IRITZIA

Argitaratu eta ordaindu

H indizea, WOS, JCR, Scopus, inpaktu faktorea… Publiko orokorrarentzat guztiz ezezagunak izan arren, hitz eta akronimo horiek guztiz familiarrak dira akademian murgilduta dagoen edonorentzat. Argitalpen zientifikoen jargoiaz ari naiz, hainbat zientzialari eta ikertzaile buruz ekartzen dituena. Edozein giza jardueraren eraginkortasuna ebaluatzeko orduan, adierazle eta metrikekiko menpekotasuna behartzen duen gure gizarte post-kapitalista honetan, ikerketa sistemak bere eragileek lortutako emaitzen kalitatea neurtzeko egitura sofistikatu bat garatu izan du. Egitura hori aldizkari zientifikoen gain sostengatzen da. Eta horietan argitaratzeko premiak industria emankor bat sortu du haien inguruan.

Hasiera batean, aldizkari horiek elkarte zientifikoek sortu eta kudeatzen zituzten, lortutako emaitzen zorroztasuna eta ezagutzaren difusioa bermatuz, eta harpidetza eredu baten bitartez funtzionatuz. Azken hamarkadetan, aldizkariok sarean daude eta bere eskuragarritasuna mugatua da, kontrola argitalpen enpresa erraldoien eskuetan dagoelarik. Enpresa irizpidearekin batera, berrikuntzak ere iritsi dira zientziaren difusio sistemara, sarrera iturri berriak sortuz egileei beste aukera bat emateko aitzakiarekin: irakurleari artikulua sartzeagatik kobratu beharrean, ikertzaileak argitaratzeagatik ordaintzea eta testua irekian egotea, guztientzat eskuragarri. Eredu berri horrek erabateko aldaketa suposatzen du zientziaren emaitzen komunikazioan: alde batetik, ikertzaileek aurreikusi behar dute bere proiektuetan eta aurrekontuetan dirutza bat beharko dutela argitalpen tarifa hori (APC, Article Processing Charges deiturikoa) ordaintzeko: ia 3.000 eurokoa, artikulu bakoitzeko. Prezio horretan ez da sartzen adituek egin beharreko berrikusketa, eurek lan hori beti dohainik egiten dutelako. Hori da zientziarekiko maitasunagatik lan egitea.

Bestetik, negozio eredu berri honetan, argitaletxeen lehentasunezko helburua aldatzen da, gehiago argitaratzea ezinbestekoa bihurtzen delako: zenbat eta artikulu gehiago argitaratu, orduan eta APC gehiago kobratzen dira eta, ondorioz, diru-sarrera gehiago lortu. Argitaletxeen etekinak haien ekoizpen-bolumenaren araberakoak izango dira, eta bere zorroztasuna eta aukeratzeko abilezia ez dira hain garrantzitsuak izango. 2018 eta 2023en artean, sei argitaletxe zientifiko nagusienek 8.200 milioi euro baino gehiago fakturatu zizkieten ikertzaileei APC kontzeptuan, Vancouverreko Simon Fraser unibertsitateko ikerketa talde batek dionaren arabera. Hala ere, harpidetzek oraindik enpresa horien sarreren %75 suposatzen dute. Azken horiek, unibertsitatetako liburutegiek ordainduta.

Kontuan hartuta ikerketarako baliabideen jatorria publikoa dela batez ere, zientziaren difusio sistema horrek suposatzen du ikerketara bideratutako dirutza publikoen zati potolo argitaletxetara egindako transferentzietara bideratzen dela. Beraz, paradoxikoki, internetek informazioa eta jakintza inoiz baino eskuragarriago eta askeagoa egingo zuela zirudienean, ezagutza merkantilizatu eta pribatizatu egin da. Jakina, jada baldintza mugatuak dituzten garapen bidean dauden herrialdetako ikertzaileen eta unibertsitateen argitaratzeko aukerak are gehiago murrizten dira sistemaren barnean.

Publish or perish. Argitaratu ala hil. Aforismo zaharrak sinbolizatu nahi zuen ikertzaileek bere karrera profesionala aurrera eramateko jasaten duten emaitzak argitaratzeko presioa. “Argitaratu eta ordaindu, ala hil” zehatzagoa dela esango nuke nik.