Argazkia: iStock

FINANTZAK

Euriborrak 2,43an itxiko du urtea

2025ean etxebizitzen salerosketen zein alokairuen prezioek gorantz jarraitzea aurreikusi da

2023ko abendua %3,679arekin itxi zuen euriborrak. Udazkenean goia jo ostean, beheranzko bideari ekin zion. Bide horri eutsi dio geroztik, eta, hala, 2024 %2,435an itxiko du. Hipoteka errenta aldakorrean izan eta urtarrilean berritu behar dutenentzat, beraz, albiste onak dira, baita hipoteka berria eskatu nahi dutenentzat ere. Hala ere, hipoteka bankuz aldatzeko ordaindu beharreko komisioak itzuliko dira 2025ean, Espainiako gobernuak 2022an indargabetu zituenak.

Etxebizitzaren auziak 2025ean protagonista izaten jarraituko duela dirudi. Izan ere, euriborrak behera egiten jarraituta ere, etxebizitzen salerosketen prezioan %6ko hazkundea aurreikusten da datorren urtean, eta %9koa alokairuetan. Aipatzekoa da Tinsak atzo kaleratutako txostenak jasotzen denez, metro koadroa Hegoaldeko lurralde guztietan igo dela 2024ko 4. hiruhilekoan urte arteko tasari erreparatuz gero: Gipuzkoan %4 hazi da, 2.564 euroan kokatzeraino; Araban hazkundea %2,7koa izan da, 2.088 euroraino; Bizkaian %2,2, 2.453 euroraino; %0,4 Nafarroan, 1.709 euroraino. 

Hiriburuei erreparatuta, Donostian metro koadroa 4.412 euroan dago, Bilbon 2.831 euroan, Gasteizen 2.274 euroan eta Iruñean 2.251 euroan.