Baterien birziklapenean inbertitu
Ibilgailu elektrikoen bateria ekoizleak asko izango dira hurrengo urteetan. Bateriak birziklatzen dituztenak, urriago. Eta larri beharko dira.
Ibilgailu elektrikoak bizkor datoz guregana eta hainbat bider hedatuko direla aurreikusten da. Haiekin, baterien eskaria eta ondorioz, bateriak eta baterien zeldak ekoizteko (giga)faktorientzako anbizio handiko planak biderkatu dira. Europan bi dozena baino gehiago. Iberiar penintsulan hamaika proiektu aurkeztu ziren Europako funtsekin martxan jartzeko. Valentziakoa baieztatu berri da, Nafarroakoa oraindik ez da ziur. Euskadin berreskurapenerako planaren funtsen %5a proposatu zen egoera solidoko bateriak ekoizteko.
Bateriek ingurumen erronkak dakartzate. Hauek behar dituzten metal geoestrategiko eta lur arraroak, adibidez, inpaktu handiko meatzaritzatik datoz askotan. Berriztagarrien hazkundearekin batera, meatzaritzaren zabalkuntza dator, bioaniztasuna kaltetuz beste hainbat arazoren artean. Kobaltoaren kasuan, erauzketak sarraskiak eragiten ditu Kongoko meategietan. Baterien bizitza agortuta eta zabor bihurtuta, ongi kudeatu behar da osagai toxikoak ez askatzeko. Aukerak: birziklapena, edota energia biltegiratzeko sistemetan berrerabiltzea.
Zientzia-aldizkarietan ikus daiteke baterien teknologia ziztu bizian doala. Espero da ikerketa eta garapenaren bidez baterien bizi-iraupena luzatuko dela, material arraro edo eskasen beharra murriztu, eta osagaiak birziklatzea erraztuko dela. Adibide onak hedatzen diren ikusi beharko da.
Ziur dena da hondakin bateriak sekulako kantitateetan pilatuko direla. Ez Europan bakarrik; mundu osoan. Ondorioz, haien kudeaketa eta birziklapenerako eskaera handia izango da. Eta erregulazioa norabide onean badoa, birziklatzeko errazagoak diren bateria berrien eskaera ere areagotu egin daiteke.
Inbertsioen aurreikuspenetan antzeman daiteke baterien ekoizpenean hainbat aktore berri eta indartsu izango direla. Lehiakortasuna zorrotza izango da. Horregatik, lehia horretan abantaila edukitzeko, aktore guztiak begiratzen ari ez diren norabide batean apustu sendoa egin daiteke. Norabide hori birziklapenarena dela esango nuke. Planifikaturiko inbertsioak ez daude horregatik horren arduratuta. Bateriak ekoitzi bai, baina erabili ondoren, haiekin zer egin? Hori ez dago narratiba nagusian, eta dagoenean ingelesez second thought deritzona dirudi.
Baina birziklapenerako eskaera ekoizpenaren mailakoa izango da, zalantzarik gabe. Birziklapenerako ikerketa eta garapenean aurrerapauso goiztiarrak lehiakortasun alderdia eman dakioke etorkizuneko industriari, baita alderdi berdeagoa ere.
Proposamena ekonomia zirkularraz jantzi daiteke. Termodinamikoki ekonomia zirkularra utopia da. Edozein eraldaketek materia kalitate edota energia galerak dakartzate. Beraz bukaezineko zirkulazioa ezinezkoa da, sisteman material eta energia gehiago sartu gabe. Baina utopiek batzuetan norabide onean jartzen gaituzte. Kasurako, ingurumen larrialdia leuntzeko. Zuhurrago jokatzeko.