IRITZIA

37,5 ordu

Aurreko astean jakin genuen Madrilen kozinatzen aritu den eta bolo-bolo dabilen proposamen politikoa. Eta Espainiako Gobernu hipotetiko bat osatzeko PSOEren eta Sumarren arteko koalizio-akordioak Espainiako lanaldiaren iraupenari buruzko eztabaida piztu du. Bi talde horien proposamen nagusia lan-astea legez murriztea da, egungo 40 ordutik 37,5 ordura, bi urtean, soldata galdu gabe. Aurreko astean mahai baten bueltan jardun ginen Julen Bollain, Ainhoa Etxaide eta hiruok gai honen inguruan, eta honakoa ondorioztatu dut bertatik.

Lehenik eta behin, esan Espainian 40 orduko lanaldia 1983ko ekainaren 29an finkatu zela, eta beste herrialde batzutan kontziliaziorako bidean egin diren aurrerapenei muzin eginda, geroztik ez dela ukitu ere egin. Datu batzuk ematearren: begi honez ikusi den proposamenak aise gainditzen ditu Italia eta Irlandako 35 orduko lanaldiak, Alemaniako 34,6 ordukoak edota Austriako 33,7 orduak. Lehenago behar luken neurri bat da, eta hasiera besterik ez.

Lanaldi murriztuak nabarmen hobetzen du langileen ongizatea, edo hala diote datuek behintzat. Denbora gehiago ematen die langileei atseden hartzeko, familian egoteko edota aisialdirako. Patronalaren eta beste enpresari askoren iritziaren kontrara, lan-orduak gutxitzeak ez du lana edo produktibitatea gutxitzen, handitzen baizik. Gorago partekatutako datuen arabera, liderrak gara lan orduak batzen, eta aldi berean, gure lanean gustura ez egoten. Espainiar estatuan, langileen %24,4k —lautik batek— dio ez dagoela gustura egungo lanarekin; Europar Batasunean, berriz, %13,8k, Eurostatek lan-merkatuari buruz egindako azterketaren arabera (EURES, 2023).

Ikerketek erakutsi dutenez, lanaldi laburragoek produktibitate handiagoa eragin dezakete lan-ordu bakoitzeko; izan ere, ongi atseden hartzen duten langileak eraginkorragoak izaten dira eta akats gutxiago egiten dituzte, eta horrek lan-kalitate eta enpresa-errendimendu hobea ekar ditzake.

Kontziliazioa ere beste pilare bat da proposamenean. Lanaren eta bizitza pertsonalaren artean oreka hobea lortzea gizarte bidezkoago baterako urratsa da, ezbairik gabe. Horrek ere eragin positiboa izan dezake genero-berdintasunean, etxeko erantzukizunetan eta generoen arteko zainketa banatzea errazten baitu. Bide batez, aitatasun baja 20 astera luzatzea ere proposatzen da neurrien baitan.

Han atera da dagoeneko patronala —enpresari guztion defentsan— neurrion bidegabekeriaz berbaka. Haien hitzetan: “neurriak lehiakortasuna txikituko du”, “produktibitatea gaizto endemiko bihurtzen ari da” eta “lanaldi-murrizketarekin okerrera egingo du produktibitateak”. Eta hori esanda, garbi utzi nahi nuke patronalak ez dituela enpresari guztien iritzia ordezkatzen; nirea ez, behintzat. Lanaldia murrizteak gizarte-kohesio handiagoa ekar dezake eta komunitatearekin elkarreragiteko eta gizarte-jardueretan parte hartzeko denbora gehiago izango dugunez, gizarte integratuago eta solidarioago bat izango dugula gurean. Ea lan egiteari utziko dizkiogun 2,5 ordu horiek garai batean naturalki egiten zen boluntariotzara bideratzen ditugun, hartara lanean gusturago, produktiboago eta gizarte sanoago bat izango baikara.