Oporren ostean, Frankfurtera begira
Irailaren 12an bilduko da Europako Banku Zentrala tasen inguruko erabakia hartzeko. Inflazioa eta hazkundearen bilakaera xehe aztertuko dute
Eskolara eta lanera bueltatzeko hilabetea izaten ohi da iraila. Ez da kontu samurra izaten. Oporren osteko estresa ere izaten dute askok laneko mahaia ikusita edo e-mailean irakurri gabeko mezuen zerrenda ikusita. Estresa ekonomikoa ere izan daiteke. Oporretan aise eta pozik astindutako kreditu txartelaren ordainagiria ikaratzekoa izaten da askotan, eta eskolarako beharrezko materialaren gastuak ere ez du laguntzen. Bada, sikiera, zama ekonomikoa arintzen lagundu dezakeen albiste on bat, ala ez: hipotekaren kuota murriztu dezakeen interes tasen bilakaera.
Europako Banku Zentrala ere oporretatik bueltatuko da, eta irailean 12an bilera garrantzitsua izango du Frankfurten. Moneta politika aztertuko du bilera horretan, eta diruaren prezio ofiziala, interes tasa, beste koska bat murriztea erabaki lezake.
Ekaineko bileran EBZk tasa %4,25ean utzi zuen (finantzaketa eragiketa nagusien tasa %4,25ean, krediturako erraztasun marginala %4,50ean eta gordailurako erraztasuna %3,75ean), eta Christine Lagardaren hitzak aztertuta, merkatuek iraileko bileran beste koska bat jaistea espero dute. Horren isla izan da banku arteko merkatuaren erreferentziazko indizea, euriborra. Martxotik aurrera urtebeterako euriborrak behera egin du, uztaileko batezbestekoa % 3,526ra jaitsita.
Tasa aldakorreko hipoteka gehienen erreferentzia urtebeterako euriborra izaten da, nahiz eta enpresen alorrean sei hileko euriborra ere erabiltzen den
Egunero negoziatzen da euriborra eta hilero hilabete horretako batezbestekoa kalkulatzen da. Tasa aldakorreko hipoteka gehienen erreferentzia urtebeterako euriborra izaten da, nahiz eta enpresen alorrean sei hileko euriborra ere erabiltzen den. Kasu batzuetan hileko batezbestekoa hartzen da, eta beste batzuetan, aldiz, eguneko urtebeterako euriborra. Biak ala biak, halere, norabidean mugitzen dira eta uztailak albiste onak utzi zizkien tasa aldakorreko hipoteka duten bezeroei. Hala, 25 urterako 150.000 euroko hipoteka bat aintzat hartuta, urtean behin kuota berrikusten zaien bezeroek hilean 47,3 euro inguru gutxiago ordainduko dute. Berrikusteta sei hilerik behin dutenei, ordea, 12,4 euro jaitsiko zaie kuota.
Abuztuan euriborrak joerari eutsi dio, atzo euriborra %3,183an kokatu zelarik eta, hortaz, behin behineko abuztuko batezbestekoa %3,198an kokatuta.
Inflazioak baldintzatutako bilera
Inflazioaren kontrola da EBZren zeregin nagusia, %2aren inguruan mantenduta, eta horretarako moneta politika erabiltzen du. Pandemia eta Ukrainako gerrak eraginda, prezioek gorako bideari ekin zioten, aspaldian ikusi gabeko inflazio tasak utzita. Lagardek zuzentzen duen banku zentralak inoizko tasen gorakadarik azkarrenarekin erantzun zion erronkari, eta argi esan zuen tasak mala altuan mantenduko zituela inflazioa menderatu arte, ekonomiak eusten zuen bitartean.
Bada, bi datu horiek dira EBZk aztertuko dituenak iraileko bileran. Hala, bigarren hiruhilekoan euroguneko ekonomiak %0,3 egin zuen aurrera, aurreko hiruhilekoaren abiadura berean. Estatuz estatu aztertuta, ordea, badira alde nabariak. Alemaniaren ekonomiak, historikoki Europako motorra izan denak, atzera egin zuen %0,1. Gainontzeko estatu handienek, aldiz, hazkundea izan dute: Frantziak %0,3, Italiak %0,2 eta Espainiak %0,8. Ondorioa oso argia da, industria errenka dabil Europan eta zerbitzuak, turismoa bereziki, dira hazkunde ekonomikoari hauspoa eman diotenak.
Bigarren hiruhilekoan euroguneko ekonomiak %0,3 egin zuen aurrera, aurreko hiruhilekoaren abiadura berean
Inflazioari dagokionez Euroguneko prezioek espero baino portaera okerragoa izan dute uztailean, urte arteko datuak %2,6 gora eginda. Kasu honetan ere estatuen artean badira alde nabariak, baina euroguneko datu orokorra izango da EBZk iraileko bileran aztertuko duena. Inflazioa menderatzeko erronkan zertxobait atzera egitea eta hazkunde ekonomikoa sendo mantentzeak epe laburrean espero baino jaitsiera gutxiago egotea ekar lezake. Datuak datu, analista guztiek segurutzat ematen dute Lagardek tasak laurden batean jaistea.
Beste banku zentralen erabakiak
Europak bere erabakia hartu bitartean udak beste bi erabakiren albistea utzi digu. Uztailaren bukaeran Erreserba Federala bildu zen, eta tasak egungo mailan uztea erabaki zuen, %5,25 eta %5,5 bitartean. Irailean etor liteke lehen jaitsiera. Jerome Powell Erreserba Federaleko buruak bere diskurtsoa leundu du, eta inflazioaren helburura hurbiltzen ari direla onartu zuen, oraindik “zertxobait altu” badago ere. Ñabardura hori aldaketa nabaria da aurreko agerraldiekin alderatuta. Enpleguaren datuak ere aztertu zituzten uztaileko bileran, moteldu egin direla onartuz. Bi datu horiek dira, hain zuzen, irailean tasen jaitsiera etor litekeela pentsatzeko oinarri nagusiak.
Uztailaren bukaeran Erreserba Federala bildu zen, eta tasak egungo mailan uztea erabaki zuen, %5,25 eta %5,5 bitartean. Irailean etor liteke lehen jaitsiera
Moneta Politikaren alorrean udak utzitako beste albisteak Londresetik eta Tokiotik etorri dira, Japoniako banku zentralak interes-tasa %0,25era igota. 2008ko urritik izandako mailarik altuena da hori. Hazkunde ekonomiko oso motela izan du Japoniak azken hamarkada honetan, eta 2024rako ekonomiak %0,2 atzera egitea espero du.
Kontrako erabakia hartu du, aldiz, Ingalaterrako Bankuak, tasak %0,25 jaitsita. Merkatuek aurreikusi bezala %5,25etik %5era murriztu du diruaren prezioa. 2020ko martxotik egindako lehen jaitsiera izan da, eta prezioen bilakaera aztertuta hartu dute erabakia. EBZk bezala Ingalaterrako Bankuak %2ko inflazio helburua du, eta maiatzean zein ekainean maila horretan kokatu da. Epe laburrerako, ordea, prezioen igoera espero dute, zerbitzuen alorrak bultzatuta, inflazioa % 2,75era helduta.