Bizilagunek erabakiko dute
Azken urteotan, pisu turistikoen fenomenoa asko indartu da gurean, eta bereziki hirigune nagusi eta kostaldeko eskualdeetan. Gero eta ugariagoak dira etxe-jabeak euren etxebizitzak alokairu turistiko modura eskaintzen dituztenak, Airbnb eta beste plataforma digitalen bitartez, eta diru-iturri erraz horrek alokairuen garestitzea, bizilagunen arteko gatazkak eta hiri-espazioaren eraldaketa ekarri du. Testuinguru horretan, Espainiako Auzitegi Gorenak duela gutxi hartu duen erabakiak bide berria ireki du, pisu turistikoak murriztea bizilagunen komunitateen gehiengo zabal baten aldeko erabakian utzi baitu.
Auzitegi Gorenaren erabakiak bizilagunen komunitate bati baimena ematen dio, komunitatearen gehiengo handi batek hala erabakitzen badu, etxebizitza bloke osoan pisu turistikoak debekatzeko. Hemendik aurrera jabeen %60 ados egotearekin nahikoa izango da, eta horrek aukera handiagoak ematen dizkie bizilagunei beren etxebizitzen eta auzoen turismoaren dentsitatea zertxobait gehiago kontrolatu, eta herrian oreka bat mantentzeko.
Erabakiak berebiziko garrantzia du, bereziki turismo masiboak kolpatutako hiri eta auzoetan, non gero eta zailagoa egiten den bizitzeko espazio duinak aurkitzea. Turismoa maximo istorikoak egiten ari denetik, turisten eta bertako bizilagunen bizi-kalitatea uztartzea ez da erraza izaten ari. Aitzitik, erabaki hori norabide horretan lehenengo pausoa ematen saiatu da: bizilagunak izan daitezela bere komunitatean pisu turistikoak onartu ala ez erabakitzeko botorea dutenak. Komunitateak, orain, askoz indartsuago dira turismoaren inpaktuak kontrolatzeko eta etxebizitza turistikoen hedapen mugagabeari eusteko. Eredu horrek auzoen eta bizilagunen autogestioaren eta komunitatea eraikitzearen alde egiten du. Zer eta nola egin nahi den ezartzeko eskumena eskaini zaie.
Hala ere, erabakia ez da nahikoa arazoa guztiz konpontzeko. Lege-erreformak eztabaida areagotu du, ikusiak ikusita, beste neurri osagarri batzuk ere aztertzeko baitaudelako. Adibidez, alokairu turistikoen kontrol zorrotzagoa ezartzea. Administrazioek zailtasunak dituzte pisu turistikoak behar bezala identifikatzeko eta kontrolatzeko, eta horrek etxebizitza eta merkatu beltzaren eremua handitzen du. Erregistro publiko eraginkorrak ezarri behar dira, pisu turistikoen kopuru zehatza kontrolatu eta haien inguruko jarduera legeztatuta izan dadin. Gainera, pisu turistikoen aldeko neurriez gain, bertako alokairuen babesa ere indartu behar da, merkatu librearen espekulazioak saihesteko eta bizilagunen desplazamendua ekiditeko. Logika bera aplikatu al liteke? Gai izango ginateke bizilagunak komunitatean eta geure kabuz alokairuaren prezioa erregulatzeko? Ez dut erantzunik, baina esperimentu sozial bezala, ez da makala.
Herri bizigarriak behar ditugu, tokiko komunitateen ongizatea eta ingurumenaren babesa bermatuko dituzten legeak sustatuz. Lehen urrats garrantzitsu bat eman dugu etxebizitza turistikoen eta ez-turistikoen erregulazioaren bidean, bizilagunei turismoaren eragin negatiboak mugatzeko aukera emanez. Eta nahikoa ez bada ere, beharrezkoa izango da erregulazio bide horretan sakondu eta hedatzea, alokairu turistikoen kontrol zorrotzagoa ezartzea, tokiko politiken bidez bertako bizilagunen eskubideak babestu eta erabakiak hartzeko tresnak eskaintzea.