITDA duten sektore guztietako enpresetan egingo dituzte inbertsioak. “Inbertitzaile partikularrei diru-iturri egonkor bat ematea” erabaki dute, “enpresa-sarearekin eta enpresariekin hiru hamarkadatik gorako eguneroko harreman leial eta fidelean oinarrituta”.
Inbertsio jaso dezaketen enpresa edo proiektuen artean, honako kasu hauek nabarmendu dituzte: "hazkunde handiko faseak finantzatu dituzten enpresaburuak, baina nazioartekotze prozesuetan, negozio-ildo berrietan eta hazkunde ez-organikoan laguntza behar dutenak, lehiakideetan izandako aldaketengatik urduri dauden eta erreakzionatzeko laguntza eta ezagutza behar duten enpresak, familia-prozesuak, finantzaketa bilatzen duten eta, hala ere, filialak saltzen hasten diren enpresak eta erretirotik gertu dauden enpresaburuak".