Egonkortasun edo arriskua
Lan-merkatuan, oso gutxitan bat egiten duten bi lan-mota daude: soldata duina duten lanpostu egonkorrak, eta epe laburrean proiekzio profesional eta ekonomiko handia duten lanpostuak. Zein etapa edo lanbide motatan zaude orain? Egia esan, egoera batean ala bestean egon, edonor legoke gustura, ezta? Askotan lan egiten dugun enpresarengan jartzen dugu fokua, baina dilema ez dago hainbeste lan egiten den enpresaren menpe, bere industriaren edo sektorearen menpe baizik.
Gorako bidean diren industriek hazkunde azkarra ekarri ohi dute, bai negozioan, bai antolaketan. Dinamismo azkar horrek lanpostu, erantzukizun eta soldatetan gorakadak egiteko aukera gehiago sortzen ditu, baita kargu edo erantzukizun mailan ere. Halaber, hazkunde horrek enpresa itxi ahal izateko arrisku handia ere ekar dezake, industria berria delako eta oraindik sendotze edo egonkortze prozesuan egon daitekeelako. Horren adibide dira energia berriztagarrietan ari diren enpresak, inteligentzia artifizialarekin dabiltzanak, edota bioteknologiaren alorreko enpresak. Adi gero, azkar hazi bezain azkar erortzeko aukera hor dago eta!
Bestalde, egonkorrak diren industriek hazkunde motelagoa izaten dute, edota batere ez urtetan eta urtetan. Industria horietako lan aukerak ordezkapenezkoak izaten dira, norbaitek bere postua uzten duenean sortzen baitira, eta, horren ondorioz, promozioak eta soldata igoerak ez dira hain ohikoak izaten. Hala ere, enpresa horien lan-egonkortasuna handia da merkatuan duten presentzia sendoa dela eta, ezinezkoa baita enpresa horiek ixtea. Kasu horien eredu dira komunikazio-agentziak, industriako enpresak, administrazioan dabiltzanak edota hezkuntzan.
Ondo, baina lanpostuz aldatzekotan baldin banago edo ogibidez aldatzeko asmoa badut, zer egin? Bizitzako etapa eta helburu pertsonal eta profesionalak betetzea ahalbidetuko duen motara egokitzea da gakoa. Enpresa handi eta egonkortuetan lan egitea aproposa da egonkortasuna lehenesten dutenentzat. Profil horien barruan sartzen dira karrera sendo bat hutsetik eraiki nahi duten graduatu berriak, edota familia bat eraiki nahi eta lasaitasun ekonomikoa behar dutenak, esaterako.
Arrisku handiagoak har ditzaketenentzat bestalde, enpresa berrietan edo teknologikoetan lan egitea aukera aproposa izan daiteke printzipioz. Posizio horiek ezinhobeak dira etengabeko erronka eta aldaketak gogoz hartzen dituzten pertsonentzat, edo sistema burokratiko zurrunetan parte hartu nahi ez dutenentzat, esaterako.
Lan egonkorren eta proiekzio profesional handia dutenen arteko hautu kontziente bat egiteko, hausnarketa pertsonal sakon batean murgiltzera animatzen zaitut. Kontuan hartu beharreko puntu nagusiak dira bizitzako etapa —zein momentu profesionalean zauden kontziente izan—, arriskuarekiko tolerantzia —porrotei aurre egiteko prestasun mental eta ekonomikoak izatea—, eta helburu profesional eta pertsonalei erreparatzea —helburuak lanaren izatearekin lerrokatu behar dira—. Horrelako hausnarketa sakon baten erdian bazaude lasai, biak ala biak dute aldeko eta kontrako argudioa. Egonkortasuna bilatzeko argudioak jan badizu burua, egon zaitez lasai, gehiengoak bilatzen duena baita. Bestela, arrisku handiagoa hartzekotan bazara, egon zaitez lasai ere, gutxiengoa izango zara eta lekua izango duzu nonbait.