Euro digitalaren zer, nori, nork, zergatik
Ondo bidean 2026tik aurrera iritsiko da euro digitala. Baina zergatik? Zer da zehazki eta zein ibilbide egin du?
Dirua beharrezkoa da ekonomian, hiru funtzio nagusi betetzen baititu. Batetik, trukaketarako balio du, transakzio batean bi alderdiek onarturiko trukaketarako bidezkoa izanik. Horrek erosketa eta salmenta prozesuak ahalbideratu, erraztu eta azkartzen ditu. Ezaugarri horrek egiten du posible sagarrak diru-truk erostea eta ez zertan udareengatik aldatu.
Bestetik, diruak balio neurri funtzioa betetzen du. Horrela, gauzen balioa adierazten laguntzen du, estandar komun izanik, askotariko produktuen balioa aztertu eta alderatzea zilegi egiten duelarik. Kontabilitatea eta erabaki ekonomikoak hartzeko, diruak prezio unitate bakar batean adierazten laguntzen du hortaz. Balioa eta prezioa kontzeptu ezberdinak badira ere, erlazio zuzena dutenez, diruaren neurri funtzioak gauzen balioa neurtzen laguntzen digu. Etxe, auto ala autobus bidai batek zenbat balio duen neurtzen du.
Azkenik, diruak balioa gordetzeko funtzioa ere badu, etorkizunean erabili ahal izateko. Sagarrak usteldu eta ondorioz balioa galtzearekin alderaturik, dirua ez da usteltzen. Inflazioaren bitartez balioa galdu dezake, baina tira, horrek beste artikulu batetarako emango luke eta hemen ez dut kontu hori jorratuko. Jarraituz hortaz, diruak balioa denboran zehar gorde ahal izatea ahalbideratzen duenez, inbertitzeko ala etorkizuneko ezbeharrei aurre egin ahal izateko gordailu izatearen funtzioa ere betetzen du.
Dirua al da hortaz, adibidez, Bitcoin? Trukerako balio du kasu batzuetan, gorde daiteke, baina momentuz, duen balio ezegonkorrak ez dio truke neurri egokiaren ezaugarria eskaintzen. Eta dirua izango al da hortaz, euro digitala? Antza, bai. Azter ditzagun, bada, diru motak hobeki erantzuteko.
Nola sailkatzen da dirua
Lehenik eta behin, hainbat diru mota daudela gogoraraztea garrantzitsua da. Ez soilik lurraldearen dibisen bereizketa eginez, Estatu Batuetako dolarra eta Europako euroa alderatuz adibidez, baizik eta ezaugarri eta erabilgarritasun ikuspegitik.
Oso ongi ikuskatzen dira diru ezberdintasun horiek BIS Banking International Settlementen Ordainketa eta Merkatu azpiegituren batzordean, banku zentralen diru digitalaren inguruko 2018ko urriko argitarapenean. Bertan, laburbilduz, dirua lau ezaugarrien arabera sailkatzen du; jaulkitzailea, banku zentrala ala beste jaulkitzaileak bereiziaz; forma, digitala ala fisikoa bereiziaz; irisgarritasuna, zabala edo mugatua bereiziaz; eta teknologia, token edo kontuetan oinarrituta dagoen bereiziaz.
Dirua lau ezaugarrien arabera sailkatzen du; jaulkitzailea, banku zentrala ala beste jaulkitzaileak bereiziaz; forma, digitala ala fisikoa bereiziaz; irisgarritasuna, zabala edo mugatua bereiziaz; eta teknologia, token edo kontuetan oinarrituta dagoen bereiziaz
Kartera fisikotan gordetzen ditugun billetea eta txanponak, eskudirua, alegia, banku zentralek jaulkiturikoa da, forma fisikoa du, irisgarritasun zabalekoa da eta token ala fitxa teknologian oinarritua da, hau da, fitxa moduan ordezkatzen da. Beste aldean, Bitcoinen kasuan adibidez, jaulkipena ez dagokio banku zentral bati, formatu digitala du, irisgarritasun zabalekoa da eta token teknologian dago oinarritua. Horrela, euro digitalari buruz ari garenean, garrantzitsua da islatzea, banku zentralak jaulkiturikoa, digitala, irisgarritasun zabalekoa eta token moduan jaulkitakoari buruz ari garela. Hain zuzen ere, kartera fisikoan dugun eskudirua bezala, baina formatu digitala duena. Lehen hausnarketa batetan antzeman daiteke aro digitalean eskudiru digital beharra dagoela, baina akaso horrek soilik ez du euro digitalaren proiektua justifikatzen.
Dena dela, garrantzitsua da ulertzea euro digitalak, dolar digitalak ala Yuan digitalak lau ezaugarri berdin hauek izanagatik, nahiz eta jaulkitzailea kasu bakoitzean banku zentral ezberdina izan, CBDC Central Bank Digital Currency, ala banku zentralen diru digital moduan ezagutzen den taldean koka ditzakegula. Egun CBDCen beharra dago aztergai hortaz, ekonomian duen lekua eta ekarpenaren inguruan zalantzak eta kezkak egotean gain, hainbat iritzi dira eta.
Zergatik CBDC
2019ko ekainaren 18an Facebookek Libra proiektua aurkeztu zuen, bere 2.000 miloi erabiltzaileei diru mota berri bat eskaini asmoz. Txanpon digital berri bat sortzeko borondatea azaldu zuen Facebookek, prezio finkoa, mundu mailako erabilgarritasuna eta Facebook inguruan sorturiko enpresa talde batek kontrolaturikoa. Txanpon berri horren balioa ziurtatzeko, Facebookek agindu zuen Ipar Ameriketako dolarra, Europako euroa eta Japoniako yen kopuru bat gordeko zuela, erabiltzaileak Libra txanpon berria edozein momentutan txanpon horiengatik aldatu ahal izateko aukera eskainiaz.
Libra proiektuak ikaragarrizko kezka eta zirrara sortu zuen mundu mailako sistema finantzarioan. Erreserba federalak, Europako Banku Zentralak eta gainontzeko erakunde monetario nagusiek euren eskuetan zituzten baliabide guziak jarri zituzten ekimen hori geldiarazteko. Izan ere, sistema finantzarioaren oreka hankaz gora jarri zezakeen proiektuak. Gogora dezagun banku zentralen helburu nagusia dela sistema finantzarioari oreka eskaintzea, eta horretarako, funtzio eta baliabide zehatz batzuk dituztela eskura, besteak beste, politika monetarioa kudeatzea (diru emaria eta interes tasa kontrolatuz), banketxe komertzialen bankua izatea, dibisa merkatuetan eskuhartzea, diruaren jaulkipena eta kudeatzea, sistema finantzarioaren ikuskaritza eta krisi garaietako eskuhartzea.
Libra proiektu horri erantzuna emateko, eta kriptodirua eta bereziki kriptodiru egonkorrak (stablecoinak) gizartean izaten ari diren bilakaera medio, banku zentral ia gehienak CBDC inguruko hainbat proiektu sortzen hasi ziren munduan zehar
Libra proiektu horri erantzuna emateko, eta kriptodirua eta bereziki kriptodiru egonkorrak (stablecoinak) gizartean izaten ari diren bilakaera medio, banku zentral ia gehienak CBDC inguruko hainbat proiektu sortzen hasi ziren munduan zehar. Alegia, gizarte digital batean, diru pribatu digitalari (Facebooken Libra adibidez) aurre egiteko diru publiko digitala sortzeko asmoz.
Txina aurreratuena CBCDn
Txina da egun, ekonomia nagusien artean, CBDC proiektu aurreraturena duen estatua, fase pilotuan dagoena alegia. Yuan digitalak duen ezaugarri bitxiena da programagarritasuna. Digitala izanik, baldintzak jarri dizkio txinatar estatuak diru horri, adibidez, garraio berdean bakarrik erabili ahal izatea, ala iraungitzen den dirua izatea besteak beste. Ezaugarri horiek, bereziki txinatar estatuak eskaintzen duen berme demokratiko eskasiak hauspoturik, beldurtu egiten ditu Europako eta ipar Ameriketako biztanle gehienak.
Human Rights Foundationek duen plataformak adierazten duen moduan, 117 banku zentralek jada martxan dute beraien CBDC ekimena
Baina badira beste CBDC proiektu ugari. Human Rights Foundationek duen plataformak adierazten duen moduan, 117 banku zentralek jada martxan dute beraien CBDC ekimena. 10 kasutan proiektuak jada abian dira, 39 herrialdeetan pilotu fasean dira, eta beste 66 herrialdeetan, zein bi elkarte monetariotan (Europan, adibidez) ikerkuntza faseetan ari dira. Kontuan izan proiektu denak CBDC esparruan sartzen badira ere, bakaneko ezaugarri ezberdinak dituztela.
Euro digitala: momentuz proiektu besterik ez
Euro digitala momentuz proiektu bat besterik ez da; hau da, Europako Banku Zentralak, bere benetako jaulkipenaren inguruko erabakia momentuz ez du hartu. Dena dela, haizea aldeko duen proiektua izanik, badirudi 2026tik aurrera errealitate bilakatu ahal izango dela, 2024ko ekainean izango diren europar batasuneko parlamentuko hauteskundeetan sorpresa handirik ez bada behintzat.
Proiektua 2021eko ekainean jarri zen martxan, bi urte iraun dituen ikerkuntza fase batekin, eta orain, 2023ko azaroan, beste bi urte iraungo dituen prestatze fase bati ekin zaio. Prestatze fase horren amaieran erabakiko du Europako Banku Zentralak aurrera jarraitu ala ez.
Haizea aldeko duen proiektua izanik, badirudi 2026tik aurrera errealitate bilakatu ahal izango dela, 2024ko ekainean izango diren europar batasuneko parlamentuko hauteskundeetan sorpresa handirik ez bada behintzat
Era berean, mugarri dezente bete ditu euro digitalaren inguruko proiektuak, tartean ekainaren 28an Europako Batzordeak euro digitalari buruzko lege-pakete bat aurkeztu izana. Jasotzen du: batetik, euro digitala ezartzeari buruzko erregelamendu proposamen bat; bestetik, euro digitalaren banaketari buruzko erregelamendu proposamena; eta azkenik eskudiruaren jarraikortasunari buruzko erregelamendu proposamena.
Noiz eta nola euro digitala?
Euro digitala legezko diru berri bat izango da, hau da, ez du eskudirua ordezkatuko. Hortaz, biztanleek, eskudirua eta euro digitala izan ahal dugu aldi berean, eta kasu bakoitzean erabaki zein erabili nahi dugun. Salbuespen batzuk izango diren arren, oro har euro digitala legez onartua izan beharko da, eskudirua den bezala, komertzio eta administrazioetan.
Euro digitala kopuruz mugatua izango da. Muga oraindik ezarri ez den arren, sektorean susmoa dago 3.000 eurorainokoa izan daitekeela. Biztanle bakoitzak ezartzen den muga baino euro digital gehiago ezingo ditu bildu. Hortaz, 3.000 euro digital ala dena delako muga hori ez gainditzeko, euro digitalak automatikoki euro komertzialetan bilakatuko dira (baketxeetan ditugun euroak alegia). Adibidez 2.000 euro digital dituen bati, norbaitek 2.000 euro digital bidaltzerakoan, 1.000 euro digital, automatikoki, euro komertzialean bilakatuko lirateke, azken saldoa 3.000 euro digital eta 1.000 euro komertzialeko izango delarik.
Euro digitala kopuruz mugatua izango da. Muga oraindik ezarri ez den arren, sektorean susmoa dago 3.000 eurorainokoa izan daitekeela. Biztanle bakoitzak ezartzen den muga baino euro digital gehiago ezingo ditu bildu
Euro digitala edozein momentutan bilakatu ahal izango da eskudiruan ala banketxeetako diru komertzialean, balio berdina izanik kasu guztietan eta eskudiruak bezala, euro digitalak sekula ez omen du interesik sortuko. Gainera, AML (diru garbiketa inguruko araudia), PSD (ordainketa zerbitzuen inguruko araudia) ala mugaz kanpoko ordainketen inguruko araudi esparru pean kokatuko da, eta Europako estatu bakoitzak entitate eskudun bat izendatuko du araudi hauek betearazteko.
Txanpon digital horren banaketa egun Europan dauden ordainketa zerbitzu hornitzaile ala banketxeen esku geratuko da. Hortaz, biztanleek ez dute harreman zuzenik izango Europako Banku Zentralarekin, egun eskudiruarekin gertatzen den bezala. Banatzaileek euro komertziala ala eskudirua euro digitalean eraldatzea ahalbideratu beharko dute, eta baita alderantzizko prozesua bermatu ere, beti ere dohainik izanik biztanleriarentzat. Bankuen bitartez lan egin nahi ez duten biztanleentzat, estatu bakoitzak, konponbide bat eskaini beharko du prozesu horiek ahalbidetzeko. Akaso Correos izango da zerbitzu hori eskainiko duen enpresa. Batek daki.
Txanpon digital horren banaketa egun Europan dauden ordainketa zerbitzu hornitzaile ala banketxeen esku geratuko da. Hortaz, biztanleek ez dute harreman zuzenik izango Europako Banku Zentralarekin
Euro digitalaren inguruko oinarrizko zerbitzuak doakoak izango dira biztanleentzat. Balio erantsia sustatzen duten zerbitzuengatik bai kargatu ahal izango da. Definizioetan dago, ordea, gakoa eta dena dela, tarifa konparagarriak dituzten beste antzeko ordainketa zerbitzuetan erabilitakoak ezingo dituzte gainditu.
Eurogune kanpoan ere erabili ahal izango da txanpon digitala, beti ere baldintza jakin batzuen menpe, eta aldez aurretik, Europako Banku Zentralak eta estatu horien banku zentralek adosturiko baldintzen pean.
Teknikoki, diseinu erabilgarria eskaini beharko du euro digitalak, erabilera anitza izan dezan. Erabiltzaileen zorro digitalak ez dute zertan banketxeetako kontu korronteekin erlazionaturik egon behar, nahiz eta funtzio batzuk ezingo diren bermatu kasu horietan. Era berean online eta offline ordainketak ahalbideratu beharko ditu. Azkenik nabarmendu beharra dago, Txinan gertatzen denarekin alderatuz, euro digitala ez dela programagarria izango, nahiz eta ordainketa baldintzatuak onartu ahal izango diren, adibidez, nomina jasotzerakoan, diru kopuru bat, automatikoki, beste kontu batera bidaltzea.
Teknikoki, diseinu erabilgarria eskaini beharko du euro digitalak, erabilera anitza izan dezan. Erabiltzaileen zorro digitalak ez dute zertan banketxeetako kontu korronteekin erlazionaturik egon behar, nahiz eta funtzio batzuk ezingo diren bermatu kasu horietan
Euro digitala zorro digitalen bitartez erabiliko dira, bereziki mugikorreko app bitartez. Zorro digitala banketxeek, ordainketa zerbitzu hornitzaileek ala Europako Banku Zentralak berak esleituriko aplikazioak izango dira. Zalantzan dago biztanle bakoitzak zorro bat ala gehiago izan ahalko duen. Besteak beste, ondorio nabariak ditu erabaki bat ala beste hartzeak. Izan ere, banketxe eta bigtech (Apple, Google…) dena delakoen arteko konpetentzian eragin nabaria izango du.
Datuen babesa eta pribatutasunaren inguruan, enkriptazioa eta pseudoanonimatasunari buruz ñabardura zuzenak ezartzen ditu euro digital inguruko lege paketeak, prozesaturiko datu pertsonalak erabiltzerako orduan pribatutasuna mantentzeko neurriak ezarri beharko baitira. Europako Banku Zentralak zein estatuetako banku zentralek ezingo dute erabiltzaile jakin batek egindako erabilpena ezagutu; bai ordea banketxe eta ordainketa zerbitzu hornitzaileek, egun bankuetako diru komertzialekin gertatzen den moduan. Kezka puntu nabaria da hori eskudiruak berak eskaintzen duen anonimotasunarekin alderatuz.
Datuen babesa eta pribatutasunaren inguruan, enkriptazioa eta pseudoanonimatasunari buruz ñabardura zuzenak ezartzen ditu euro digital inguruko lege paketeak, prozesaturiko datu pertsonalak erabiltzerako orduan pribatutasuna mantentzeko neurriak ezarri beharko baitira
Erabilpen kasuen inguruan, esparru zabala jorratu nahi du euro digitalak, pertsonen arteko ordainketa zuzenak egiteko, denda fisikotan ordaintzeko, komertzio elektronikoan ordaintzeko zein administrazioarekin monetarioki erlazionatzeko, isunak ordaintzeko adibidez. Martxan jartzea ordea, akaso faseatu egingo da denboran.
Ondorioak ekonomia, biztanle eta enpresentzat
Euro digitalak ekarriko duen onuraren inguruko eztabaida pil-pilean da. Aldekoek pentsatzen dute guztiz beharrezkoa dela subiranotasun monetarioa babesteko, diru publiko digital bat bermatzeko, aro digitalari aurre egiteko eta Visa eta Mastercard bezalako monopolioen dugun menpekotasuna mugatzeko. Kontrakoek pribatasun eza eta kontrol areagotzea ekarriko duelakoan daude bereziki, eskudirua lekuz kanpo utziko duela ala monopolio berri bat sortuko duenaren beldur dira, Google ala Apple bezalako enpresek zorro erakargarriak sortu ahal izango dituztelako, euren datu analitika ahalmen handiaren menpe utziaz gizartea.
Ikuspegi ekonomikotik ere, eragin zuzena izan dezake, edukitze kopuru mugak eta zehazteke dauden azken erabakiak egokiak ez badira, finantzaketan eta ondorioz ekonomiaren egonkortasun eta hazkundean ere eragina isla daitekelarik. Enpresen munduan, itxuraz txikizkako euro digitalak eragin zuzen txikiagoa izango du, biztanlegoan izan dezakeen eraginarekin alderatuz. Akaso handizkako euro digitalak (Wholesale-CDBC) izango luke eragin nabariagoa, baina hori beste kontu bat da.
Aldekoek pentsatzen dute guztiz beharrezkoa dela subiranotasun monetarioa babesteko, diru publiko digital bat bermatzeko, aro digitalari aurre egiteko eta Visa eta Mastercard bezalako monopolioen dugun menpekotasuna mugatzeko. Kontrakoek pribatasun eza eta kontrol areagotzea ekarriko duelakoan daude
Mundu mailan eraldaketa ikuskatzen da diru digitalaren esparruan. Datorren hamarraldian, egun erabiltzen dugun diru motez gain, hau da eskudirua eta banketxeetako diru komertzialaz gain, diru digital mota berri ezberdinak sortuko dira, besteak beste, CBDC, kriptodiru egonkorrak eta banku-gordailu tokenizatuak, eta segur aski elkar lehiatzeaz gain, eskaintza osagarri bat osatuko dute denek elkarrekin. Denborak esango du zein diru mota erabiliko dugun momentu eta kasu bakoitzean. Zaudete erne!
Zita
? ? txin-txin, txin-txin diruaren hotsa, haretxek ematen_“zidan” maitia, bihotzea poza…. ? ?