Demografiaren indarra
Demografia beti izan diziplina azpi baloratua. Noski, hori ez da garrantzirik ez duelako, nabarmena baita bere pisua aldaketa sozialak eta ekonomikoa eragiteko orduan. Populazioa aldaketen erritmo eta malgutasun (faltagatik) izango da. Demografian ematen diren aldaketak oso mantsoak dira, baina aldagaitzak. Uhin luze eta geldiezin baten itxura hartzen dute, eta gobernuak askotan olatu horren zain geratzen dira itsas ertzean, paralisiak jota, bere inpaktuaren zain. Batzuetan, saiatu egiten dira neurriak eta politika diseinatzen, baina zaila da oso (edo ezinezkoa) ume gutxiago jaio araztea, jendea mantsoago edo azkarrago zahartzea edo gehiegizko populazioa murriztea, behintzat giza eskubideen errespetua aintzat hartzen dugun bitartean. Demografiak eragindako arazoei aurre egiteko tresnarik eraginkorrena (eta azkarrena) migrazioa izaten da, baina bere erabilpena ez da bereziki estimatua izaten.
Demografiak eragindako olatu erraldoi horren adibide nagusia herrialde aurreratuenetan baby boom delakoaren belaunaldiaren zaharkitzeak dakar. Historian izandako belaunaldirik ugariena, 60 eta 70eko hamarkadetan (herrialde batzuetan lehenago, beste batzuetan beranduago) jaiotakoak erretirora hurbiltzen ari dira, eta hurrengo belaunaldien gain eroriko da bere pentsioen finantzapenaren zama. Belaunaldi honek bizitza itxaropen altuena izango du (83 urtetik gorakoa) eta osasunez bizitzeko itxaropena, oso altua ere: 74 urte inguru (hau da aldagai nagusia, nire ustez: zertarako gehiago bizi, bizitza honen kalitatea eskasa baldin bada?). Noski, gizartearen zaharkitzearen fakturak tentsiopean jarriko ditu (edo jartzen ari da jadanik) osasun zerbitzuak eta kontu publikoak.
Bitartean, belaunaldi ugari hori historian ondare handiena metatuko duena izango da. Ondare horren gehiengoa higiezinetan dago oinarriturik, eta etxebizitzen prezioen gorakada amaigabeak, bere balorea hazi arazi egin du. Finantza merkatuen joera gorakorrak bere ekarpena egin du ere. Horrek guztiak suposatzen du belaunaldi honen eta belaunaldi gazteagoen arteko lubakia hazten ari dela. AFI fundazioak, bere espainiar familien aberastasunak 2002-2022 epean edukitako eboluzioaren inguruko ikerketan adierazten du gaur egun 55 eta 65 urteak dituzten pertsonen batezbesteko ondarea 330.000 euro dela, baina herritarren batezbestekoa 122.000 eurokoa denean. Eta aldea nabarmenagoa da belaunaldiak eta bizitzaren epe jakinak konparatzen ditugunean: Espainiako Bankuaren Encuesta Financiera de las Familiasen arabera, 2002an, buru bezala 35 urte baino gutxiago zituen familia baten batezbesteko ondare garbia (hau da, ondare gordina ken zorrak) 108.000 eurokoa zen; 2020, batezbesteko hori %37a txikiagoa zen (68.000 euro besterik ez). Gaur egungo belaunaldiek zailtasun handiagoak dituzte bere bizitza mailari eusteko, bere gurasoen belaunaldiarekin konparatuz.
Baina boomerrak desagertzen hasiko dira (gara) inoiz, eta ,orduan, belaunaldien arteko ondare transferentzia erraldoia jarriko da martxan. Beraz, trantsizio demografikoak ez du bakarrik gizarte segurantzan, osasun zerbitzutan eta kontu publikotan eragingo. Hurrengo belaunaldien errenta eta aberastasunaren banaketan ere inpaktu zuzena izango du ere. Baina ez pentsa justizia soziala denboraren poderioz etorriko denik. Tamalez, honako honetan ere, ez gara denok berdinak izango heriotzaren aurrean: oinordekotzak ez du birbanaketa tresna bezala funtzionatuko, desberdintasunak areagotu besterik ez ditu egingo. Aberatsen seme alabak aberatsagoak izango dira. Agian beraiek nahiko luketena baino beranduago, hori bai. Bizitza itxaropenaren luzapenaren ondorioak.