DeFi-ren sorrera Bitcoin-ekin abiatu zen, 2009an | Argazkia: iStock

FINANTZAK

Finantza Deszentralizatuak (DeFi) eta konfiantza

Deszentralizatuta gauzatzen den finantza-ekintza da DeFi, eta bere arrakastarako gakoa konfiantzan datza. Modulu, aplikazio eta plataforma deszentralizatuen inguruan antolatzen da ekosistema, finantza zerbitzu ugari eskaintzen dituelarik

DeFi finantzak egiteko modu berri bat da. Izenak adierazten duen bezala, berrikuntza nagusia finantza-ekintza, DeFi-n, deszentralizaturik gauzatzen dela da, hau da, banku edo instituzio finantzario bezalako finantza bitartekaririk gabe. Hortaz, DeFi-n inbertsioak egin, maileguak eskatu, ordainketak abiatu, aseguruak kontratatu eta ohiko finantza bitartekariek egiten duten edozein motatako finantza-transakzio gauzatu daitezke, betiere bitartekaririk gabe. DeFi, bitartekaririk gabeko ekintza finantzarioa izanik, bere arrakastaren gakoa, finantzak aipatzen diren guztietan bezala, konfiantzan datza. Izango al du DeFi-k egungo finantza sistemak eskaintzen duenaren pareko edo handiagoa den konfiantza maila? Zenbateraino adierazten du finantza paradigma berri honek, ohiko finantza sistemarekiko alternatiba? Ohiko sistema finantzarioak eta DeFi-k bat egingo al dute etorkizunean?

Finantza deszentralizatuen jatorria

DeFi-ren sorrera Bitcoin-ekin abiatu zen, 2009an, bloke-katearen (blockchain) iraultza hasi zen momentuan. Bitcoin-ek, peer-to-peer diru elektroniko sistema gisa sortua, finantza-transakzioetan deszentralizazioaren oinarria ezarri zuen, balioa transferitzeko, bitartekarien beharra ezabatu zuelarik. Hala ere 2015ean agerian geratu zen, Ethereum abian jarri zenean, bloke-kate teknologiak finantza-aplikazio deszentralizatuen eskaintza zabala ahalbidetzeko duen potentziala. Ethereum-ek kontratu adimentsuen exekuzio ahalmena ekarri zuen, buruzko akordioak automatizatzeko ahalmena duten programa autonomoak alegia, bitartekari beharrik gabe exekutatzen direnak. Honek finantza-aplikazio deszentralizatu ugari garatzeko bidea ireki zuen eta DeFi kontzeptuaren sorrera izan zen. Harrezkero, DeFi ekosistemaren hazkundea nabarmena izan da, protokolo, plataforma eta aplikazio askoren sorkuntza handiagatik, betiere, bitartekaririk gabe finantza zerbitzu ugari eskainiaz. Agerpen hau, finantza-sistemaren gardentasun, irisgarritasun eta eraginkortasun handiagoaren bilaketak suspertu du, baita 2008ko krisi finantzarioaren ondorioz ohiko finantza instituzioengan sorturiko mesfidantzak ere. Orain, finantza paradigma berri baten hasieran gaude, eta bere ahalmen eraldatzailea nabaria den arren, oraindik zalantzak nabariagoak dira ziurtasunak baino DeFi esparruan.

DeFiren oinarri fundamentala

DeFi-ren balio proposamena, oro har, deszentralizazioan oinarritzen da. Hala ere, beste atributu ezberdinak ere baditu, hala nola gardentasuna, elkarreragingarritasuna eta sarbide unibertsala. Ohiko Finantzekin alderatuz, non erabakiak eta kontrola instituzio zehatzetan biltzen diren, DeFi-k modu deszentralizatuan funtzionatzen du, hau da, transakzioak eta protokoloak banatutako nodo sare batek kudeatzen ditu, hutsegite puntu bakarrak eta gehiegikeria aukerak ezabatuz. Izan ere, bloke-kate teknologiak transakzio guztien erregistro aldaezina eta gardena ziurtatzen du, konfiantza areagotuz eta iruzur edo manipulazio aukerak murriztuz. Horrez gain, DeFi protokoloak elkarreragingarri izateko diseinatuak dira. Hortaz, elkarren artean modu errazean elkarreragin dezakete, finantza-zerbitzu konplexuagoen konposaketa ahalbidetuz muga geografiko edo instituzionalik gabe. Horri guztiari gehitzen zaio DeFi finantza-zerbitzuetarako sarbidea demokratizatzen ari dela, zailtasunak murrizten dituelarik, hala nola banku-kontuak edo kreditu-historiak behar izatea. Izan ere edonork hartu dezake parte DeFi ekosisteman, betiere alborapenik edo bereizkeriarik gabe. DeFi-n arauak berdinak dira guztietarako.

DeFiren funtsezko osagaiak

DeFi Lego eraikuntza gisa bistaratzeak bere izaera ulertzen laguntzen du. Lego-rekin etxe bat eraikitzeko ezaugarri desberdinak dituzten piezak erabiltzen diren moduan, osagai desberdinak konbinatzen dituen arkitektura modularra erabiltzen da DeFi eraikitzeko. Modulartasunak protokolo ezberdinek eta finantza-aplikazio deszentralizatuek (dApps) elkarren artean era malgu eta marruskadurarik gabe elkarreragiteko duten gaitasunari egiten dio erreferentzia. Sistema modular batean, osagai bakoitzak funtzio zehatz bat du eta beste osagai batzuekin trukatu edo konbinatu daiteke soluzio pertsonalizatuak sortzeko edo lehendik dauden funtzionaltasunak hobetzeko. DeFi ekosisteman, modulartasun horri esker, garatzaileek finantza-aplikazio espezializatuak sortu eta mantentzea ahalbidetzen dute, hala nola mailegu-plataformak, truke deszentralizatuak (DEX) ala partaidetza-protokoloak, besteak beste. Aplikazio hauek modu independentean edo elkarren artean integratu daitezke finantza-esperientzia osoagoak eta pertsonalizatuagoak sortzeko. Modulartasunak berrikuntza eta lehia ere sustatzen ditu DeFi espazioan, hainbat talderi finantza-teknologia deszentralizatuaren alderdi ezberdinetan lan egiteko aukera emanez. Horrek erabiltzaileentzako aukera aniztasun handiagoa eta DeFi ekosisteman soluzio berrien garapenean eraginkortasun handiagoa dakar. Honakoak dira DeFi osagai nagusiak:

  • Kontratu adimentsuak: bloke-katean exekutatzen diren eta hitzarmen baten baldintzak automatikoki ezartzen eta aplikatzen dituzten programa informatikoak dira, betiere baldintza jakin batzuk betetzen direnean burutzen direnak. Kontratu adimentsuak dira DeFi-ren oinarria, finantza-zerbitzu ugari automatizatzea ahalbidetzen bait dute bitartekarien beharrik gabe.
  • Tokenak: Tokenek ala fitxek hainbat aktibo adieraz ditzakete, kripto txanponetatik hasi eta tokenizaturiko mundu errealeko aktiboetaraino. Token hauek DeFi ekosisteman hainbat finantza funtzio errazteko erabiltzen dira, hala nola trukeak, maileguak edo partaidetza bera.
  • Mailegu-plataformak: DeFi mailegu-plataformek erabiltzaileei aktibo digitalak maileguan utzi eta maileguan hartzeko aukera ematen diete, ohiko bitartekari beharrik gabe, hots, bankurik gabe. Kontratu adimentsuak erabiliz, plataforma hauek automatikoki zehazten dituzte interes-tasak eta mailegu baldintzak, gardentasuna eta irisgarritasuna eskainiz.
  • Truke Deszentralizatuak (DEX): Parekideen artean aktibo digitalak zuzenean trukatzeko aukera ematen duten plataformak dira, bitartekari beharrik gabe. DEX-ek kontratu adimentsuen bidez funtzionatzen dute eta likidezia, gardentasuna eta aktiboen kontrola bezalako ezaugarriak eskaintzen dituzte.
  • Gobernantza protokoloak: Protokolo hauei esker, erabiltzaileek DeFi proiektu baten garapena eta zuzendaritzari buruzko erabakietan parte hartu dezakete. Token jabeek proposaturiko protokolo aldaketei, funtsen banaketari ala plataformari lotutako beste gai garrantzitsu batzuei buruz bozkatu dezakete.
  • Orakuluak: Bloke-kateetako kontratu adimentsuei sistema kanpoko datuak eskaintzen dituzten zerbitzuak dira. Orakuluak ezinbestekoak dira kontratu adimentsuetan mundu errealeko informazioa sartzeko, hala nola aktiboen prezioak, truke-tasak eta merkatuko datuak, horrela kanpo baldintzetan oinarritutako zenbait kontratu mota gauzatzea ahalbideratzen dute.

DeFi erabilera kasuak eta adibideak

DeFi ekosistema modulu, aplikazio eta plataforma deszentralizatuen inguruan antolatzen da, finantza zerbitzu anitzak eskaintzen dituelarik, hala nola maileguak, trukaketa, errendimendu uztarketak eta abar.

  • Mailegu finantzaketa: Maileguak finantzatzeko plataformek erabiltzaileei modu deszentralizatuan aktibo digitalak maileguan hartzeko eta maileguan uzteko aukera ematen diete. Aave, adibidez, Ethereum bloke-katea erabiltzen duen DeFi protokoloa da eta aktibo digitalak maileguan utzi eta maileguan hartzeko aukera ematen du. Bere funtzionamendua protokoloaren barruan eragiketak exekutatzen dituzten kontratu adimentsuetan oinarritzen da. Erabiltzaileek hainbat kripto txanpon gorde ditzakete Aave-n berme gisa maileguak lortzeko edo interesak sortzen dituzten protokoloan parte hartzeko. Aktibo horiek "likidezia-multzo" espezifikoetan gordetzen dira, non maileguetarako eta interesak sortzeko berme gisa erabiltzen diren. Aktiboak berme gisa ezarri ondoren, erabiltzaileek maileguak eska ditzakete aktibo horien zati bat berme gisa erabiliz. Aavek gehiegizko berme sistema erabiltzen du, beraz, erabiltzaileek berme gisa maileguan hartzen dutena baino balio gehiago sartu behar dute lehenetsitako arriskua murrizteko eta mailegu emaileak babesteko. Aavek mailegu aukera malguak eskaintzen ditu, interes-tasa aldakorreko maileguak edo flash maileguak barne. Funtsak berme gisa gordailuan uzten dituzten erabiltzaileek beren kripto txanponetan interesak irabaz ditzakete protokoloaren barruan dauden bitartean. Sortutako interesa dagokien likidezia multzoko hornitzaileen artean banatzen da. Aavek komisioak kobratzen ditu transakzio eta maileguengatik, likidezia hornitzaileak saritzeko eta protokoloa martxan mantentzeko erabiltzen direnak. Aavek gobernantza sistema bat ere badu. Hortaz, AAVE token jabeek protokoloan proposatutako aldaketei buruz bozkatzeko aukera dute, hala nola, aktibo berriak gehitzea edo interes-tasaren doikuntzak egiteko.

Maileguak finantzatzeko plataformek erabiltzaileei modu deszentralizatuan aktibo digitalak maileguan hartzeko eta maileguan uzteko aukera ematen diete

  • Truke deszentralizatua (DEX): DEX bat bitartekari zentralizaturik gabe funtzionatzen duen kripto txanpon trukatze plataforma bat da, erabiltzaileei, peer-to-peer moduan, elkarren artean zuzenean trukatzeko aukera ematen diena. Uniswap Ethereum bloke-kateko tokenak modu deszentralizatuan trukatzeko aukera ematen duen DEX bat da. Bere funtzionamendua truke eredu automatizatu batean (AMM) oinarritzen da, eskaera-liburu baten beharrik ez duena eta erabiltzaileei tokenak azkar eta eraginkortasunez trukatzeko aukera ematen diena. Uniswap-en, trukaketak bi token ezberdinetako funtsak dituzten "likidezia multzoak" erabiliz egiten dira. Likidezia multzo bakoitza token pare batek osatzen du eta token horien eskaintzaren eta eskariaren arteko erlazioak zehazten du prezioa. Erabiltzaileek likidezia multzo hauetan ekarpenak egin ditzakete betiere bikoteka, bi token ezberdinetan kopuru baliokidea ezarriaz. Adibidez, erabiltzaile batek ETH/DAI bikoteari likidezia eman nahi badio, ETH eta DAI balio berdina sartu beharko du dagokion likidezia multzoan. Uniswap-en token baten prezioa likidezia multzoko token kopuruaren arteko erlazioaren arabera zehazten da, automatikoki, "produktu konstantea" ereduan oinarriturik. Erabiltzaile batek Uniswap-en token bat beste batekin trukatu nahi duenean, protokoloak automatikoki kalkulatzen du jasoko duen token kopuru zehatza likidezia multzoaren uneko prezioaren arabera. Ez dago zertan erosketa bat salmenta agindu batekin lotu beharrik, trukeak berehala eta automatizatu egiten baitira. Uniswap-ek kuota bat kobratzen du protokoloan egiten den salerosketa bakoitzeko, eta dagokion likidezia multzoko hornitzaileen artean banatzen da. Gainera, Uniswap-ek sari-sistema bat ezarri du UNI token moduan, likidezia hornitzaileek protokoloan likidezia mantentzeko pizgarri gisa.

Erabiltzaile batek Uniswap-en token bat beste batekin trukatu nahi duenean, protokoloak automatikoki kalkulatzen du jasoko duen token kopuru zehatza likidezia multzoaren uneko prezioaren arabera

  • Errendimendu uztartzea (Yeald farming): Protokolo mota honek erabiltzaileei etekinak sortzeko aukerak eskaintzen dizkiete, likidezia multzo ezberdinetan likidezia eransterakoan. Curve-k, adibidez, kripto aktibo trukea errazten du labaintze eta transakzio-kostu baxuekin, bereziki erreferentzia bati lotutako aktiboekin, esate baterako, dolarra erreferentziatzat duten txanpon egonkorrekin. Likidezia multzoen bidez funtzionatzen du, non erabiltzaileek aktiboak erantsi eta trukean LP (likidezia hornitzailea) tokenak jasotzen dituzte. Token hauek likideziaren partaidetza bat adierazten dute eta kobratutako truke kuoten bidez interesak irabazten dituzte. Curve-k algoritmo espezializatuak erabiltzen ditu eraginkortasuna optimizatzeko eta labaintzea murrizteko aktibo finkatuen arteko trukeetan, hala nola DAI, USDC, USDT eta beste batzuen artean.

Erronka eta aukerak

Baina distira egiten duen guztia ez da urrea. DeFi hastapen fase batetan dago eta erronka handiak gainditu behar ditu ohiko finantza sistemaren benetako alternatiba izateko. Segurtasunari dagokionez, ohikoak dira kontratu adimentsuen eta DeFi plataformen aurkako erasoak. Protokoloen kodea maiz ikuskatzen bada ere, zibersegurtasuna da DeFi-k konfiantza sortzeko duen erronka nagusietako bat. Era berean, ezin dugu alde batera utzi ekosisteman eta bereziki erabiltzaileen baitan hezkuntza hobetzeko beharra agerian dela. DeFi-n jardutea ez da erraza gehiengoarentzat eta harrera orokorra urrun dago oraindik. Hori dela eta, DeFi-ren arrisku eta onurei buruzko hezkuntza funtsezkoa da hazkunde iraunkorra eta harrera orokorra bermatu nahi badira. DeFi-k erabiltzaileen konfiantza sortu behar du.

Protokoloen kodea maiz ikuskatzen bada ere, zibersegurtasuna da DeFi-k konfiantza sortzeko duen erronka nagusietako bat

Erregulazioa DeFi-k duen beste erronka nagusi bat da. DeFi inguruko erregulazio eza ere mesfidantza sortzen duen faktore nagusietariko bat da. DeFi erregulazio linboan dago. Lerro hauek idazten ditudan bitartean, Ameriketako Estatu Batuetako Balore eta Truke Batzordeak (SEC) auzitara eraman berri du Uniswap, ustez, erregistratu gabeko balore-artekari gisa jardutea leporatuta. Honek ziurrenik DeFi inguruko aurrekari juridiko bat ezarriko du. Esploratu gabeko lurraldean gaude hortaz oraindik. Bestalde, DeFi-k eskalagarritasunaren erronkari ere aurre egin behar dio duen harrera maila areagotu nahi badu. DeFi eskariaren eta jardueraren igoerak bloke-kateen eskalagarritasun arazoak nabarmendu ditu. Ethereum 2.0 eta beste bloke eskalagarri batzuk bezalako irtenbideak garatzen ari diren arren, oraindik lan asko dago egiteke. Ezin da alderatu transakzio bat prozesatzea, milioika prozesatzearekin.

DeFi-ren etorkizuna

Mundu errealeko aktiboen tokenizazioa, token sintetikoen garapena eta NFT-en hazkundea DeFi-ren adopzioa eta berrikuntza sustatu dezaketen joerak dira. Hala ere, bere hazkunde eta bilakaerarako alderdirik garrantzitsuena konfiantza sortzeko duen gaitasunean oinarritzen da. DeFi ekosisteman bi korronte nagusi bereizten dira konfiantza nola eraiki inguruan. "Puristak" teknologian oinarritzen dira konfiantza sortzeko iturri bakar gisa, protokolo seguru, ireki eta gardenen bitartez, non joko-arauak eta erabakiak hartzeko moduak ezagunak eta deszentralizatuak diren. Baina korronte "pragmatikoago" bat ere bada, ohiko finantza sistemarekin lankidetza jarrera handiagoa erakusten duena eta DeFi ez duena ohiko finantza sistemaren ordezko alternatiba gisa soilik ulertzen.

Mundu errealeko aktiboen tokenizazioa, token sintetikoen garapena eta NFT-en hazkundea DeFi-ren adopzioa eta berrikuntza sustatu dezaketen joerak dira

Dikotomia hori ohiko finantza sisteman ere islatzen da. Kasu honetan, ohiko finantza sistemako "puristek" DeFi beren ereduaren mehatxutzat hartzen dute, deszentralizazio proposamen faltsua eta segurtasun teknologiko, operatibo eta arauzko eza goraipatuz. Hala ere, korronte “pragmatikoak” uste du ez duela zertan bata edo bestea izan, biak baizik. Gaur mehatxua dena bihar aukera izan daiteke. Lehiakide bat aliatu bihur daiteke. Hori dela eta, konbergentziaren bidea eta integrazio posible bat defendatzen dute, ohiko finantza sistemaren eta DeFi-ren indarrak batzen dituen balio-proposamen bat sortzea ahalbidetuko lukeena. Eskala txikian bada ere esplorazioa gauzatzen ari da poliki-poliki. Ez litzateke harritzekoa izango, DeFi heltzen den heinean, integrazio handiagoa ikustea DeFi eta ohiko finantza sistemaren artean, eta horrek finantza-zerbitzuen eraginkortasuna, gardentasuna eta irisgarritasuna areagotu litzake oro har. Garaian garaiko. Ttipi-ttapa. Ttur-ttur.  Pausorik-pauso. Konfiantza kontua da.

Konfiantza osoa, botila osoa!