COP16-aren aukera
Klima-aldaketari buruz galdetuta, "emisioen murrizketa", "energia berriztagarriak" edota "trantsizio ekologikoa" bezalako kontzeptuak barra-barra entzuten dira. Ukazioaren alde ez bazaude, irakurle, zu zeuk ere makina bat aldiz esango zenituen, eta enpresa-ardurarik baduzu zure egitekoen zerrendan egongo dira kontzeptu horiei lotutako zereginak, ez beti eta ez guztiak urgentzia-maila berberaz. Krisi edo larrialdia berbak ez dira urruti ibiliko. Bada, maiz ahaztu egiten zaigu funtsezko osagai bat, jasangarritasunerako bide horretan klima-auziaren «biki ahaztua» dena: biodibertsitatearen galera. Klima-aldaketaren beste alderdi batzuei eskaintzen diegun arretaren aldean, ia oharkabean pasa dena.
Kolonbian atzo hasi zen Nazio Batuen Aniztasun Biologikoari buruzko Konbentzioaren Aldeen Biltzarra, COP16 delakoa, eta galtzak bete lan dituzte bertara elkartu diren ordezkariek, goi-biltzarraren helburua baita gure planetako biodibertsitatearen suntsiketa azkarra gelditzea eta iraultzea. Egitarauari begiratuta, gela erdian dagoen elefantea baino, auzi horren oinarri-oinarrian datzan mamuta izango dute hizpide: kalapitari aurre egin ahal izateko finantzazioa.
Azken hamarkadetan, munduko biztanleria bi aldiz biderkatu da, munduko ekonomia (barne-produktu gordinarekin neurtuta) lau aldiz eta nazioarteko merkataritza hamar. Giza-taldeon eta ingurumenaren arteko elkarrekintzaren adierazleetako batzuk dira, ez guztiak, baina aski esanguratsuak dira, nire ustez. Ez da oso azkarra izan behar ulertzeko naturaren gaineko presio handiaren menpeko hazkunde-dinamika hori ezinezkoa zatekeela energiaren eta materialen eskarian presioa handiagotu gabe. Munduko Ekonomia Foroaren arabera, munduko Barne Produktu Gordinaren erdia naturaren mende dago eta Europako enpresen % 75 naturarekin lotutako zerbitzu baten edo gehiagoren mende daude. Epe laburreko garapen ekonomikoa epe luzean ongizaterako ezinbestekoa zaigun kapital naturalaren bizkar doa: ondokoen herentzia xahutzen ari gara, naturak gizarte-ongizateari egiten dizkion ekarpenen askotariko balioak erabat gutxietsi baititugu, epe laburreko balio ekonomikoetatik harago.
Kolonbian burutuko den goi-bileran duela bi urte Montrealen adostu ziren 23 helburuak aplikatu ahal izateko poltsikoak erakutsi beharko dituzte. Bioaniztasunaren galera gelditzeko urtean gutxienez 700.000 milioi dolar inbertitu behar dira, eta besteak beste, COPen elkartuko diren eragileek erabaki beharko dute nondik atera diru hori, nola banatu inbertsioaren zama eta zein bitartekorekin egin.
Ekonomia eta jasangarritasuna kontzeptu kontrajarri gisa kudeatu dituen garapen-ereduaren oinordekoak gara. Kapital naturalari eragin dizkiogun inpaktu eta galeretako asko konponezinak dira jadanik, baina asko dago egiteko eta datuen argitan, urgentea da. Etorkizunaren aldeko apustua egitea garestia iruditzen bazaigu, pentsa zer prezio ordainduko dugun, gaur ez bada bihar, ezertxo ere ez egiteagatik.
Badakit askok eszeptizismoarekin begiratzen ditugula atzo Kolonbian hasitako topaketen gisako goi-bilerak, eta ez zaigu arrazoirik falta. Arazo globalei irtenbideak aurkitzeko saiakera asko egin dira eta huts egin dute, unean bertan ez bada, ondoren, adostutakoa burura eramateko unea iritsi denean. Arazo globalek neurri, borondate eta begirada globala behar dute, eta ez da hori, tamalez, gaur egun usu dena. Gailurrak agenda baikorrekin hasten dira eta emaitza etsigarriekin amaitzen dira maiz eta, hala eta guztiz ere, ez dago alternatibarik: norabidea aldatzeko modua aurkitzera kondenatuta gaude, irtenbiderik gabeko amildegiaren ertzera gehiegi arrimatu gara eta.