Argazkia: iStock

FINANTZAK

Kriptodiruaren merkatuen oinarriak, ezbaian

Estatu Batuetako burtsa merkatuak arautzen dituen SEC erakundeak susmopean jarri ditu Binance eta Coinbase, kriptodiruaren bi plataforma nagusiak. Erabakiak plataformekin lotutako dibisa nagusien kotizazioetan % 15eko bitarteko galerak eragin ditu

Ez da giro kriptodiruaren merkatuetan. 2022an izandako hondamendia atzean utzi eta gero goranzko bideari ekin diote aurton merkatu horretako dibisa nagusiek. FTX plataformaren aferak agerian utzi zituen kripto merkatuen arrakalak eta ezkortasunak isla nabaria izan zuen dibisa nagusien kotizazioetan. Horrela Bitcoinak, erreferentziazko dibisak, % 60ko galera izan zuen 2022an. Gardentasun eza leporatu zitzaion orduan kriptodiruaren merkatuari eta bete beharreko araudiari buruzko zalantzak nabarmendu ziren. Kriptoneguaz ere hitz egin zuten hainbatek. Paul Krugman 2008an Nobel saria eskuratu zuen ekonomialariak, esaterako, neguaz baino, merkatu horren bukaera iragarri zuen. 2023an, baina, kriptodiruari haize ufada berria ekarriko ziola zirudien, aste honetan SEC AEBko burtsen ikuskariak Binance eta Coinbase plataformak auzitegietara eraman dituen arte.

Astelehenean, ekainak 5, Securities Exchange Comission (SEC) AEBko merkatuen ikuskariak Binance, kriptodirua elkartrukatzeko munduko plataformarik handiena, auzitegietara eramango zuela iragarri zuen baloreen lege federalak hausteagatik. Hurrengo egunean, asteartean, merkatuak oraindik albistea aztertzen ari zirela, bigarren kolpea jaso zuen kriptodiruaren unibertsoak. Coinbase merkatuko bigarren plataformarik nagusiena eta kotizatutako garrantzitsuena salatu zuen merkatuen ikuskariak. Trukerako plataforma, broker eta konpentsazio erakunde gisa legez kanpo aritu izana leporatu dio SECek Coinbaseri, eta horren ondorioz, inbertitzaile estatubatuarren eskubideak eta bermeak kaltetu izana.

Iazko FTXren hondamendian ez bezala, oraingoan SECek auzitegietara eraman nahi ditu Binance eta Coinbase plataformak

Gogor aritu da SEC Binance eta Coinbase plataformen aurka, legea nahita urratu izana leporatuz. Komunikatu ofizial baten bidez Gary Gensler SECeko buruak "Coinbasek, baloreei buruzko legediari lotuta egon arren, burtsa, broker eta konpentsazio-ganbera funtzioak legez kanpo nahastu eta eskaini" zituela adierazi zuen.

Binance etxearen kasuan ere salaketa antzekoa izan da. "Hamahiru salaketen bidez, Binance eta bere inguruko konpainiei engainu-sare zabala" sortzea leporatu dio SECek, "interes-gatazketan, datu esanguratsuen zabalkunderik ezan eta araudiari ihes egitean oinarritua". Era berean, AEBko baloreen inguruko legeari muzin egiteko "kontrol neurri faltsuak" iragartzea leporatzen dio erakunde ikuskatzaileak, "bezeroak plataforma barruan mantentzeko".

FTX aferarekin antzekotasunak

Binance plataformaren kasuan, gainera, dirua desbideratzea leporatzen diote. Txinatik ihes egindako Changpeng Zhao enpresari txinatarrak eratu zuen Binance plataforma 2017an eta, batez ere, bere izena ezaguna egin zen FTX exchange plataformaren porrotagatik. 2022ko azaroan FTX hondoratzeko bidean zegoela Binancek plataforma erosiko zuela iragarri zuen. Azken unean iritziz aldatu eta behin FTX erorita, Zhao kriptodiruaren unibertsoaren errege berria bilakatu zen.

Munduko fortunarik handienak biltzen dituen Forbes zerrendako kide da Zhao, 4.000 milioi dolarretik gorako ondarearekin. 2021ean 9,58 bilioi dolar negoziatu zuen eta egun erreferentziazko plataforma da. Bere erresuma, ordea, kolokan jarri dezake SECek abiatutako salaketak. 2017ko uztailetik aurrera Binance.com eta Binance.us atarien bidez 11.600 milioi euro jaso zuen bezeroei kobratutako komisioen bitartez. Enpresak, aldiz, ez zuen izenik emanda elkartruke, broker eta konpentsazio zerbitzutan aritzeko. Eta hori ez da aurre egin beharreko salaketa bakarra. Bezeroen funtsak Binancen inguruko enpresa batera desbideratzea leporatzen dio SECek, modu horretan negoziazio bolumena artifizialki handituz. 

 

SECen salaketak hankaz gora jarri ditu merkatuak. Binance kriptodibisak % 14,78 galdu astebetean

Salaketak gogora ekarri du 2022an FTX plataformarekin gertatutakoa, eta ez soilik jarduteko eragatik. Plataformaren zuzendaritzak bezeroen funtsak norberaren onurako erabiltzea leporatzen diote eta kontrol tresnen falta nabarmentzen dute. Antzekotasunak antzekotasun, oraingoan SECek zorrotzago jokatzea erabaki du eta, FTXen kasuan ez bezala, Binance eta Coinbase plataformak auzitegietara eraman ditu. Auzibiderako ikerketa lan sakona egin du merkatuen ikuskariak eta proba andana bildu du. Binance iruzurra egiten ari zela argi zekiela erakusten duten dokumentuak igorri dizkie SECek auzitegiari. 

Urduritasuna nagusi kripto merkatuetan

Binance eta Coinbase auzitegietara jotzeak eta, batez ere, SECek hartu duen jarrera zorrotzak merkatuak dardarka utzi ditu eta kriptodibisa nagusiek galera handiak izan dituzte azken egunetan. BNB Binancen kripto propioa, Cardano sarearen ADA tokena eta Polygon proiektuaren MATIC tokena izan dira jaitsiera handienak pairatu dituztenak. BNBk, esaterako bere balioaren % 14,78 galdu du astebetean, Cardanok % 13,87 eta Polygonek % 13,14. Bitcoin kriptodibisarik esanguratsuena ere nabarmen jaitsi zen SECaren salaketa ezagutu zen egunean, baina asteak aurrera egin ahala galdutakoaren zati handi bat berreskuratu du.

Ikusteko dago SECen salaketen larritasunaren aurrean Binance konpainiaren lasaitasunerako deiak merkatuak baretzen dituen.

Azken astean metatutako galera % 2,49koa izan da. Ikusteko dago BNB kriptodiruarekin zer gertatzen den. AEBko merkatuen ikuskatzaileak Binancen aktiboak izozteko eskatu du, negoziagarri ez izateko. Dena den, aginduak Binance.us atariari besterik ez dio eragingo, AEBko agintarien araudipean dagoena. Binancek badu bigarren ataria, Binance.com, SECen kontrolpean ez dagoena. Ñabardura garrantzitsu hori nabarmendu du Zhaok Twitterren argitaratutako txio batean eta, hortaz, aktiboak dituzten bezeroen dirua Binance etxeak berak 2018 sortu zuen SAFU Erabiltzaileentzako Aktibo Seguruen Funtsaren bermepean dagoela. Ikusteko dago SECen salaketen larritasunaren aurrean Binance konpainiaren lasaitasunerako deiak merkatuak baretzen dituen.

SECen kontrako kritikak kriptodiruaren alorretik

Merkatuen ikuskatzailaren portaerak kritika ugari sortu ditu AEBko kriptodiruaren merkatuen eragile nagusien aldetik. Binance eta Coinbaseren kontrako salaketak kriptodiruaren gaineko araudia negoziatzen ari denean heldu da eta kriptodiruaren industriak lotura zuzena ikusi du. Negoziazioetan SECek erakutsitako planteamenduen aurka gogor aritu dira industriaren eragile nagusiak, eta araudi malguagoa eta "adeitsuagoa" duten herrialdeetara ihes egiteko mehatxua argi azaldu dute.

Otsailean jakitera eman zituen Gary Genslerrek zuzentzen duen erakundeak kriptoak arautzeko proposamenaren ildo nagusiak eta orain arte merkatu horietan nagusi izan den gardentasun faltaren aurka egiten du nabarmen

Otsailean jakitera eman zituen Gary Genslerrek zuzentzen duen erakundeak kriptoak arautzeko proposamenaren ildo nagusiak eta orain arte merkatu horietan nagusi izan den gardentasun faltaren aurka egiten du nabarmen. Horretarako erregistroen beharra aldarrikatzen du SECek, Europan MICA aruadiak planteatzen dituen ardatzekin bat etorrita. Aste honetako SECen jokaerak, hortaz, merkatua arautzeko urratsetako bat izan liteke.