Shanghaiko akzioek %25 egin dute gora azken egunetan | Argazkia: iStock

FINANTZAK

Etorkizunak ez du pista gehiegirik eskaintzen…

Inork ez ditu gogoko aurreko eguneko egunkariak: 24 ordu igaro ostean ez dute ezertarako balio barazkiak biltzeko ez bada. Hurrengo eguneko egunkariak ere ez dira askoz ere baliagarriak akzio merkatuetan jarduteko. Epe laburrean "biharko" berriak aurretik jakiteak ez du dirua irabaztea bermatzen

Victor Haghanik eta James Whitek egindako ikerketaren emaitzen arabera, aurretik gertatuko denaren aurreikuspena izanda ere, akzio eta bonoen noranzkoa kasu erdietan baino apur bat gehiagotan asmatuko litzateke soilik. Emaitza onak izateko erabakiorragoa da neurri egokiko apustuak egitea gertaera ekonomikoen aurreikuspena izatea baino. Bestelakoa litzateke berri ekonomikoak aurretik jakin beharrean aktibo ezberdinen presioen noranzkoa ezagunak balira: emaitzak infinituak lirateke. Mundu errealean dirua irabazteko norberaren mugen kontzientzia izan behar da eta ziurtasunik ez dagoenean apustu txikiagoak egin…

Adibidez…interes tasen jaitsiera

Erreserba Federalaren 50 oinarrizko puntuko tasen jaitsiera pozik hartu zuten merkatuek. Horren ondorioz, AEB, Japonia eta Europako indize nagusiek maximo historikoak markatu dituzte azken bi asteetan. Orain, etorkizunera begira, ebazteko dagoen galdera hau da: zein da interes tasa “neutrala”? Interes tasa neutraltzat jotzen da tasa hura non moneta politikak ez duen ekonomiaren hazkundea ez sutatzen ez itotzen; banku zentralen guraria denbora gehienean tasak maila “neutral” horretan mantentzea izango litzateke. “Akzioen arrisku saria” kontzeptua bezala, existitu existitzen den baina benetako momentuan ezezaguna den kontzeptua da “interes tasa neutrala”.

Kapitalen eskaera eta eskaintzan hainbat aldagaiek (epe luzekoak) dute eragina. Esaterako, produktibitate altuagoak interes tasa neutrala altuagoa izatea eragingo du ekonomia gainberotu gabe arinago has daitekeelako. Inflazioa igoko denaren usteak ere interes tasa neutrala altxatuko du. Kontzeptualki demografiak ere bere eragina du: zenbat eta bizi iraupen altuagoa izan orduan eta luzaroagoan aurreztuko du jendeak eta honek kapital eskaintza handitzen duen moduan, tasa neutrala jaitsiko luke. Ugalkortasun baxuagoak hipoteken eskaria gutxitu eta kapital eskaria ere baxuagoa izango litzatekeen heinean, tasa neutrala maila berean murriztuko luke.

Zenbat eta bizi iraupen altuagoa izan orduan eta luzaroagoan aurreztuko du jendeak eta honek kapital eskaintza handitzen duen moduan, tasa neutrala jaitsiko luke

2008ko finantzen krisi globalak interes tasa neutral hau ondoratu egin zuen; eztabaida egon daiteke azken bi hamarkadetan tasak hain behean mantentzea egokia izan den edo ez, baina krisiak tasa neutrala beherantz bultzatu zuela ez da eztabaidatzerik. Desadostasuna etorkizuneko interes tasa neutralean legoke. AEBeko kasuan, bai merkatua eta bai Erreserba Federala bat datoz 2027rako %3a baino zerbait azpitik izango dela. Merkatuek Erreserba Federalak baino urte bete lehenago helduko dela uste dute, baina biak bat datoz noranzkoan eta helmugan. Europar Batasunaren (EB) kasuan, Draghik zuzendu duen informea aintzakotzat hartuz, arazoetariko bat produktibitatea da; EBeko langileriaren produktibitatea AEBekoarekin alderatuz, 1890. mailara jaitsi da (%80 azpitik). Tasa Neutrala AEBekoaren azpitik izango dela segurua da.

Konplexutasun ekonomikoa

Harvard Kennedy Schooleko The Growth Labek (hazkundearen laborategiak) Atlas of Economic Complexity 10.0 publikatu zuen aurreko astean. Bere oinarrizko teoria: hazkundea gidatzen duena konplexutasun ekonomikoa da. Zelan neurtzen da herri baten konplexutasun ekonomikoa? Herri baten negozio ezberdinen maila eta negozio horien artean garatzen diren gaitasunak/trebetasunak trasmititzeko/trukatzeko duten erraztasuna neurtuz. Adibidez: meatzaritzan garatzen diren gaitasunak ez doaz urrun; langileak elementu elektronikoen muntaian trebatuz beste edozein negoziotan erabili daitezken gaitasunak garatzen dira. Herri baten hazkundea zenbat eta konplexuagoa izan, gerta daitezken shock egoerak hobeto gainditu eta hazkunderako hobeto prestatua egongo da. Bestalde, ekonomia bat konplexuagoa izateak ez du esan nahi herri horretako akzioak errentagarriagoak izango direnik; Japonia izan da munduko ekonomiarik konplexuena, eta horrek ez du suposatu bertako akzioak hobeto aritu direnik. Ondorengo koadroan azaltzen dira munduko ekonomiarik konplexuenak, baita azken hamarkadan rankingean izan duten bilakaera.

Txinaren urrezko astea

Azken asteetan (irailaren 24an hasita) Shanghaiko akzioek %25 egin dute gora, eta munduko inbestitzaileek Txinako Alderdi Komunistan konfiantza jarri dute bat-batean. Irailaren 26an Xi Jinping presidentea buru duen Politburoak moneta politika pizgarriak handituko zituela baieztatu zuen; egun bat beranduago Txinako Banku Popularrak banketxeak mantendu behar dituzten beharrezko gordailuen kopurua jaitsiko zituela jakinarazi zuen. Adierazpen hauek guztiak Txinako mugetatik kanpo ere eragina izan dute, eta, Estatu Batuetakoetan izan ezik, munduko beste akzioetan ere eragin (positiboa) izan dute. Aipatzekoa da Europako luxuzko konpainien akzioetan izan duten zuzeneko inpaktua (akzio hauek Txinako aberats berriekin dute harreman estua); akzioek hainbat urteetako egunik onena izan dute. Politburoaren iragarpenak Europako luxuzko marka handiak sustatzeak badu bere kontraesana. Izan ere, eta kronologikoki gertatutakoa azalduz, Txinako Banku Popularrak, irailaren 24an, diru politikaren garapena argitaratu zuenean, ekonomista eta analisten lehen erreakzioa apala izan zen; neurri hau txikiegia eta beranduegi zetorrela esan zuten. Asteazkeneko Politburoaren esku-hartzeak egin zuen benetako eta funtsezko aldaketa merkatuen erreakzioaren arabera; akzio merkatua sustatu eta etxebizitzen merkatuaren gainbeherari "zorua" jarriko ziola azpimarratu zuen.

Irailaren 26an Xi Jinping presidentea buru duen 'Politburo'ak moneta politika pizgarriak handituko zituela baieztatu zuen

Munduko estatu komunista handienak neurri keynesiarrak martxan jartzeko eta ongizate estatuan sakontzeko ahaleginetan tinko jarraituko duelaren adierazpenak mundu mailako kapital erakundeak sutu ditu.

Baina Txinako higiezinen sektoreak suposatzen duen finantza arriskua ekiditea eta likidezia suspertzeak mundu mailako aktiboen presioak altxatzeko balio izan duen arren, gehiegizko gaitasunaren gaitza sufritzen duen (eta ez soilik burdingintza sektore industrialean) ekonomia txinatarra sendatzeko neurri nahikoak diren zalantza asko daude.