IRITZIA

Administrazio berrizaleagoak

Azken urteotan administrazioaren digitalizazioa nabarmena izan da. Egoitza elektronikoak, osasungintzan aplikatzen ari den teknologia, hezkuntza publikoaren digitalizazioa eta beste arlo batzuetan digitalizazio prozesu sakonak gertatzen ari dira. Eta ez makina eta aplikazioak bakarrik; haiek osatzen duten pertsona tekniko-politiko guztiek jaso behar izan duten formakuntza eta tresna aldaketa ere digitalizazioaren parte izaten ari da.

Pandemiaurrea eta pandemia-ondorenak ere izan du aldea. Pandemiaren krisiak batzen dituen aldi biak konparatuz gero, paradigma aldaketa izaten ari dela argi dago. Digitalizazio prozesuaren abiadura —aurretik ere ematen ari baizen— bizkortu egin da, eta bizkortze horretan erabaki eta kontratazio publikoak handitzen ari dira. Kontratazio publikoa baita administrazio publikoak erabiltzen duen prozedimendua zerbitzu, ezagutza edo produktuak kontratatzeko barneko baliabide edo jakintzarik ez duenean; aitzitik, hori praktikara eramaterako orduan datoz arazoak. Administrazio publikoak badu nahia eta gogoa berritzeko, indartzeko edota eraldatzeko, baina enpresetan ez gara administrazio publikoa bezerotzat ikusten ari, eta horrek ehundaka kontratazio prozesu uzten ditu hutsik, umezurtz.

Enpresen eta administrazio publikoaren arteko harremanak lankidetza eta elkareraginean oinarritutako berrikuntzarantz eboluzionatu behar du. Administrazio publikoari zerbitzu edo produktuak eskaintzen dizkion sektorerik bada, eta sektore publikoaren eraginkortasuna modernizatzeko eta hobetzeko funtsezko oinarria izaten ari da. Zoritxarrez, enpresa askok oraindik ez dute ikusten administrazioa bezero potentzialtzat, eta horrek mugatu egiten ditu gure sare publikoak behar duen berrikuntza sozial eta teknologikorako aukerak. Ko-gobernantzaz aritzen gara, eta hitz hori aipatzen dugunean, askotan herritarren eta instituzioen arteko elkareragin eta lakindetzaz aritzen gara. Aldiz, marko horretan enpresei ere egin behar zaie lekua, edota kontrako zentzuan, enpresek ere administrazioari egin behar diote lekua ko-gobernantza gerta dadin.

Sektore horretan lan egiten duten enpresak —eta sektore teknologikoari erreparatuz— teknologiaren eta gobernantzaren arteko elkargunean daude, erakunde publikoek herritarrekin jarduteko eta harremanak izateko modua eraldatzeko eraginean. Irtenbide teknologiko aurreratuen bidez, prozesuak optimizatu, gardentasuna hobetu eta herritarren parte-hartze aktiboagoa eta eraginkorragoa bultzatzen baititu administrazio publikoak. Baina hori gehiago eta hobeto garatu dadin, oso garrantzisua da ikuspegi eta eraldaketa kultural bat bultzatzea enpresetan.

Enpresen erronka nagusietako bat pertzepzioa da. Historikoki, administrazio publikoa ingurune zurrun eta burokratikotzat hartu izan da, aldaketarekiko eta berrikuntzarekiko joera gutxikotzat. Irudi horrek enpresa asko aldendu ditu sektore publikoari zerbitzuak eskaintzeko ideia horretatik, baina badirudi pandemiaz geroztik, pertzepzio hori aldatzen ari dela gobernu gehiagok beren zerbitzuak modernizatzeko premia larria onartu duelako eta aukera ematen ari zaiela sektore askotariko enpresa edo entitate pribatuekin lan egiterako orduan.

Administrazio publikoak berrikuntza soziala eta teknologikoa behar du egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Datu masiboen kudeaketan, zibersegurtasunean, trantsizio energetikoan edota jasangarritasunean, irtenbide berritzaileak behar dituzten arazo konplexuei aurre egin behar diete gobernu eta erakunde publikoek. Hor, enpresek alde nabarmena eragin dezakete, eta sektore horretako enpresak egoera ezin hobean daude, eraginkortasun operatiboa hobetzeaz gain, gizarte-ongizate handiagoa sustatzen duten zerbitzu aurreratuak eta ikuspegi berritzaileak eskaintzeko.