Bezeroen heriotza
Gogoan daukat J, nola adierazi zigun betiko aurpegi serioarekin gure lanaren ondorioz bizitza ikaragarri hobera aldatu zitzaiola, eta nola urtebetera bihotzekoak eman eta hil egin zen. Gogoan daukat F, zenbat gaizki ulertu eta borroka izan genituen lortu genuen arte epaileak giltzapetik atera zezan, denbora gutxira gaitzak jo eta eraman zuena. Gogoan daukat baita ere E, prozedura bat galdu genuenekoa, eta hala ere hurrengo baterako ere konfiantza gugan ipini zuena, eta nola azkenean lortu genuen gure helburua, eta “historia egin dugu, Laka” esan zidan hunkituta. Hilabete gutxira ikusi nuen haren eskela. Eta nire oso gomutan N, urte luzez bezero, lokatz askotatik pasatakoa, behingoz aparra hatz mamiekin ukitu, eta gehiago bizi nahi ez zuela erabaki zuena. Urteak pasa, eta min ematen du oraindik gogoratzeak hilabetez faltan sumatu zuen pertsona bakarra bere abokatua izan zela. Eta nola ez, gogoan daukat A, buruko zulo beltzaren sufrimenduan sartuta. Esan nion: zu arduratu zulo beltzaz, ni zulo legalak konpontzeaz arduratuko naiz, eta beltzarekin lagunduko dizu horrek. Konpondu genituen zulo legalak, baina ez zen nahikoa izan; beltza gailendu zen, eta gaitzak berak bertan geratzea erabaki ¡arazi zion.
Bezeroak ez dira gure lagunak, ez dira familiakoak, ezta kaleko ezagunak ere. Enpresaren edo profesionalaren zerbitzu hartzaile edo produktu erosle dira, beraientzako egiten dugu lan eta hortik abiatzen da gure harremana. Hala ere, harreman profesionalak ez dauka zertan izan hotza eta urruna. Gure lanean bezeroaren bidelagun bihurtzen gara sasoi luze batean, eta bere bizitzaren zati bat gidatzen dugu. Eta gero, helmugara iritsi, faktura pasa, ordaindu egiten digute eta harremana bukatu egiten da. Gertutasuna ma non troppo, tamainazko ondoan egote bat lana aurrera eraman ahal izateko.
Bidelagun izan dugun bezero baten heriotzak ez dauka protokolorik, ez daukagu horretarako aterki sozialik edo erreferenterik. Baina goizegi hil den bezero baten heriotzak sortzen duen samina sakona da, eta patroirik ez badago ere, dolua ahalik eta ondoen eramaten asmatu behar du profesionalak.
Bezeroak dira edozein enpresa edo profesionalen erdigunea; bezero barik ez dago negoziorik. Harreman komertzialaz haratago, ordea, beti zerbitzu profesionalen zedarrien barruan, bezeroarekin harreman estua eta pertsonala sortzen da eta bere heriotzean negar egiten dugu.
Heriotza eta gertuko hildakoak bereziki presente izango dugun aste honetan, ikuspegi profesionaletik, hildako bezeroak gomutan. Lanaren parte bai, baina batez ere gure bizitzaren parte ere izan direlako.