Kutxabanken egoitza Bilbon | Argazkia: iStock

FINANTZAK

Kutxabanken hipoteka kreditua %2,53 hazi da 2023an

Finantza erakundeak iaz baino hipoteka berri gutxiago sinatu ditu. %41eko merkatu kuota du EAEn

Kutxabankek 2022an baino hipoteka gutxiago sinatu ditu 2023an. Hala ere, iaz izenpetutako guztizko hipoteka kreditua 2022koa baino handiagoa izan da (%2,53). Guztira, 3.172 milioi euroko hipotekak sinatu ditu finantza erakundeak, 2022an baino 80,5 milioi gehiago.

Hipoteka maileguentzat oso zaila izan den testuinguru batean lortutako emaitzak izan direla nabarmendu nahi izan du finantza erakundeak, interes tasen igoera eta ziurgabetasun ekonomikoa dela eta batez ere. Gainera, iaz euriborra azken hamarkadetako mailarik altuenera ailegatu da.

Kutxabankek jakinarazi duenez, hipoteken batez besteko balioak %4,9 egin zuen gora, 168.000 euroko balioa izan baitute 2023an, eta 2022an 160.000 eurotik gorakoa izan zuten batez beste. Hipoteka mistoen alde egin dute batik bat Kutxabankeko bezeroek, kopuru osotik %73 izan baitira mota honetakoak.

Halaber, Kutxabankek EAEko merkatu kuotaren %41 inguru bereganatu duela azaldu du, orain urtebete inguru baino bost puntu gehiago. Espainiako estatuan, bestalde, merkatu kuota %8koa du.