EBZren egoitza, Frankfurten | Argazkia: iStock

FINANTZAK

Interes tasa altuen bukaeraren hasiera?

Lehen aldiz ia hamar urtetan interes tasak jaitsiko ditu gaur Europako Banku Zentralak. Mailegu bat dutenentzat lasaitasuna ekarriko du, baina ez dirudi udaran jaitsierak jarraipenik izango duenik

2022ko uztailaren 21ean EBZk interes tasak igotzeko erabakia hartu zuen lehen aldiz hamar urte pasatxotan. Estatu Batuetako Erreserba Federalak jada urte hartako martxoan igo zituen tasak, eta haren atzetik etorri zen Europaren erabakia, ordura arteko diru politika hedatzailea amaitu eta murriztailea abiatuz. Tasak hamar hilabetez segidan igo zituen Lagarde buru duen erakundeak, harik eta iazko urrian igoera eten eta tasak %4,5ean mantendu zituen arte.

Tasen igoera inflazioari aurre egiteko helburuarekin gauzatu da, eta politika horrek azken 40 urteetako maila altuenera hauspotu du diruaren prezioa. EBZk inflazioa %2ra jaistea du helburu, eta motel bada ere, helburura gerturatzen ari da apurka. Maiatzeko azken datuak, ordea, gauzak okertu ditu, inflazioak bi hamarren egin baitu gora eta %2,6an kokatu da. Apirilean eta maiatzean, bi hilabetez jarraian, hazi egin da inflazioa eurogunean.

EBZk diruaren prezioa garestitzeak bankuen maileguen interesak handitu eta herritarren aurrezkiengatik diru gutxiago ordaintzea ekarri du, eta inflazioa murriztu badu ere, Europako ekonomia hoztu du, atzeraldira gerturatuz. Inbertsioa izugarri murriztu da tasa altuen politikagatik. Lagardek argi esan zuen moneta politika zorroztuko zuela inflazioa menderatzeko ekonomiak eutsi bitartean, eta euroguneko hazkunde datuak ikusita agerikoa da ekonomia kili-kolo dagoela.

Europako ekonomia, epeltzen?

Inflazio menderatu eta ekonomia ez kaltetzearen arteko oreka baten bila dihardu azken urteotan Frankfurteko erakundeak. 2022ko urrian inflazioa %11,5ean kokatu zen, eta harrezkeroztik zifra hori apaltzeko etengabeko borrokan ari da. Horrek deshazkunde prozesu batean sartu zuen eurogunea 2023ko bigarren seihilekoan, eta Alemaniak, esaterako, hazkunde negatiboa izan zuen iazko azken hiruhilekoan. 2024ko lehen hiru hilabeteetan datuak zertxobait hobetu badira ere (Frantzia eta Alemania % 0,2 hazi dira aurreko hiruhilekoarekin alderatuta), urte arteko hazkundea oraindik negatiboa da.

Hainbat pronostikoren kontra, Europako ekonomia %0,3 hazi da aurtengo lehen hiruhilekoan. “Hazkundea espero baino handiago izan da askorentzat. Alemania eta Frantzia dira hazkunde tasa txikiena izan dutenak, baina datua positiboa izan dela esan daiteke nolabait”, dio Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa departamentuko arduradunak. Bere ustez, oso apalduta ibili den industria sektorean ere nolabaiteko hobekuntza txiki bat ikusten da. “Adierazleek lurra jada jo dugula iradokitzen dute, eta ahulezia egoeratik ateratzen ari gara”.

Joseba Madariaga: “Adierazleek lurra jada jo dugula iradokitzen dute eta atoniatik ateratzen ari gara”

Espainia da Europako ekonomietatik indartsuen dabilena, turismoa eta zerbitzu sektoreei esker batik bat. Halaber, industriaren egoera ezegonkorra pairatzen ari da Euskal Herria, interes tasa altuek enpresen inbertsioak zailtzen baitituzte. “Europan atzeraldian egon zitekeela eztabaida zegoen, baina baziren hainbat fundamentu Europa atzeraldian sartzeak zentzu gutxi zuela erakusten zutenak, enplegua eta zerbitzu sektorea indartsu baitzeuden”, azaldu du Madariagak.

Erreserba Federalaren aurretik

Litekeena da, eta merkatuak hala espero du, interes-tasak %0,25 jaitsi eta %4,25ean kokatzea gaurkoan. 2015eko irailaz geroztik, lehenengo jaitsiera litzateke. “Kasik lau haizeetara adierazi dute tasak jaitsiko dituztela; ez dut uste orain atzera botako direnik”, esan du Madariagak. Hasiera batean hiruzpalau jaitsiera espero ziren, baina merkatuak espektatibak jaitsi eta 2024rako pare bat espero dira gehienez. “Tasak jaitsiko baditu ere, gogoratu behar dugu diru politikak murriztailea izaten jarraitzen duela. Europako ekonomia galgatzen saiatzen ari den estrategia da EBZrena”, gogorazi du.

Hartara, gaur lehen jaitsiera espero da, baina ez dirudi uztailean jaitsierak jarraipena izango duenik. Tasak ez dira jaitsiko igo ziren abiadura berean, eta moneta politika zorrotz eta murriztailea 2025ra bitartean izango dugu. Pasa den astean inflazioaren espektatibei buruzko inkesta argitaratu zuen EBZk, eta prezioen inguruko hautematea 2021eko irailetik minimoetan dago. Honek jaitsieraren aldeko teoria indartzen du. “Behin jaitsiera gauzatuta, EBZ adi egongo da datuei begira, eta gerora erabakiko du zer egin”.

“Tasak jaitsiko baditu ere, gogoratu behar dugu diru politikak murriztailea izaten jarraitzen duela. Europako ekonomia galgatzen saiatzen ari den estrategia da EBZrena”

EBZk Erreserba Federalari aurre hartuko dio oraingoan, eta interes tasak jaisten lehenago hasiko da. AEBko hazkunde ekonomikoa eta langabeziaren datuak Europakoak baino hobeak dira, eta Erreserba Federalak jaitsiera atzeratzea erabaki du, nahiz eta laster baliteke beherakada abiatzea.

Luis De Guindos eta Christine Lagarde EBZren apirileko bileran | Argazkia: EBZ

Bide berri baten hasiera

Interes tasak %0,25 jaisteak ez du epe labur eta ertainera eragin handirik izango Europako ekonomian. “Diru politikak eragina du ekonomiaren eskarian eta BPGan, baina momentuan edo hiruhileko horretan bertan ez da asko nabarituko. Denbora bat behar dute inpaktua izateko ekonomian”, dio Madariagak. Hori bai, tasen jaitsiera berri ona da mailegu bat dutenentzat edo eskatu behar dutenentzat, eta txarra bankuentzat, mailegu gehiago emango baitituzte, baina bakoitzaren truke gutxiago irabaziz.

Inbertsio pribatuan eragingo du beraz tasen jaitsierak. Gaur egungo hazkunde ekonomikoaren zutabeetako bat inbertsio publikoa izan da, eta inbertsio pribatua Europako dirulaguntzei esker mantendu da. “Kreditua animatu dezake, baina tipoen moldaketa txiki batez ari gara. Tasak bi puntu jaistean nabarituko du benetan ekonomiak. Hau bide berriaren hasiera besterik ez da, eta beheranzko bidea egitean sumatuko ditugu ondorioak”, gehitu du Madariagak.

“Kreditua animatu dezake, baina tipoen moldaketa txiki bat besterik ez da"

Bankuei dagokienez, tasak altu mantentzeak mesede egin die pasiboari dagokionez. Gordailuak oso gutxi ordaintzen ari dira, eta hortik ari dira galdu-irabazi kontuak handitzen. Aitzitik, aktiboaren aldetik, maileguen negozioa estu da. Hipoteken sinadura kopuruak behera egin du nabarmen, eta bankuak pixkanaka hipoteken prezioak merkatzen hasi dira.

Inflazioa kontrolatzearen zailtasunak

Madariagaren ustez, EBZ gehien kezkatzen duen aldagaia da Europa mailako soldaten hazkundea. Bere adierazleen arabera, soldaten igoera %4,7an zegoen urte artean, eta 2023ko azken hiruhilekoaren alderatuz igoera izan da: %4,5etik %4,7ra pasa da. “Ekonomia hazi egingo da, lan merkatuak bultzatuta. Europa mailan soldatak igotzen ari dira, inflazioa baino baino maila altuagoan. Beraz, kontsumoa hazkunde motor argi bat izan daitekeela uste dugu”, nabarmendu du Madariagak.

Ekonomia indartsu batek, prezioak EBZk nahiko lukeen erritmoan ez jaistea eragin dezake, eta beraz, bere kontrol instrumentua erabilita, hau da, interes tasak igota, hipoteka dutenei kalte egin diezaieke. Gainera, Madariagaren ustetan, "soldatak igotzen badira, enpresak igoera hori prezioetara eramango dute, eta espiral moduko batean sartuko ginateke”.

"Soldatak igotzen badira, enpresak igoera hori prezioetara eramango dute, eta espiral moduko batean sartuko ginateke”

Inflazioa %2ra jaisteko helburua zorrotzegia denaren eztabaida mahaigainean da. “Tasa neutrala litzateke hori, ez hedatzailea, ezta murriztailea”, mahaigaineratu du ekonomialariak. Klima aldaketak gero eta eragin handiagoa du elikagaien prezioan, eta inflazioa kontrolpean izatea gero eta zailagoa da. Hala, EBZk inflazioaren helburua gehiago malgutu lezake. Ordainsarien eztabaidak, aldaketa klimatikoak edota trantsizio ekologikoak prezioetan gero eta inpaktu handiagoa dute. Ikusteke dago inflazioaren bilakaera nolakoa den, baina gaurko erabakiarekin hipoteka dutenek zertxobait lasaiago egoteko arrazoiak izango dituzte.