Aste historikoa merkatuetan… eta histerikoa ere bai
Atzoko Europako Banku Zentralaren tasen igoeraren berriak irratian harrapatu ninduen, eguerdiko albistegian. Lagardek zer erabakiko zain ari zen Iñigo Alustizaren taldea. Telefonoaren beste aldean neuk iruzkina egin behar nuen, arrapaladan.
Erabakia ezagutu eta burtsek gorrira jo zuten. Hamar minutu beranduago, ordea, gorria eta berdearen arteko dantza kromatikoari ekin zioten merkatuek eta egunaren bukaera berdea nagusi izan zen. Interes-tasen merkatuan ere aste historiko bezain histeriko izan dugu. Asteartean urtebeterako euriborrak jaitsiera historikoa izan eta gero, asteazkenean gora egin zuen berriro ere. Atzo, behera indartsu, eta litekeena da gaurkoan gorakada nabarmena izatea. Merkatuen gurpil zoroak bete-betean harrapatu gaitu, baina bizirik atera garela dirudi. Asteari errepasoa soseguz egiteko garaia dugu, hortaz.
Jatorri eta izaera askotako albisteek eragin dute anabasa. Signature eta Silicon Valley Banken kasuan likideziaren kudeaketa desegokia izan da krisiaren oinarria. Hiru urtetan bere bolumena hirukoiztu zuen banku amerikarrak, bezeroen gordailuek bultzatuta. Diru merke eta errazaren garaian, arrisku kapitaleko industriak barra-barra txertatu zuten likidezia start-up teknologikoetan, unikornioa bilakatuko zirela-eta, errentagarritasun handia berreskuratuko zutelakoan. Bakuak diru horrekin zer egin jakin ezinda, epe luzeko aktiboetan inbertitu zuen. Kalitate altuko aktiboak aukeratu zituen, zenbait kasutan estatuak bermatutakoak.
Ez zegoen, printzipioz, 2008ko krisiarekin alderatzeko motiborik, inflazioari aurre egiteko banku zentralek tasak igotzen hasi ziren arte. Tasak igo ahala, errenta finkoaren balorazioak behera egiten du bankuei galera (kontableak) eraginda. Kapital arriskuko funtsen diru txorrota itxi eta enpresek bankuan zituzten gordailuak eskatzen hastean etorri ziren komeriak. Porrotaren zergatiak aztertzeko kudeaketa txarrari Trumpen administrazioak onartu zuen araudiaren malgutzea gehitu behar diogu. 2008ko finantza krisia eta gero Obamak abiatutako araudi zorrotza larregi otu zitzaion SVBeko bururari eta Trumpi malgutzeko eskatu zion, eta honek hala egin. Araua tamaina ertaineko eskualde mailako bankuentzat lausotu zuen gobernuak eta, Larry Fink, Blackrock funtseko buruak aste honetan iradoki bezala, litekeena da porrot gehiagoren prozesu geldo baten hasieran baino ez egotea.
Ozeanoaren beste aldean ekaitza izan dugu. Suitzako agintarien arabera likidezia baldintza guztiak betetzen dituen Crédit Suisse erraldoiak erreskatea eskatu behar izan du. 2022an 7.400 milioiko galerak izan zituen, 2008 geroztik izandako handienak, eta bere akziodun nagusiak ez du diru gehiagorik sartu nahi izan. Izua berriro ere merkatuan, Europako Banku Zentralak moneta politikaren inguruan hartu behar zuen erabaki garrantzitsuaren atarian.
Bilera arrunta baino ez zuen izan behar, tasak igoko zituela iragartzeko. Christine Lagarde izar mediatiko baten moduan egunkari eta telebistako platoetan barrena ikusi dugu azken asteotan, interes tasak igotzearen beharra azaltzeko. Egoera, ordea, irauli egin zaio, eta moneta politika malgutzeko mezuak entzun behar izan ditu aste honetan.
Jean-Claude Trichet, 2008an EBZko burua zenaren mamua ere dantzan ibiliko zitzaion Lagardi. Finantza krisi handiaren atarian tasak are gehiago igo zituen, % 4,25eraino. Garai horretako inflazioa altuegia omen zen, eta kosta ala kosta menderatu behar zuela esan zuen Trichetek. Oraingoan bezala inflazioa ez zuen gehiegizko kontsumoak sortu, petrolioaren gorakadak baino. Hala ere, altuegia omen zen: %4 eta azpikoa % 1,8. Igoera eta aste gutxietara, AEBko hainbat banku txiki erortzen hasi ziren. Europak tasa igotzen zituen bitartean, AEBk beherazko bidea hasia zuen. Eta soilik Lehman Brothers erori zenean atzera egin zuen EBZk tasak jaitsita. Askotan leporatu izan diote Tricheti ekonomiari pultsua hartzen ez zuela jakin.
Datorren astean Erreserba Federala biltzekoa da, eta ikusteko dago moneta politikan ziagoba egin eta tasak jaitsiko dituen. Hala, balitz 2008ko egoerarekiko antzekotasunak geroz eta nabarmenagoak direla esango dute askok. Egoera ez da bertsua, inondik inora. Agintariek zorrotz gainbegiratzen dituzte Europako bankuak, eta kaudimen eta likidezia aldetik osasuntsu daudela diote begiraleek.
Lagardek, baina, meze enigmatikoa utzi zuen atzo. Behar izanez gero likidezia bermatzeko tresnak prest omen dituzte. Ez dut uste, egia esan, finantza-krisi baten atarian gaudenik, baina beti leporatu izan didate baikorregia naizela. Garik “esperantzara kondenatuak” ginela kantatu zigun behin. Neuk “konfiantzara kondenatua” izatea nahiago. Konfiantza faltak izua dakarrelako, eta izua ez da bidelagun ona. Are gutxiago merkatuetan.