Argazkia: Shutterstock

Sakonean

Gizarte-ikuspegi Arduratsuko Inbertsioa: nitxotik mainstreamera, etikotik ESGra

Gizarte Ikuspegi Arduratsuko Inbertsioa ez da moda iragankor bat; joera-prozesu bat da, etengabeko eboluzioan dagoena eta aktiboen kudeatzaile ororen betebehar fiduziarioari datxekiona

Gizarte-ikuspegi Arduratsuko Inbertsioa (GAI) gaur egun aktiboen kudeaketako industrian asko erabiltzen den kontzeptua da, eta azken hamarkadetan izandako bilakaera nabarmenaren emaitza da: nozio etikoekin lotutako nitxo ikuspegi batetik (konpainiak jarduera kaltegarrien eraginpean egoteagatik –batez ere moral kristauaren ikuspegitik– baztertzean oinarritutako inbertsio-prozesuak), mainstream ikuspegi batera igarotzea. Mainstream ikuspegi hori hiru zutabetan dago oinarritua: E (ingurumena), S (gizarte-ikuspegia) eta G (gobernantza). Hiru zutabe horiek kontzeptu askoz ere zabalago eta, era berean, heterogeneoa definitzen dute, ahulezia nagusia eta etorkizuneko erronka handia. 

Artikulu honek nolabaiteko argia eman nahi dio gaur egungo GAIren inplementazio praktikoari, ibilbide-orri horretan kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak zehaztuz, baita arlo horretan etorkizunean izango diren erronka nagusiak zehaztuz ere. Hori guztia, adibide gisa, Kutxabank Gestión SGIIC sozietateak azken urteotan egindako prozesuan dago oinarrituta: igaro da 'nitxo' ikuspegi batetik —Kutxabank Solidario FI fondoaren irizpide etikoekin egindako kudeaketan zentratutako ikuspegia— ikuspegi 'global' batera —kudeaketa pean dauden aktiboetan ESG alderdiak integratzean zentratutako ikuspegia—, arestian aipatutako bilakaeraren erakusgarri.

GAI estrategia baten inplementazio praktikoa

GAI estrategia sendo bat inplementatzeko, bost alderdi baliatu beharko lirateke: konbikzioa, zeharkakotasuna, ibilbide-orria, inbertsio/arriskuen prozesuan ESG irizpideak integratzea, eta EGE plana.

Lehenengoari dagokionez, gutxi hitz egiten da horretaz, batez ere mundu akademikoan, baina nekez ezar liteke GAI estrategia arrakastatsurik goi-zuzendaritzak bultzatutako eta erakunde osoan transmititutako sineste argirik gabe. Kutxabank Gestión SGIIC adibidetzat hartuta, NBEk (UN-PRI) sustatutako Inbertsio Arduratsuaren Printzipioetara (2017) atxikitzea urrats garrantzitsua izan zen konbikzio hori gauzatzeko, eta, hala, estrategia osoa indartu eta hari zentzua emateko.

GAI estrategia sendo bat inplementatzeko, bost alderdi baliatu beharko lirateke: konbikzioa, zeharkakotasuna, ibilbide-orria, inbertsio/arriskuen prozesuan ESG irizpideak integratzea, eta EGE plana

Bigarrena, zeharkakotasuna, aurreko puntuan esandakoari jarraipena emate aldera, GAI inplementatzean arrakasta izateko, neurri handi batean, erakunde osoaren inplikazioa behar da. GAI estrategia ez da departamentu baten (inbertsioak, adibidez) ondare esklusiboa; aitzitik, beharrezkoa da zeharkako ikuspegia erakundearen barruan. Adibidez, Kutxabank Gestión SGIIC sozietatearen GAI batzordean, haren zuzendari orokorraz gain, erakundeko departamentu guztiek hartzen dute parte, eta, hala, GAI estrategiaren ikuspegi holistikoa lortzen da, baita eraginkortasun handiagoa hura inplementatzean ere.

Ibilbide-orriari dagokionez, agerikoa dirudi alderdi hori aipatzea, baina garrantzitsua izaten jarraitzen du. ESG estrategia bat inplementatzeko prozesu logikoak generikotik espezifikorantz egin beharko luke ibilbidea: lehenik, alderdi orokorrak definitu, hala nola politikak, prozedurak, batzordeak eta abar, eta ondoren, pixkanaka, ESG alderdiak txertatu erakundean zehar, bereziki inbertsioak/arriskuak prozesuaren zatian.

Inbertsio/arriskuak, kritikoak

Hain zuzen, inbertsio/arriskuen prozesuan ESG irizpideak integratzea kritikoa da. Esan daiteke aurrez aipatutako gainerako puntuek hortxe egiten dutela bat, eta, hala, ESG estrategia osoari zentzua eman. Integrazio sendo bat lau zutabetan oinarritu beharko litzateke, eta horien inplementazio praktikoak, konplexutasun/garrantzia txikienetik handienera, ondoren adierazten den ordenari jarraitu beharko lioke: bazterketa, integrazioa, jabetza aktiboa, eta inpaktua.

Bazterketa inbertsio-unibertsoa mugatzen da. Alegia, baztertu egiten dira jarduera jakin batzuk gauzatzen dituzten konpainiak (armamentua, tabakoa, etab.) edo nazioarteko arau jakin batzuk betetzen ez dituztenak (Nazio Batuen Munduko Ituna, giza eskubideak, etab.). Integrazioan, inbertsio-prozesuan ESG irizpideak txertatzen dira (ingurumen-alderdiak, gizarte-ikuspegiko alderdiak eta gobernantza onekoak). Estrategia horretan, irizpide horiek finantza-alderdi tradizionalekin konbinatzen dira, eta emaitza da zorroak eraikitzeko eredu sendoagoa, errentagarritasun/arrisku kontzeptuei dagokienez.

Jabetza aktiboak, elkarrizketa aktiboaren eta boto-politikaren bidez, enpresarekiko elkarrizketa eta akziodunen boto-eskubidea baliatzen ditu konpainien erabakietan eragiteko

Jabetza aktiboak, elkarrizketa aktiboaren eta boto-politikaren bidez, enpresarekiko elkarrizketa eta akziodunen boto-eskubidea baliatzen ditu konpainien erabakietan eragiteko. Estrategia jarraitua da, inbertsio-prozesuan integratua, eta inbertitzailearen etengabeko konpromisoa eskatzen du. Inpaktua: estrategia hau da azken urrats logikoa ESG integrazioa inplementatzeko. Inpaktu-inbertsioak ikuspegi-aldaketa dakar orain arte esandakoari dagokionez; izan ere, inbertitutako konpainiek beren produktu eta zerbitzuen bidez gizartean eragin dezaketen inpaktu positiboa aztertzen da. Estrategia horretan, inbertitzaileak inpaktua sortzeko duen asmoa eta hori neurtzea dira kontuan hartu beharreko alderdi kritikoak.

Azkenik, EGE planaren inplementazioa eskatzen du. Zenbait lan akademikoren arabera (Sparkes, 2001; Schwartz, 2003; Sorarrain eta Valor, 2009), sozietate kudeatzaileak berak, erakunde gisa duen jardueran, nolabaiteko eredugarritasuna erakutsi behar du ESG esparruan, horren inguruko "legitimitatea" lortzeko. Praktikan, sozietate kudeatzaileak EGE plan bat izan beharko luke, ESG arloko alderdi nagusiak jasoko dituena, bere errealitatera egokituta.

Datuen kalitatea eta erregulazioa erronka gisa

ESG estrategia arrakastatsu orok eduki beharko lituzkeen alderdiak zehaztu ondoren, esan behar da ez gaudela planteamendu estatiko baten aurrean; aitzitik, planteamenduak nahikoa malgua izan beharko luke, bidean sortzen doazen erronketara egokitzeko. Ildo horretan, erakunde orok etorkizunean izango dituen erronka nagusiei helduko zaie atal honetan. Erronka horiek, oro har, erregulazioaren, datuen eskuragarritasunaren eta homogeneotasunaren, klima-arriskuaren kudeaketaren eta gizartearen beraren bilakaeraren ingurukoak dira, finantza-produktuen eskariaren lehentasunen arabera.

Datuen kalitatea edo homogeneotasuna ESG eraikin osoaren giltzarria da. Funtsean, orain arte planteatutako guztiak garrantzia galtzen du, eskura dauden iturrien artean behar adinako kalitate eta homogeneotasuneko daturik ez badago. Asko aurreratu bada ere, oraindik gabezia nabarmenak daude, bai eskuragarritasunaren aldetik (aurrera egin behar da datuen jatorrian, hau da, konpainietan), bai homogeneotasunaren aldetik (irizpide desberdinak ESG rating mailan, eta datu gordinen zenbatespenari dagokionez). Praktikan, arazo hori konpontzeko Kutxabank Gestión SGIIC sozietateak duen ikuspegia informazio-iturri ugari konbinatzean datza, datu gordinetan oinarritutako eredu propioa kanpo-hornitzaileek egindako informazioarekin konbinatuz; horrela, iturri bakar batekiko mendekotasun-arrisku hori murrizten da (datuen heterogeneotasun-egoera honetan), eta, era berean, datuen eskuragarritasuna hobetzen.

Orain arte planteatutako guztiak garrantzia galtzen du, eskura dauden iturrien artean behar adinako kalitate eta homogeneotasuneko daturik ez badago

Erregulazioa, berriz,segur aski antolaketa-erronka nagusia da funts-kudeatzaileentzat. Europako erregulazioa anbizio handikoa da; artikulu honen irismenetik kanpo dago, baina hiru esparru garrantzitsuenak aipa daitezke. Alde batetik, dibulgazio-erregelamendua (SFDR), finantza-produktuak katalogatzera behartzen duena, produktu horien diseinuan ESG irizpideak zenbateraino sartu diren kontuan hartuta. Normalean fondo gisa definituta daude; 6. artikulua, ez dago ESG alderdirik sartuta; 8. artikulua, ezaugarri jasangarriak sustatzen dituzte; edo 9. artikulua, helburu jasangarriak dituzte. Alderdi horrek, halaber, gardentasun-eskakizun handiagoak ekarriko ditu, ESG irizpideak gehiago gehituz gero. Esparru horretan diharduen punta-puntako kudeatzaile orok egin beharko luke ibilbide hau, SFDRren 8. eta 9. artikuluekin bat datorren ikuspegiko produktu bilakatu fondoak, alegia. Horrela ulertu da, bederen, Kutxabank Gestión SGIIC sozietatean: kudeaketa aktiboko fondo guztiak definitu dira aipatutako SFDRren 8. artikuluarekin lerrokatu gisa, eta, hala, jauzi kualitatibo garrantzitsua egin da ESG estrategian. Bestetik, Taxonomia Erregelamendua —arauak ingurumenaren aldetik inbertsio jasangarritzat jotzen duena definitzen du—, eta, azkenik, MIFID erregelamenduaren aldaketa, behartzen duena bezeroen jasangarritasun-lehentasunak kontuan hartzera, finantza-produktuak merkaturatzeko orduan. Jasangarritasunaren arloan oraindik dagoen kultura eskasak izugarri zailduko du kontsumitzaileen eskari ezezagunari erantzuteko eskaintza egokia bilatzea.

Ziurgabetasun handia dago aktiboen kudeatzaile orok egin beharko lukeen ESG bidean, erronkak handiak dira eta lan-eskerga egin beharko da ESG estrategia globala arrakastaz inplementatzeko, artikuluan zehar deskribatu denez; baina badago, halaber, ziurtasun ukaezin bat: gizarte-ikuspegitik arduratsua den inbertsioa ez da moda iragankor bat, etengabe eboluzionatzen ari den joera-prozesua da (gizartea bera bezala) eta kudeatzaile ororen betebehar fiduziarioari dagokio. Momentuko arriskuak etorkizuneko aukerak izango dira, eta erakunde guztiek argi izan beharko lukete.