Argazkia: iStock

SAKONEAN

MiCA: Europako kripto-industria arautzeko lehen urratsa

Europar Batasunak onartu berri du kriptodiruan erregulatzeko lehen neurri multzoa. Araudi aitzindaria da mundu mailan, baina ez dio kriptoen esparru guzti-guztiari eragiten

Aro digitalean produktu eta zerbitzu gehienak digitalki diseinatu, banatu eta ordaintzen badira, blockchain teknologiak egindako ekarpen nagusia balio digitala beraren transmisioan datza. Orain arte eduki digitalak kopiatu egiten genituen. Adibidez, erabiltzaile batek abesti bat MP3 fitxategi batean kopiatu eta beste erabiltzaile bati bidal ahal ziezaiokeen, eduki digitala bikoiztuz. Hemendik aurrera, erabiltzaile batek beste erabiltzaile bati aktibo digital bat blockchain bidez bidaltzen dionean, ez da jatorrizkoaren kopiarik egingo; originala bera bidaliko da, bidaltzaileak bere jabetzari uko eginez, alegia, kontabilitate bikoitza zapuztuz. Blockchain teknologiak, gainera, balio transmisio hori bitartekaririk gabe egitea ahalbidetzen du, era deszentralizatuan, protokolo ezberdinen bidez. Tokenizazioak (balio digitalaren irudikapena token bidez) eta deszentralizazioak (bitartekaririk gabeko transakzio-segurtasuna eskaintzea) paradigma aldaketa bat suposa dezakete hainbat industriarentzat, finantzak barne.

Berrikuntza hori arautzeko asmotan koka daiteke MiCA. Laburbilduz, MiCA Markets in Crypto Assets Europar Batasuneko (EB) lege proposamena da kripto-aktiboen igortzea, zaintza, erosketa, salmenta eta merkataritza arautzeko. Besteak beste, erabiltzaileen segurtasuna eta industriaren hazkunde iraunkorra bermatu nahi ditu, eta Europako 27 herrialdeetan izango du eragina. Izan ere, bi urte eta erdi baino gehiagoko eztabaida eta doikuntzaren ostean, Europako Parlametuak apirilaren 20an onartu berri du, 517 bozka alde izanik, 38 aurka eta 18 abstentziorekin.

MiCAren kokapena digital finance packean

MiCA ez dator bakarrik EBeko Finantza Digitaleko paketearen zati bat baita, arauzko beste ekimen batzuekin batera. Pakete hori 2020ko irailean iragarri zen, eta helburu du EBeko finantza sektore digitala indartzea, berrikuntza sustatzea eta kontsumitzaileen babesa bermatzea.

Paketeak finantza-zerbitzu digitaletarako EB-eko estrategia, erresilientzia operatibo digitalaren legea (DORA) edo adimen artifizialaren arau-esparrua bezalako ekimenak biltzen ditu. Paketearen helburua Europan finantza-sektorearen berrikuntza eta digitalizazioa sustatzea da, nola ez, finantza-egonkortasuna eta kontsumitzaileen babesa bermatuz. Ez da erronka kaxkarra, izan ere berrikuntza eta kontrola ez datoz beti bat.

Noiz sartuko da indarrean?

MiCA zuzenean aplikatuko da EB osoan, lege nazionalen ezarpen beharrik gabe. Hasieran 2023ko erdialderako aurreikusi zen araudia indarrean sartzea. Hala ere, Europako Parlamentuan onartzeko izandako atzerapenen ondorioz, ez da indarrean sartuko 2024 erdialdera arte, zati bat 2025 hasierara atzeratu daitekeelarik, hau da, EBeko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik 18 hilabetetara.

MiCA araudia munduko lehena eta bakarra da esparru horretan

MiCA araudia munduko lehena eta bakarra da esparru horretan, eta beste jurisdikzio batzuetako bidea markatuko du ziurrenik. Besteak beste, AEBeko agentzia federalek kriptodiru merkatuko entitateen aurkako ekintzak koordinatzen ari dira, beraien araudi propioa egitekotan. Gary Gensler SEC Balore eta Truke Batzordeko burua, esaterako, protagonismo nabarmena hartzen ari da, Lummis eta Billibrand senatariekin batera.

Zergatik MiCA

Aipatu berri bezela, MiCA EBeko kripto-aktiboen merkatua arautzeko beharragatik sortzen da. Kriptodiruak, mundu osoan ospea eta erabilera irabazten ari dira, baina kasu askotan, arau-arazoak eta inbertitzaileentzako eta erabiltzaileentzako segurtasun arazoak agertu ohi dira. Gogoratzen Terra kriptodirua “egonkorrak” 2022ko maiatzean izandako kolapsoak eragin zuen 600.000 erabiltzaileren aberastasunaren lurruntzea? Eta 2022ko azaroan FTX munduko hirugarren kriptodirua trukatze plataforma handienaren porrota, bezeroen eskaerari erantzun ahal izateko ez zuelako erreserbarako aktibo nahikorik gorde, likidezia krisi baten ondorioz, eta gerora agertu diren beste praxi txar batzuek bultzatuta?

EBeko kripto-aktiboen merkatua arautzeko beharragatik sortzen da. Kriptodiruak, mundu osoan ospea irabazten ari dira, baina kasu askotan, arau-arazoak eta inbertitzaileentzako eta erabiltzaileentzako segurtasun arazoak agertu ohi dira

Testuinguru honetan, EBak beharrezkotzat jotzen du halakoak ekiditzeko arau-esparru komun bat ezartzea eskualdeko kripto-aktiboak erosi, saldu eta negoziatzeko. MiCA araudia finantza-sektorearen zilegitasuna areagotu eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzera dator, baina baita berrikuntza eta kripto-aktiboen industriaren hazkunde iraunkorra sustatzera ere.

Horrez gain, araudiak sektore honetan jarduten duten enpresei lizentzia lortzeko eta ezarritako baldintzak betetzeko aukera emango die, hala nola kriptodirua jaulkitze, truke eta zaintza zerbitzuen hornitzaileei, zerbitzu horien inbertitzaileei eta erabiltzaileei babes handiagoa bermatuz.

Zein kripto-aktibo bereizten ditu MiCAk?

MiCAk hiru aktibo digital mota desberdin bereizten ditu bere arauzko proposamenean. Bereizketa hori ondasunen izaera eta ezaugarrietan oinarritzen da, eta haietako bakoitzari aplikatuko zaion arau-maila propioa izango da.

Lehenengoak dira Aktiboei Erreferentziaturiko Tokenak (ART Asset-Referenced Tokens). Horien helburua da balio egonkorra mantentzea, eta horretarako edozein aktibo edo eskubideri erreferentzia egiten zaio, edo bien konbinazioari, baita moneta ofizial gehiagori ere. Kategoria horrek biltzen ditu diru elektronikoko erreferentziazko tokentzat hartzen ez diren kripto-aktibo guztiak, zeinen balioa aktiboek babesten duten. Horren adibide da Digit (DGX), leku seguruan gordetako urre fisiko kopuru baliokide batekin babestua dagoena.

Aktiboei Erreferentziaturiko Tokenen helburua da balio egonkorra mantentzea, eta horretarako edozein aktibo edo eskubideri erreferentzia egiten zaio, edo bien konbinazioari,

Bigarrenak dira Diru Elektronikoaren Tokenak (EMT e-Money Token), balio egonkorra mantentzeko moneta ofizial bakar bati erreferentzia egiten diotenak. ARTen eta EMTen arteko aldea da txanponaren prezioa onartzen duen erreferentziaren konfigurazioa. Lehenengoan, aktiboak edo dibisen saski bat erabiltzen da; bigarrenean, moneta bakarra, euroa, adibidez. Horrek diru elektronikoaren kontzeptura hurbiltzen du.

Azkenak dira erabilgarritasun-tokenak (utility-token). Aurreko definizioetan sartzen ez diren tokenak dira, produktu edo zerbitzu jakin bat erabiltzeko jaulkitako aktibo digitalak, alegia. Aktibo horiek ez dituzte ordainketa-bide baten ezaugarrirak eta ez dira finantza-tresnatzat hartzen. Erabilgarritasun-token baten adibidea da lineako zerbitzu batera sartzeko erabiltzen den tokena, Crypto.com (CRO) plataformak berak sorturikoa kasu, erabiltzaileei balio erantsia emateko sortua.

MiCAk ezarritako aktibo digitalaren bereizketa garrantzitsua da aktibo mota bakoitzari aplikatuko zaion erregulazio maila zehazten duelako. Adibidez, MiCAk eskakizun zorrotzagoak ezartzen dizkie EMT ekimenei ARTei baino, lehenengo aktibo horiek finantza sisteman izan dezaketen eraginaren sakontasunagatik. Modu honetan, bereizketak inbertitzaileak eta erabiltzaileak babestuta daudela, eta kripto-aktiboen merkatuak modu seguru eta gardenean funtzionatzen duela bermatzen lagunduko du.

MiCAk ezarritako aktibo digitalaren bereizketa garrantzitsua da aktibo mota bakoitzari aplikatuko zaion erregulazio maila zehazten duelako

Dena den, MiCA arauditik kanpo geratzen dira beste kripto-aktibo eta protokolo batzuk, besteak beste, balore tokenak (security token), NFTak (token ez fungibleak), CBDCak (banku zentraleko moneta digitalak, euro digitala bezalakoa), baita DeFi (finantza dezentralizatua) ala DAOak (erakunde autónomo deszentralizatuak) ere.

MiCAk erregulatutako zerbitzuak

MiCA proposamenak ez du kripto-industriak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak arautzen, kripto-aktiboekin lotutako honako zerbitzu batzuk baizik. Batetik, kriptodiru truke zerbitzuen hornitzaileentzako baldintzak arautzen ditu, besteak beste, lizentzia bat lortzeko eta gardentasun, diru zuriketaren aurkako eta terrorismoaren finantzaketari buruzko araudia ezarriz.

Bestetik, zaintza zerbitzuak ere arautzen ditu, segurtasun eta aktiboen babeserako estandarrak ezarrita, kripto-aktiboen zaintza zerbitzu hornitzaileentzat. Horrekin batera, inbertsio aholkularitza zerbitzua arautzen du, besteak beste, bezerorarekiko egokitasuna eta gardentasunean oinarritua.  +

Ez ditu kripto-zerbitzu guztiak arautzen. Esate baterako, proposamena ez zaie aplikatzen kriptodiru meatzaritza-zerbitzu hornitzaileei, ezta zaintza zerbitzurik gabeko zorro digitalaren hornitzaileei ere

Gainera, ICO Initial Coin Offering edo hasierako kriptodiru-eskaintzentzako baldintzak ezartzen ditu, inbertitzaileei informazio osoa eta zehatza ezagutaraztea barne, baita eskaintza hori egiteko lizentzia lortzea ere. Era berean, kripto-aktiboen merkatuan jarduten duten ordainketa-zerbitzuen hornitzaileentzako arauak ere ezartzen ditu, besteak beste, lizentzia bat lortzeko eta gardentasun- eta kontsumitzaileen babes-arauak bete beharra. Azkenik, kripto-aktibo mota desberdinak definitu eta sailkatzen ditu, eta horiek jaulkitzeko eta merkaturatzeko arauak ezartzen ditu.

Aipatu bezela, MiCAk ez ditu kripto-zerbitzu guztiak arautzen. Esate baterako, proposamena ez zaie aplikatzen kriptodiru meatzaritza-zerbitzu hornitzaileei, ezta zaintza zerbitzurik gabeko zorro digitalaren hornitzaileei ere, Metamask, adibidez. Era berean, ez zaie aplikatzen P2P (peer-to-peer) truke-zerbitzuen hornitzaileei, zeintzuek kripto-aktiboen erosketa eta salmentan bitartekari gisa jarduten ez duten.

Kripo-aktiboen inguruko beste erregulazioa

MiCArekin batera, eurodiputatuek TFR Transfer Rule edo Bidai araua onartu berri dute, 529 aldeko boz alde, 29 kontrako eta 14 abstentziorekin. EBko lehen legedia da Bitcoin eta diru-elektronikoko tokenak bezalako kripto-aktiboen transferentzien jarraipena egiteko balioko duena. Europako Parlamentuaren prentsa oharrean azaldu denez, TFRren helburua "kripto-moneta transferentziak, beste edozein finantza-transakziorekin bezala, beti trazatu ahal izatea bermatzea da, transakzio susmagarriak blokeatu ahal izateaz gain".

Hala, “bidaia-araua” deritzona dirua zuritzearen eta terrorismo finantzaketaren aurkako neurri nagusietako bat bezala aplikatzen da, FATF International Financial Action Groupek proposatua, alegia.

Erregimen Pilotu (Regime Pilot) arauak, [...] finantza aktibo tradizionalak (bonuak, agindu-txartelak, akzioak…) tokenizatzea ahalbideratuko duela, sistema finantzarioan eragin handia izango duelarik

Bestalde, aipatu beharra dago Erregimen Pilotu (Regime Pilot) arauak, Europan blockchain azpiegituren erabilera ahalbideratuko duela, eta horrek finantza aktibo tradizionalak (bonuak, agindu-txartelak, akzioak…) tokenizatzea ahalbideratuko duela, sistema finantzarioan eragin handia izango duelarik.

MiCAren ondorio nabarmenenak

Denborak azaleratuko ditu MiCAren benetako ondorioak zeintzuk diren, baina aurreikusi daitezke jada joera batzuk. MiCAk finantza-industriako partaide ezberdinei sektorean kokatzen lagunduko die. Partaide berriak sortuko dira, balio erantsi proposamen berritzaileekin, baina aldi berean sistema finantzarioko ohiko partaideek ere gaiarekiko euren posizionamendua berrikusiko dute. Ez harritu etorkizunean banketxeek kripto zerbitzuak eskaintzen badituzte.

Horrekin batera, MiCA kripto-industriaren lehen araudi esanguratsua den bitartean, beste jurisdikzio eta erregulazio mota batzuetarako sarrera gisa balioko du. Bestalde, erabiltzaileen adopzioan goranzko joera bultzatuko du, bai norbanakoek, bai erakundeek, beraien interesak zaintzen dituzten mekanismo gehiago izango baitituzte, horrek segurtasun sentsazio handiagoa emango dielarik.

Erabiltzaileen adopzioan goranzko joera bultzatuko du, bai norbanakoek, bai erakundeek, beraien interesak zaintzen dituzten mekanismo gehiago izango baitituzte

Hori gutxi balitz, arau eta lan esparru argiagoak izateak berrikuntzarako ziurgarritasuna areagotuko du, eta horrek inbertsio gehigarriak sustatu ditzake. Baliteke, era berean, finantza-sistema tradizionalaren eta DeFi delakoaren arteko konbergentzia prozesu bat arintzea. Gainera, eztabaida eta gatazka berriak sortuko dira, besteak beste, deszentralizazioa eta kontrolaren inguruan.

Arian, arian, xehetzen da burnia, eta ekinaren ekinez ezarriko da araudia.