Adimen artifizialean inbertitu ondoren, guretzat lanean jartzeko unea da
Astelehen beltza munduko burtsetan. Hainbat faktore kozinatu dira azken egunetan eltzearen balbulak salto egin duen arte. AEBtako enplegu-tasa eta yenaren prezioa aurretik zetozen jaitsierei eta galerei gehitu zaizkie. Enpresa teknologiko handien kapitalizazio handiak baldintzatu du azken urteetan indizeen igoera eta azken hilabeteetan “burbuila” hitza gero eta gehiagotan errepikatzen zen.
Ez dakit burbuila den edo inbertsoreek zientziarekin topo egin duten. Prentsan irakurtzen ari naiz inbertsoreak itxaroteaz nekatu direla eta haien diruarekin finantzatutako zientzia fikzioa oraintxe bertan mahai gainean nahi dutela. Pandemia batetik irteten ari ginela, makinekin genuen interakzioa goitik behera aldatuko zuen ChatGPT agertu zen eta optimismo zurrunbilo batean bizi izan gara harrezkeroztik. Eta inbertsoreek, gainera, adimen artifizialaren olatua erraz monetizatuko zutela uste izan zuten.
Zientzia-aurrerapenak, ordea, ez dira ekonomiak eskatzen duen erritmoan egiten. Ez da adimen artifizial orokorrik erdietsi, laguntzaile birtualek zentzu handirik gabeko erantzunak ematen dituzte batzuetan eta beste tresna batzuek ataza mugatu batzuk baino ez dituzte egiten. Eta hala eta guztiz ere, asko egin dugu aurrera. Hauetarako guztietarako erabiltzen dugu egun adimen artifiziala: programatzen laguntzeko, datuen bistaratzeak egiteko, aurkezpenak prestatzeko, testuak txukuntzeko, itzulpenak egiteko... Baina gutako gutxik ordaintzen dugu lan nekez horiek automatizatzen dituzten tresnen truke. Enpresa salerosketa handirik ere ez da egon eta ez dirudi egongo denik.
Beraz, hau da dugun eszenatokia: inbertsioak merezi izan duen galdezka ari diren inbertsoreak, dolarrak konputazioan erretzen dituzten, baina gutaz gero eta gehiago dakiten enpresa teknologiko handiak eta (ia) dena doan jaso dugun erabiltzaileak. Ez dut uste datozen hilabeteetan zientziaren ikuspuntutik paradigma aldaketarik egongo denik, baina esparru akademikoan efizientziarako eta espezializaziorako joera gero eta nabarmenagoa da eta enpresek ere zehazki zer behar duten erabaki beharko dute. Bi urte igaro dugu adimen artifizialaz ikasten eta bada garaia adimen artifiziala gure beharrizanetarako autonomoki erabiltzen hasteko. Nik ere aplikatuko diot hori nire buruari.