IRITZIA

Ardanza: krisi industrialari buelta ematen jakin izan zuen Lehendakaria

EnpresaBIDEAko bileran ari ginela harrapatu gaitu Jose Antonio Ardanza Lehendakariaren heriotzaren albisteak, hauteskunde kanpainaren zurrunbiloan murgilduta. Lehia bizian dabiltza hautagaiak hautesleak bereganatu nahian, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erronkei aurre egiteko proposamenak herriz herri azaltzen. Ekonomia gako izango den boz hauetan enpresen errotzea, trantsizio ekologikoa eta, oro har, politika industrialek garrantzi handia hartu dute. Handia da, zalantza barik, azken urteotako krisi ekonomikoek utzitako aztarna: 2008ko higiezinen krisia, 2012ko zor publikoarena eta 2020ko pandemia. Ardanzaren heriotzaren berriak Eusko Jaurlaritzako lehendakari bihurtu zen garai horretara eraman nau, azken mende erdian Euskal Herrian egon den egoera politiko eta sozioekonomikorik gogorrenera, zalantza barik. Arrasateko alkate eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusia izan eta gero heldu zen Ajuria Eneara politikari bizkaitarra, Eusko Alderdi Jeltzalea bitan banatu zuen zatiketa traumatikoaren ostean. ETAren indarkeriak eragindako sufrimenduarekin batera, Euskal Herria gogor kolpatu zuen industria krisia izan zen aurre egin beharreko erronka nagusia.

Autogobernua lehen urratsak ematen ari zelarik hartu zuen lehendakariaren makila, eta Autonomia Estatutua garatzea bere zeregin nagusienetakoa izan zen. Bere alderdiak gehiengo osorik izan ez eta akordioak lortzeko beharrak baldintzatu zituen bere agintaldiak. Behar horri, baina, etekina ateratzen jakin izan zuen. 1986ko hauteskundeetan EAJ alderdirik bozkatuena izan bazen ere, PSEk lortu zituen parlamentario gehien. Sozialistekin adostu zuen Franco hil osteko lehen koalizio gobernua, eta bide horri ekion zion hurrengo legegintzaldietan ere bai, Eusko Alkartasuna eta Euskadiko Ezkerrarekin izandako esperimentu laburra salbu. Akordio gizona izan zen Ardanza, zalantza barik. Espainiako Gobernuarekin ere luze negoziatu behar izan zuen kontzertu ekonomikoaren inguruan, eta New Yorkeko Guggenheim Fundazioarekin hamar hilabetez negoziatu behar izan zuen Bilboko ikur bilakatuko zen museoaren sorrera. 

Hamalau urtez aritu zen lehendakari Ardanza eta euskal ekonomiaren eraldaketa izan zen, besteak beste, utzi zuen oinordetzarik esanguratsuena. Gainbeheran zebilen industria egiturari buelta ematen jakin izan zuen, politika publiko egokien bitartez. Autarkia batetik atera berria zen Espainiar estatua eta Europako Batasunera sartu ahal izateko sakrifizio oso handiak egin behar izan zituen, batez ere estatuaren babesari esker bizirautera oihututa zegoen industriaren kasuan. Europarako baldintzek ondorio oso larriak izan zituzten gurean, hala nola % 20tik gorako langabezi tasak edo industriaren pisuaren beherakada azkarra. Shock egoera horren aurrean Ardanzaren gobernuek egoera irakurtzen jakin izan zuten, adituen iritzietan oinarrituta. Michael Porter Harvardeko Unibertsitateko irakaslea izan zen aditu horietako bat. Beregana jo zuen Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegorako industria politikarako ildo berriak diseinatzen laguntzeko. Lankidetza horren ondorio dira klusterren sorreraren edo industria sektore berrien aldeko apustua, aeronautikarena kasu. Nazioartean lehiakorrak izateko "zero akatsen" politikak ere garai horretan sortuak dira. Apustu horien ondorio da egungo euskal industriaren kalitate maila altua, nazioartekotzeari moldatzen jakin duena eta estatu mailako errenta mailarik altuenak eman dituena. Nago politika publiko zuzenen adibide direla Ardanzaren lehen gobernu horiek. Etengabe aldatzen ari den egoera sozioekonomikoa modu egokian irakurtzen jakitearen garrantziaren eredu. 

Horregatik, hain zuzen, uste dut gure ekonomia trantsizio berri baten atarian dagoen garai honetan, beharrezkoa dela ondo egindakoak aitortzea, etorkizunerako lagungarri izateko. Hamalau urtez egon zen agintean Jose Antonio Ardanza, denbora oso luzea erabaki okerrak zein egokiak hartzeko. Ekonomiaren mundutik heldu zen Ardanza politikara, Lankide Aurrezki Kutxatik, egungo Laboral Kutxa dena, eta urte ekonomiko oso gogorrak kudeatzea egokitu zitzaion. Egoera ekonomiko malkartsuari, duda barik, aurre egiten jakin zuen, akordioak eta adostasunak erdietsiz. Goian bego.