IRITZIA

Bai eta ez

Etorkizun teknologikoaren abangoardia gisa hartzen ditugun konpainietan pentsatzen dugunean, aparteko doainak dituzten profesionalen gordeleku gisa irudikatzen ditugu. Enpresa teknologikoek eurek elikatu dute irudi hori: pertsona distiratsuen sormena azken bururaino eramateko propio diseinatutako espazioak ikusten ditugu, gaitasun ia mitikoak dituzten pertson horiek esne-mamitan zaintzen dituztenak, ez baitira alferrik etorkizun posible oro egingarri bilakatzen dituzten azti modernoak. Bada, CBN telebista-katean egindako erreportaje batek hautsak harrotu ditu, Adimen Artifizialaren esparruan lan egiten duten programatzaileen lan-baldintza penagarriak azaldu ditu eta. Kamarari bizkarra emanda mintzatu dira Adimen Artifizialaren esparruan lan egiten duten programatzaile batzuk, eta argitu dute ez dutela beren burua ezagutzera eman nahi, pertsonak kode-lerro akasdunen gisan tratatzen dituen sektore baten (sic) horrek ondorio latzak izan ditzakeelako. Esklabutzaren pareko lan-ordu amaiezinak salatu dituzte, etengabeko presioak jasaten dituztela miseriatik gertu dauden soldaten truke. 

Eguneroko edo asteroko ogia bilakatu da aspalditxo honetan: saihestezinak teknologiak — eta, bereziki, adimen artifizialak — enpleguan izango duen inpaktu negatiboaz hitz egiten duten ikerketak edo sasiko txostenak. Berriena (eta bistan denez, ez da ez azkena, ezta zientifikoeena ere) The New York Times-en ikusi dut, eta oso-osorik irakurri eta gero, berritasun gutxi: dakizkigun edo susmatzen ditugun ondorioak dakartza. Besteak beste dio gaur egungo enpleguen erdia baino gehiago Adimen Artifizialaren presioaren mende daudela, eta horrek eragin handia izango duela, artez eta moldez, lan-merkatuan. Izan ere, enplegu-galera urtean batez beste 30.000 dolarreko soldata gainditzen ez duten lanbide edo zereginetan kontzentratuko da, eta horrek eros-ahalmenean arrakala are handiagoak sortuko ditu. 

Aurria eta binperra ezin bereiz daitezke, txanpon bat eta bakarra osatzen dute eta: ezin duzu bat aukeratu eta bestea ukatu. Begien bistatik ez galtzea komeni da, analisi zintzoa egin nahi bada behintzat eta kontraesanek harritu ez gaitzaten: gauza bat eta haren aurkakoa erabat posible dira. Egia da teknologiari esker aukera profesional berriak garatzen ari direla eta horrek irudikatzea zaila den etorkizun posible asko irekitzen dituela eta, aldi berean, egia da teknologia hori bera enpleguak suntsitzen ari dela modu masiboan, ondorio katastrofikoak izango dituelarik. Eta bai, egia da enpresa asko giza-eskalako ereduak eta kulturak garatzen ari direla, zeinetan talentua zaindu eta loratu dadin baldintza berriak ezartzen ari diren, baina beren baitan, testuinguru eta toki bertsuetan, kontrolean oinarritutako kulturei dagozkien arauak aplikatzen jarraitzen dugu.  

Hozkailuko atean itsasten dugu erosketa-zerrenda eta gero argazki bat ateratzen diogu sakelakoarekin. Eskuz idazten dugu papertxo baten okurrenteak iruditzen zaizkigun mezuak, gero sare sozialetan paratzeko. Bai eta ez. Baina, baina ez.