Argazkia: iStock

FINANTZAK

Luzarok 30,4 milioi euro eman ditu kredituetan aurten, iaz baino %49 gehiago

119 eragiketa gauzatu ditu 2024ko lehen sei hilabeteetan, iazko epe berean baino %63 gehiago. EIBri finantzazio lerro berria eskatzea aztertzen ari da

Luzaro finantza erakundeak aurreikuspen guztiak hautsi ditu aurten. Partaidetzako kreditu elkarteak iaz baino %63 eragiketa gehiago gauzatu ditu 2024ko lehen seihilekoan (119). 30,4 milioi euroko kreditua eskaini du guztira, iazko epe bereko kopurua %49 handituz, eta urteko osoko aurrekontua 44 milioi eurotan ezarrita zegoenean.

Luzaroren eragiketen %47 Elkargiren abalarekin gauzatu dira, bai arriskua, bai kapitalaren kontsumoa murriztuz. Hala argitu du Elena Urbizu erakundeko zuzendariak. Horrekin batera, funtsen %85 inbertsio eragiketak babestera bideratu ditu erakundeak, %13 kapital zirkulatzailera, eta soilik %2 berregituratzera. “Berregituraketa operazioak minimoetan badaude ere, kreditu zorroa egonkortzeko planen bat aztertzen ari gara”, argitu du.

Halaber, berankortasun tasaren gorakadarik ez dutela izan azpimarratu du Urbizuk, eta Luzaroren kredituak jaso dituzten enpresek 2023an emaitza onak izaten jarraitzea espero du, 2022ko ildo beretik jarraituz.

Europako Inbertsio Bankuari (EIB) finantzazio lerro berri bat eskatzea aztertzen ari da Luzaro, datozen urteetako likidezia ziurtatzeko asmoz. 2021ean EIB eta Eusko Jaurlaritzarekin itxitako akordioaren emaitza da egun duten finantzazio lerroa. 50 milioi eurokoa izan zen, 25 milioiko bi zatitan eskainitakoa, eta agortzear da jada. Egun Luzarok duen jarduera handiagoa dela kontuan harturik, finantzazio lerro berria 100 milioi eurokoa izan daiteke.