IRITZIA

Adimen artifizialaren disrupzioa

Bueltan da adimen artifiziala gure zutabean, baita indartsu itzuli ere. Udan zehar bueltak eman dizkiot zergatik idazten ote dudan hainbeste AAren inguruan, eta zera ondorioztatu dut: etorkizuneko enpresa eta ekimenak adimen artifizialean oinarrituko direla, edo ez direla izango. Horrekin ez noa esatera dependentziarik izango dugunik, baina gaur egun mugikorra edo interneta diren pareko, espazio-tresna bat izango delakoan nago. Eta gehiago garatzen ari den abiaduran, GPT-5ren inguruko espektatibak eztabaida sortu baitu adimen artifizialaren etorkizunari eta haren bilakaeraren inguruan. Adituen esanetan, GPT-5ek aurrerapen nabarmena ekar lezake zenbait arlotan, hala nola arrazoiketan, multimodalitatean eta zeregin konplexuen prozesamenduaren eraginkortasunean. Hala ere, OpenAIk tarteko bertsio bat aurkezteko aukera ere badu, GPT-4.5 bezala, merkatuan lehiakor mantentzeko presioaren aurrean egiten dituen sasi-bertsioak. Horrek galdera interesgarri bat dakar: AAn jauzi teknologiko handiak espero beharko genituzke, ala hobekuntza inkrementaletan zentratu?

Ikuspegi kritikotik, badirudi adimen artifizialaren berrikuntza aurrerapen teknikoen beharrak eta merkatuaren eskaerek gidatzen dutela. GPT-5en promesak espektatibak pizten ditu, baina teknologiaren historia hurbilak —ia 2 urte hauetan izan duen bilakaera kontutan izanik— iradokitzen du hobekuntza inkrementalek, GPT-4rekin ikusitakoek adibidez, eragin berehalakoagoa eta nabariagoa dutela askotan. GPT-5 aldaketa disruptiboa izan badaiteke ere, benetako galdera da ea berrikuntza ziztu bizian egiteko lasterketa honek gizartean gogoeta sakona egiteko aukera ematen duen teknologia horiek duten eragin etiko eta sozialaren bueltan. Eta ez gogoeta etikoak soilik, GPT edo bestelako LLM-en —Large Language Model— gainean eraikitzen ari diren enpresa eta tresnen berehalako zaharkitzea ere ez ote den erabat estrategikoa: behin eta berriz aldatzen bada oinarria, ez dago industria berriak eraiki eta egonkortzerik. 

Gainera, bilakaera azkarreko ingurune batean, OpenAIk industrian lider gisa duen zeregina etengabe ari da probatzen. AAren eremuan beste eragile batzuekin lehian aritzeak, Google eta Meta, esaterako, berrikuntza teknologikoa bultzatzeaz gain, merkatua erakartzeko enpresa-estrategiak ere bultzatzen ditu. Presioa gero eta handiagoa denez, jaurtiketa gehiago eta ausardia gutxiagokoak egitea izan daiteke haien estrategia, hori ikusi baitugu beste teknologia-sektore batzuetan, Iphone produktuetan adibidez. AA eragiten ari den haustura izugarria izaten ari da orain artean, eta GPT-5 aurrerapen tekniko bat izan liteke, baina zer izango da hain iraultzailea baldin eta berrikuntza zientifikoaren benetako beharrari baino gehiago presio komertzialari erantzuten badio?

Aldiz, berrikuntza teknologiko guztien atzean ere eraldaketa sozial, politiko eta legal bat ere izaten da, eta hala beharko du izan. AA ereduak aurreratuago bihurtzen diren heinean, eduki sinesgarriagoak eta sofistikatuagoak sortzeko duten gaitasunak hainbat gatazka dakarzki berekin: informazioaren manipulazioan, albiste faltsuen sorkuntzan eta erabiltzaileen pribatutasunean, esate baterako. GPT-5ek, bere arrazoitzeko gaitasuna eta multimodalitatea hobetzean, arazo horiek anplifikatu egingo dira. Orain artean ezer gutxi erregulatu bada, orain etor daitezkeen aldaketekin jai dugu. Dinamika eta berrikuntzaren abiadurak mugarik gabeko joko zelai bihurtu du adimen artifiziala, eta erregulatu behar dutenek ez badute dinamika aldatzen, zaila izango da enpresa horien garapen abiaduraren pare ibiltzea.