Argazkia: iStock

FINANTZAK

Euriborra, gora berriz ere

Urria geroztik bigarrenez igo da tasa aldakorreko hipoteken erreferentzia

Eguneroko hiztegian barneratu dugun hitza da Euriborra. Zer den zehazki argi ez badugu ere, hainbat eta hainbat lagunek badakite bere bilakaerak patriketan nabarmen eragiten duela. Euro Interbank Offered Rate definizioaren laburdura da Euriborra, euroguneko bankuek elkarri dirua mailegatzen dioten tasa. Egunero bankuek euren artean egiten dituzten mailegu eragiketetan negoziatzen duten tasen batezbesteko haztatua da, horretarako banku nagusienen jarduna aintzat hartzen delarik. Bankuek tasa horretan uzten diote elkarri dirua eta, hortaz, bezeroei maileguak emateko orduan hori da hartzen duten erreferentzia.

Epemuga desberdinetako euribor tasak negoziatzen dira egunero: astebetera, hilabetera, hiru hilera, sei hilera eta urtebetera. Horiek dira, hain zuzen ere, bankuekin sinatutako maileguetan hartzen diren erreferentziak. Enpresek urtebete eta sei hileko euriborreko erreferentziak dituzten eragiketak sinatzen dituzte nagusiki eta baita, hein txikiagoan, hiru hilekoak ere. Partikularrentzako maileguetan urtebeterako euriborra hartzen da aintzat, baina baita sei hilabetekoa ere. Euriborra egunero negoziatzen da, eta hilaren bukaeran hilabetearen batezbestekoa kalkulatzen da. Bi erreferentzia horiek, egunerokoa zein batezbestekoa, dira tasa aldakorreko maileguen berrikusketan egiten direnak. Gaur egun eguneroko datua erabiltzen bada maizago, lehen hilabete osoko batezbestekoan oinarritzen ziren. Horregatik hedabideok batezbestekoaren datuari begira jartzen gara hilabete bukaeran, nahiz eta kasu askotan maileguak eguneroko datuari lotuta egon.

Enpresek urtebete eta sei hileko euriborreko erreferentziak dituzten eragiketak sinatzen dituzte nagusiki eta baita, hein txikiagoan, hiru hilekoak ere

Euriborrak 2008ko uztailean jo zuen goia, % 5,393ra helduta. Minimoa, aldiz, % -0,505ekoa izan zen, 2021eko urtarrilean. Deflazio egoeran zegoen Europako ekonomia garai horretan, eta ekonomia geldotzeko arriskua handia zen. Europako Banku Zentralak diruaren prezioa jaistea erabaki zuen. Gerora inflazioaren hazkundea etorri zen, eta mundu osoko banku zentral nagusiek, EBZk barne, goranzko lasterketari ekin zioten. Igoeren joera hori 2023ko urrira heldu zen, hilabeteko batezbestekoa % 4,16ra helduta. Azaroaren hasieran igotzen jarraitu bazuen ere, segituan ekin zion behera eta hilabetea % 4,022an bukatu zuen. Abenduan eta urtarrilean ere jaitsi egin zen (% 3,679 eta % 3,609) baina otsailean joera hautsi egin zen eta % 3,671era igo zen.

Martxoan urtebeterako euriborrak bilakaera hegazkorra izan du. % 3,744ean hasi bazen ere, % 3,701ra jaitsi zen 14ean. Bost egun beranduago % 3,756ra heldu zen eta atzo %3,684ean bukatu zen. Gauzak horrela, martxoa bukatzeko egun gutxi falta direla, martxoaren batezbestekoa %3,720 da. Hortaz, aldaketa handirik ezean,  bigarren hilabetez egingo du gora urtebeteko euriborraren batezbestekoak. Gauzak horrela, hipoteka mailegua sei hilerik behin berrikusten dutenei hipotekaren kuota zertxobait arinduko zaie, irailean urtebeterako euriborraren batezbestekoa % 4,149an bukatu zelarik. Maileguaren kuota urtean behin berrikusten dutenentzat, ordea, albiste onik ez. 2023ko martxoan Euriborra % 3,647ean bukatu zen eta, beraz, kuota igo egingo zaie.

Apirilean bi hitzordu nagusi

Euriborra espektatibetan oinarritzen den merkatua da, etor litezkeen igoera eta jaitsierari aurre hartzen saiatzen dena. Europako Banku Zentralak, bere moneta politikaren bitartez, diruaren prezio ofiziala ezartzen du, inflazioaren bilakaeraren arabera. Prezioak kontrolatzea du EBZk helburu nagusi. Inflazioa asko igotzen denean diruaren prezioa garestitu egiten du, kontsumoa uzkurtzeko, prezioen jaitsiera eraginez. Ekonomiaren bilakaera da Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak zorrotz aztertzen duen beste aldagaia. Hala, EBZko buruak argi esan zuen “tasak igoko zituela inflazioa menderatzeko, ekonomiak eutsi bitartean”. Irailean igo zituen tasak EBZk azken aldiz, % 4,50era. Urriko batzarrean tasak ez ukitzea erabaki zuen.

Europako Banku Zentralak, bere moneta politikaren bitartez, diruaren prezio ofiziala ezartzen du, inflazioaren bilakaeraren arabera. Prezioak kontrolatzea du EBZk helburu nagusi

Harrezkeroztik merkatuak xehe aztertu ditu bai ekonomiaren bilakaera, bai EBZko kideen adierazpenak, tasak jaisten noiz hasiko den aurreikusteko. Baikortasuna izan zen merkatuaren lehen jarrera, Lagarde tasak martxotik aurrera lausotzen hasiko zelakoan, eta horrek euriborrean isla izan zuen. Baikortasun hori laster okertu zen, eta lehen jaitsierarako oraindik itxaron beharko zela ohartu ziren merkatu analistak. Euriborrak berriz egin zuen gora. EBZren azken adierazpenek, jaitsierak gutxika helduko zirela argitu zuten. Ekainean etor likete lehen jaitsiera, baina hurrengorako luze itxaron beharko dugu. Beste modu batean esanda, tasak ez dira jaitsiko igo ziren abiadura berean. Martxoaren 7an izan zen EBZren bilera, eta Lagardek inflazioa murriztu dela onartu bazuen ere “oraindik inflaziorako presio sendoak” daudela gaineratu zuen, “soldaten hazkundeagatik”. 2024rako aurreikuspenak ere egokitu zituen Frankfurteko erakundeak, euroguneko batezbesteko inflazioa % 2,3ra murriztuz, abenduko estimazioan baino lau hamarren baxuago eta EBZren % 2ko helburutik gertu.

Hurrengo mugimenduen nondik norakoak apirileko bi hitzordu nagusira itxaron beharko dugu. Apirilaren 2an ezagutuko dugu behin behineko inflazioaren datua. Prezioen portaera onak aurreratu lezake tasen inguruko erabakia. Bigarren hitzordua apirilaren 11an izango da. Egun horretan EBZ berriro bilduko da moneta politikaren inguruko erabakiak hartzeko. Ez da espero egun horretan Lagardek tasak jaistea, baina adi aztertu beharko dira bere hitzak. Maisua da Lagarde lerro artean hitz egiten, eta xehe aztertu beharko dugu tasen jaitsieraren data eta intentsitatearen inguruko mezurik igarri daiteke bere hitzetan.