Europako Banku Zentralaren egoitza nagusia Frankfurten (Alemania) | Argazkia: iStock

FINANTZAK

Europako Banku Zentrala, 25 urteko ibilbidea

Euroguneko moneta politika zuzentzen duen erakundeak azken hamarkadako garairik lanpetuenean bete du bere mende laurdena

Europako Banku Zentralak (EBZ) ospakizun eguna du gaurkoa, 25 urte betetzen baititu. Mende laurdena bi zatitan banatuz gero, lehen aldia atsegina eta sendoa izan dela esan genezake, eta bigarren aldia, berriz, zenbait gorabeherek markatua, zorraren krisia, Brexita, COVID-19aren pandemia eta kontrolik gabeko inflazioa izan baititu erronka nagusi. Euroguneko diru politika zuzentzen duen erakundeak ekitaldia egingo du Frankfurten (Alemania) duen egoitza nagusian, eta bertan izango dira euroguneko herrialdeetako gobernuen ordezkariak ere. Urteurrena, hain justu ere, erakundeak erronka kritiko bati aurre egin beharreko unean iritsi da: ekonomia ito gabe prezioei eutsi behar zaien unean.

Atzera eginez, Europako Banku Zentrala sortzeko ideia 1970eko hamarkadan proposatu bazen ere, lehen urratsa Ekonomia eta Diru Batasuna ezartzeko 1988an hartutako erabakia izan zen, Europan kapitalen mugimendu askea, moneta agintaritza amankomuna, eta euroguneko herrialdeetan moneta politika bakarra ezartzea helburu zuena. Hala ere, 1992ko Maastricheko Itunera arte ez ziren ezarri Europako Banku Zentralaren oinarriak, orduantxe sortu baitzen Europar Batasuna, eta orduantxe jarri baitziren moneta sortzeko baldintzak ere.

Europako Banku Zentrala 1998an sortu zen ofizialki, hamaika herrialdetako eurorako trantsizioa gidatzeko

Europako Banku Zentrala 1998an sortu zen ofizialki, hamaika herrialdetako (Alemania, Austria, Belgika, Espainia, Frantzia, Finlandia, Herbehereak, Irlanda, Italia, Luxenburgo, eta Portugal) eurorako trantsizioa gidatzeko. Euroa 1999an sartu zen zirkulazioan, eta egun, Europar Batasuneko 27 estatu kideetako 20 herrialdetan dago erabilgarri. EBZren arabera, 346 milioi pertsonatik gorak erabiltzen du moneta hori eskudirutan ordaintzeko. Halaber, euroaren billeteak eta txanponak integrazio europarraren sinbolo bilakatu dira.

Garai sendotik finantza krisira

EBZ sorrerarekin batera, Paris eta Berlinen arteko itunaren ondorioz, Wim Duisenberg nederlandarra izendatu zuten erakundeko lehen presidente. Hala ere, kargu hori agintaldiaren erdian utzi behar izan zuen, 2003an, Frantziaren eta Alemaniaren arteko tirabiren ondorioz. Frantziak Jean-Claude Trichet ekonomialari presidentziarako bidea eman zion, hautagai frantses bat izateko zituen asmoak asebetez. Alemania ez zen inoiz Tricheten oso aldekoa izan, Frantziako banketxe baten porrotarekin zerikusia izan zuelakoan epaitua izan baitzen. Hala ere, Banku Zentraleko presidente izatea lortu zuen 2003tik 2011ra arte.

Tricheten agintaldian iritsi zen 2008an hasitako finantza krisi globala, eta kritika ugari jaso zituen, krisia ate joka zela interes tasak igotzeko hautua egin zuelako

Hain zuzen ere, Tricheten agintaldian iritsi zen 2008an hasitako finantza krisi globala, eta kritika ugari jaso zituen garai hartako presidenteak, krisia ate joka zela interes tasak igotzeko hautua egin zuelako. Atzeraldi Handiak eragin handia izan zuen eurogunean, hainbat estatu kidek krisiaren ondorioz zituzten zorrak zirela eta. Europako Bankuak zeregin erabakigarria izan zuen krisia kudeatzerako garaian, eta zenbait neurri ezarri zituen, tartean, interes tasak berriro murriztea, arintze kuantitatiboa, edota likidezia xedapenak. Baina, kritikak ere jaso zituen. Alemaniak Atzeraldi Handiaren ondoren sortzen ari zen zorraren krisiaren aurrean ekintza eza egotzi zion, eta prezioen egonkortasunean gehiegi zentratu eta euroguneko herrialde arazotsuenetako hazkunde ekonomikoan laguntzeko nahikoa egin ez izana ere leporatu zioten.

Mario Draghi: “Europako Banku Zentrala prest dago euroa babesteko behar den guztia egiteko. Eta sinetsidazue, nahikoa izango da”

Hala, 2011n, Tricheten agintaldia amaituta, akordio berri eta oso negoziatu batek Mario Draghi italiarra jarri zuen EBZeko presidente. Hasieratik euroaren aldeko politika sendoa hartu zuen, garai hartan hedatuta zegoen ziurgabetasun egoeraren erdian. Zorra erosteko politikak abiarazi zituen, hegoaldeko ekonomiek krisiari aurre egiteko aukera izan zezaten. Bere hedapen monetarioko politikak 2012ko esaldi ospetsuan laburbiltzen dira: “Europako Banku Zentrala prest dago euroa babesteko behar den guztia egiteko. Eta sinetsidazue, nahikoa izango da”. Arazo gehien zituzten herrialdeen zorraren erosketa masiboak Espainia, Italia eta Frantzia bezalako herrialdeei lagundu zien. Bien bitartean, Frantziak Europan zuen posizioa ahuldu egin zen eta Alemaniak bere eragin ekonomikoa areagotu zuen.

Erronka berriak

2019an, Christine Lagarde frantsesa izan zen Draghiren oinordekoa, EBZeko lehen emakumezko presidentea. Kargua hartu zuenetik ziurgabetasun handiko egoerei aurre egitea egokitu zaio. Brexitaren ostean, pandemiak sortutako krisiari aurre egin behar izan zion, azken urteetan izandako gainbeherarik handienari. Horren ostean iritsi da inflazioa. Prezioek nabarmen egin dute gora azken urtean, eta energiaren eta elikagaien kostuen igoerak are gehiago areagotu du kezka. Interes tasak %0tik %3,75era igo ditu EBZk hamar hilabetean. Igoera horien ondorioz, Lagarde Trichetekin konparatu izan da behin baino gehiagotan.

Interes tasak %0tik %3,75era igo ditu EBZk hamar hilabetean

25 urte bete berritan, argi dago Europako Banku Zentralak eragin handia izan duela urteotan Europar Batasunean zein mundu mailako ekonomian. Bere historia arrakasta zein porrot handiek markatu badute ere, unean uneko egoerara egokitzen jarraitzen du errealitate ekonomiko eta politiko berriei ahalik eta hobekien erantzuteko betebeharrarekin. Eta zein da EBZren hurrengo erronka? Inflazioa oraingo %7tik %2ra jaistea. Zertxobait falta zaio oraindik.