Bide berria: enpresarena
Leiho berri bat zabaldu du EnpresaBIDEA egunkari honek. Eta leiho guztien antzera, argi pixkat sar dadin aukera emango du. Kolore berezi bateko argia gainera, orain arte gurean ilunpe samarrean egondako mundu batez: enpresa mundua. Nonahi egonda ere, komunikabideetan gutxi agertzen ohi dena.
Badira arrazoi historiko eta politikoak gurean alor hau, bereziki euskaraz, isil samarrik mantendu dutenak. Askok jakingo du nor diren Mikel Oiartzabal, Oier Sanjurjo edo Didier Deschamps, baina gutxiagok nor diren Jon Uriarte, Eduardo Anitua edo Iñigo Ucin. Bixente Lizarazu bat ezagunagoa izango da gaurko Euskal Herrian Ramon de la Sota bat baino. Azken hauen golak edo lorpenak ez dira Gaur Egunetan hain erraz aterako. Tamalez.
EnpresaBIDEAk bide izan behar du gure enpresen berri eman eta zabaltzeko. Inguruan dugun kultur edo zientzia jarduna ezagutzea guztiz komenigarria den modu berean, enpresa jardunak garrantzi itzela du gure etorkizuneko jardun ekonomiko, lan aukera eta ongizatean ere. Eta ez hori bakarrik. Inguru hurbilean enpresa ekimenak ezagutu daitezen laguntzera dator leiho hau, bide batez zientziari, teknologia berriei edota unibertsitateei ere zabalik.
Ez da bakarrik enpresen ardura soziala geroz eta pisu handiagoa hartzen ari dela. Maila bateko edo besteko des-globalizazioa hasten denerako ere (jada hasi ez bada), hurbileko ekonomia, zero kilometroko ekoizpena eta ekonomia zirkularra indarra eta interesa irabazten joango dira. Edota energiarekin dugun arazoa ere eztabaidaren lehen lerrora ekartzeko modu bat izan daiteke, duela gutxi “Burujabetzara kondenatuta” artikuluan Joseba Azkarraga Etxagibelek azaldu bezala.
Lagun bati entzun nion: “Ez dut aukerarik galtzen nire enpresaz hitz egiteko”. Eta jarrera adimentsua iruditzen zait. Demografiaren eraginez, prestakuntza jakineko langileak urritzen doazkigu. Soldataz edo lan egonkortasunaz harago, bestelako faktoreei geroz eta garrantzi handiagoa ematen diete gazteok lanpostuak eta enpresak aukeratzerakoan. Bizkaia Talent moduko ekimenak ere beharrezko ditugu maiz, atzerrian dabilen jende prestatua gurera erakartzeko. Enpresek erakargarri izan behar dute, eta euren jarduna ezagutarazi, gizarteak duten balioa aitortuko badie.
Gipuzkoako bi adibide jartzeagatik, “Etorkizuna orain” edo “Enpresa kultura berria” debate publikoan kokatzeko. Finean, gure ongizate ekonomikoak inguruan bueltaka hegan dituen saiak ez direlako ahuntzaren gauerdiko eztula. Eta hurbiltasun, gardentasun eta konfiantzaz zer irabazi asko dugulako. “Ongi etorri EnpresaBIDEAa, eta zeu bertara, irakurle”.