IRITZIA

Abokatu gaiak

Zuzenbide fakultateko ikasle gehienek ez dute abokatu izan nahi, diozta fakultate horretako irakasle talde batek. Ikasgelan galdetuz gero nork izan nahi duen abokatu, oso gutxik jasotzen omen dute eskua. Eta zuzenbide ikasleek ez badute abokatutzan aritu nahi, zertan eman nahi dute etorkizuneko lan-bizitza estudianteek? Irakasleen esanetan, gehienek administrazio publikoan lan egin nahi dute, agian abokatutzan, baina, batez ere, administrazio publikoan aritzea hobesten dute. Gutxi batzuek, enpresa handi batean jardun nahi dute. Eta hondarrekoek, norbere kabuzko abokatutza dute jomugan. Alegia, ikasle gehienek funtzionario edo langile publiko izan nahi omen dutela, eta oso gutxi direla autonomo, ekintzaile, enpresariaren bidea ikusten dutenak bere buruarentzat.

Iruditzen zait abokatu taldeari hori guztia kontatzen ari zaizkigun irakasleek, zuzenbidea ikasi eta funtzio publikoa aukeratu zutenak karrera profesional gisa, disimulatu ezinezko errukiz begiratzen gaituztela abokatutzan dihardugun autonomooi. Autonomo? Puf, diote, lan baimenik, ordutegi onberarik, 14 pagarik, opor luzerik eta lan-jarrera edozein dela-eta bizi-arteko soldata bermaturik barik bizitzea zein bizitza klase ote den pentsatzen dihardutela ezin ezkutatu duten bitartean.

Beharbada, nik neure artean, ezin izan funtzionario-irakasleak ikasleen artean enpresa pribatuan edo bere kabuz aritzeko grina ondoen zabaltzeko aproposenak. Bada, baina, gizartean eredu jakinik ikasleei funtzio publikoa (aukera duina eta errespetagarria, nola ez) baino haratago beste lan-aukera batzuk erakargarri egingo diena? Ez baita bakarrik zuzenbide ikasleen kontua. Beste gradu askotako ikasleen tema ere bada funtzio publikoan enplegu bat eskuratu ahal izatea. Ez dute enplegu edo lan-zeregin jakin batekin amesten, funtzio publikoan lan egitearekin baizik; funtzionariotza da helburua.

Izango du zerikusia lan-merkatuan eskaintzen diren lan-baldintzekin: soldatak, egonkortasuna… Eta langile ekintzaile eta autonomoen lana gizartean ikusten den moduarekin eta bere kabuz diharduen langileari eskaintzen zaion babes eskasarekin. Izango du zerikusia, itxurak-itxura, Europa zaharreko gizarte kontserbadorea dela geurea. Eta baita ere aste bakarrean bi pertsona desberdinek, testuinguru desberdinetan, egin didaten iruzkin berberaren oihartzunarekin: ez dizut esango zenbat opor egun dauzkadan aurten, zeren haserretu egingo zara.

Emaitza onak opa dizkiet joan zen astean abokatu izateko azterketa egin zuten zuzenbidean lizentzatutako gazte guztiei. Lan ibilbide oparoa izan dezazuela abokatutzan, izan administrazioan, enpresan edo zeuen kabuz. Egunerokoan norbere lana baloratzea eta apreziatzea gauza handia da.