IRITZIA

Bezero abere

Euskal Herriko etxe gehienetan amaitu dira gabonak dagoeneko. Azken otorduak, soberakinak eta desfileak geratzen dira agian, baina saltokiek prest dituzte bai urre koloreko apaingarriak gordetzeko kaxak, eta baita beherapenak iragartzeko kartelak ere. “Guztia % 50 merkeago” eta “hiru biren prezioan” dioten horiek. Arropak, etxetrensnak, gailu elektronikoak. Dendan, online, app bidez mugikorretik. Zernahi eros daiteke, merke bezain azkar.

Berdin salerosiko dira barra-barra gimnasioko harpidetzak, bizitza edo ohitura berri bat hartzeko beharrezko osagarriak eta ekipazioak, ikastaroak, webinarrak, erretiroak.

Kontsumoaren mozkorraldi garai bat bizi dugu. Edukiak berak ere, jada ez ditugu irakurtzen, ikusten, gozatzen, aztertzen; kontsumitu egiten ditugu. Zurrunbilo horren erdian eguneko 24 orduetan bezero garela ohartu naiz. Edo bezerogarri, gutxienez. Bezero abereak. Sakelakotik publizitate mezuak. Emailean publizitatea. Kaletik publizitatea. Dei komertzialak. Sare sozialetan hau edo bestea kontsumitzeko eduki pertsonalizatuak.

Ez da inorentzako sekretua ekoitzi-erosi-bota-ekoitzi eredu lineal horretan biosferaren eta justizia sozial eta klimatikoaren muga guztiak lehertzen ari garela. Kontsumoaren gurpila geratzen bada, ai. Beldurra. Lurrak dar-dar. Keynesek erakutsi zigun kontsumoak asko dezakeela. Eta ezin ere, asko ezin du kontsumo eredu honek. Ezin du, esaterako, bizitzaren jasangarritasuna bermatu. Ezin du erritmo eta prezio horretan lan baldintza duinik sortu.

Ekoizpen eredua eraldatu beharra dagoela ulertzen dugu, besterik ez bada ere kontzeptu abstraktu gisa. Eredu hori nola eta norantza eraldatu behar ote den erabakitzean, ordea, sortzen dira gatazkak. Antzerako zerbait gertatzen da kontsumoarekin ere, bereziki eraldaketaren ardura banakako kontsumo eta ohituretan delegatzen denean. Ekonomiaren oso ikuspegi liberala da norberarentzako onura indibidualen bila jokatzen duten norbanako kontsumitzaileek, haien eskariaren bitartez eskaintza moldatzeko gaitasuna izango dutela sinestea. Are gehiago, intentzio oneko liberaletik naifera pasatzen da ikuspegia horrek denontzako onurak ekarriko dituenik. Eskatzaileok ez dugu ondasun edo zerbitzurik imajinatzen, ez ditugu ekoizpenerako osagaiak, bakoitzaren ezaugarriak, ingurumen eta gizarte inpaktuak eta teknologiak ezagutzen, eraldaketa horretan exigitu ahal izateko.

Horrexegatik dago kontsumo arduratsuaren jokoa hain jarraibide kontraesankorrez josia gure ekonomian: tokikoa nahi dugu baina gure enpresak nazioartekotuz, birziklatu baina urtean asteburu pasak eta oporretara joan hegazkinez, ekologikoa baina beste kontinente batetik ekarria.

Kontsumo arduratsuaren anbiguotasunetik kontsumo arduratu batera igarotzen ari naizela sentitzen dut azken hilabeteetan. Eta ez, ez da akats ortotipografikoa, ez baitira gauza bera kontsumo arduratsua eta kontsumo arduratua. Kezkatik, urduritasunetik eta alarmatik abiatzen den kontsumo bat da. Gauzak orain, hemen gaurtik hasita beste era batera egin beharraren urjentziatik jaiotzen zait. Banakako erabaki puntual eta isolatuen segida batzuk hartzetik baino, ezinegon sakonago batetik dator behar hau, eta urrunago narama. Besteak beste, bezero izatetik haratago narama. Erabakiak hartzera, ikastera, beste pertsonekin antolatzera narama. Bizitzako arlo ezberdinak kolektiboki irakurri eta kooperatibizatzeak —baita kontsumoan ere— hori guztia esan nahi baitu: arduratzen hasi eta antolatzen amaitzea.