IRITZIA

Bizitzeko lan egiteaz

Lan jardunaldiari loturiko lege aurreproiektua onartu du aste honetan Espainiako gobernuak, eta negoziazio eta debateak puri-purian daude. Proposamenak biltzen du jarduna 37,5 ordura murriztea, betiere soldata mantenduta. Lan Harremanen Euskal Kontseiluak egindako kalkuluek diote sektore pribatuko 350.000 langileri eragin diezaiokeela EAEn, Nafarroako datuak jakiteke dauden bitartean. 

Testuinguru horretan, hitzok mahaigaineratu ditu Yolanda Díaz Lan ministroak: "Lana ez da merkantzia. 1944ko Philadelphiako deklarazioak esaten du hori. Gehiago esango dut. Lana ez da helburu bat bere horretan; ez gara bizi lan egiteko. Bizitzeko egiten dugu lan. Lana bitarteko bat da. Gure lanak hainbeste proiektatzen gaitu, ezen gure lanaren bitartez definitzen ditugun geure buruak. Ni abokatua naiz, zuek kazetariak zarete. Garrantzitsuena gure bizitzak direnean. Ez da jarduera profesional baten aritzen garen denbora. [...] Hobeto bizi, lan gutxiago egin, eta ekoizkorragoak eta efizienteagoak izan. Hori da neurriak bilatzen duena".

Murrizketa hori gauzatu behar den edo ez, eta nola egin behar den debatitzea, negoziatzea eta mahai gainean jartzea sindikatuei eta patronalei utziko diegu. Baina lana ulertzeko moduari buruzko bi hitz, horiek bai, debatea sortu asmoz.

Informazio gehiago Lanaldi murriztuaren mapamundia: zein herrialdetan ezarri da neurria?

Argi dago paradigma aldatzen ari dela, eta aldatu behar dela. Lana izan da mendeetan langileon bizitzan pisu gehien izan duen faktorea, lan egitea baitzen —baita— aurrera egiteko modua. Horri kontrajarrita, bizitza erdigunean jarriko duen paradigmak geroz eta indar gehiago hartzen du testuinguru baten zeinetan gizartea ziztu bizian doan eta lanari loturiko gaixotasun mental eta fisikoek geroz eta toki handiagoa duten. Are gehiago, sarri ikusi dugu duela hamarkada bat jubilatzen hasi zen belaunaldiko jende asko erretiroan pentsatzen aritu dela lanean hainbat urtez, jubilatu eta gutxira hiltzeko, "gozatzeko unea iritsi zaienean".

Eta argi dago, halaber, lan baldintzak hobetzeko bidean jarraitzeko beharra ukaezina dela, eta lan ondo egitea dela garrantzitsuena, ekoizkortasuna eta efizientziaren ikuspegitik ere bai.

Baina erreparatu diezaiegun une batez lan motei. Badira lan asko benetan gogorrak, bizimodua aurrera ateratzeko modutzat soilik jo daitezkeenak. Badira beste lan asko hortik kanpo bizi ahal izateko egiten direnak, aparteko motibaziorik sortzen ez dutelako. Aitzitik, bada beste lan mota bat, norbere gogo eta pasioekin ere zerikusia duena. Zenbaitetan lan egiten dugu gustuko dugun horretan, eta horrek ahalbidetzen du lanean ere nolabait bizi ahal izatea eta gozatzea, dena arrosa kolorekoa ez bada ere. 

Bokazioa ezin da aitzakia izan prekarizazioa onartzeko, edo lan baldintza duinak ez aldarrikatzeko. Baina gizarte bezala orokortzen den ideia bada bizitzeko soilik egin nahi dugula lan, non geratzen da bokazioa? Agian kasu guztietan bidea ez da bizitzeko lan egitea. Baliteke zenbait kasutan gako izatea bizitzea lanean ere bai.