Hego Euskal Herriko hipoteka berrien kopurua handitu egin da uztailean
2.267 hipoteka izenpetu dira. Iazko uztailean baino %63,3 gehiago Nafarroan eta %26,3 gehiago EAEn
Uztailean sinatutako hipoteka kopuruak nabarmen egin du gora Hego Euskal Herrian. 2.267 hipoteka izenpetu ziren: 1.800 EAEn, iazko hilabete berean baino %26,3 gehiago eta 467 Nafarroan %63,3 gehiago.
INE Espainiako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako datuen arabera, hipoteken batez besteko zenbatekoa 159.287 eurokoa izan zen EAEn eta 128.492 eurokoa, berriz, Nafarroan.
Halaber, Nafarroan etxebizitzen gaineko hipoteketarako mailegatutako guztizkoa 60 milioi eurokoa izan da uztailean, %51ko igoera izan du 2023ko hilabete beraren aldean. EAEn, berriz, 287,16 milioi euro mailegatu dira hipoteketan, iaz baino %30 gehiago.
Espainiako Estatuan ere gora egin du sinatutako mailegu kopuruak, %23,5, hain zuzen ere, 36.260 hipoteka berri adostuta uztailean. Gainera, hipoteken batez besteko zenbatekoa %6,2 hazi da, 151.944 euroraino.