Enpresen kreditu berria %6,3 hazi da 2024ko lehen erdian
Berankortasuna egonkor mantendu da urteko lehen hilabeteetan (%4,1), eta 2008az geroztik mailarik baxuenean kokatu da, Confebasken arabera
Confebask patronalaren arabera, enpresen kreditu berria %6,3 hazi da 2024ko lehen erdian, iazko epe berarekin alderatuta. Enpresa txiki eta ertainetan hazi da kreditua nagusiki, izan ere, igoera %9,1ekoa izan da, iazko epe beraren aldean, eta hirugarren urtez segidan egin du goraka. Guztira, kreditu berria 353.801 milioi eurokoa izan da 2024ko urtarriletik maiatzera bitartean, enpresa ertain eta txikietan 197.921 milioi eurokoa eta handietan 155.879 milioi eurokoa.
Enpresa handietan ere kreditu berria hazi egin da (%3), baina iazko datuekin erkatuta aldea nabaria da, iaz -%18,7 jaitsi baitzen.
Kredituaren kostuari dagokionez, Espainiako estatuko enpresa txiki eta ertainenak zertxobait egin zuen gora maiatzean, %4,96an kokatuz. Dena den, Europako enpresa txiki eta ertainek ordaintzen dutenaren azpitik jarraitzen du (%5,36).
Enpresa handiek %5,02 ordaintzen dute kreditua, 2008ko uztailetik balio altuenetan dagoelarik. Gainera, Europako batez bestekoa (%4,99) baino altuagoa da Espainiakoa.
Era berean, enpresen berankortasuna egonkor mantendu da urteko lehen hilabeteetan, %4,1ean hain zuzen, 2023ko epe bereko maila berean, eta 2008az geroztik mailarik baxuenean.