IRITZIA

Egun finlandiar bat

Finlandian, "bekaizkeriaren eguna" izenez ezagutzen den data bat dago. Azaroko lehenengo lanegunean, Gobernuak herritar guztien diru-sarrerak eta zergetan ordaintzen dutena argitaratzen du Interneteko webgune batean. Gardentasun erakustaldi hau Norvegian eta Suedian ere ematen da.

Edozeinek esan dezake gure kasuan hori guztiz ezinezkoa izango litzatekeela. Zergatik jakin beharko nuke nire ondokoak kobratzen duena? Non geratzen da intimitatea? Koinatuen kasuan ziur Gabonetako afarian jakingo duzula... baina edozein pertsonarena? Benetan?

Maila bat jaitsita, langileek ez al daukate eskubiderik euren enpresetan lankideek kobratzen dutena jakiteko? Ba legearen arabera ez. Soldaten inguruko informazioa bakarrik langileen ordezkariek daukate, baina mugatuta. Hain zuzen ere, kontratuen oinarrizko kopia eman behar zaie (baina askotan hauetan ez da soldata zehazten) eta eskubidea daukate soldaten inguruko informazio orokorra jasotzeko, diskriminazioa saihesteko eta gizarte-segurantzaren arloko betebeharrak betetzen direla ziurtatzeko. Praktikan, maila bereko langileen datuen batuketa ematen zaie. Eta gainera hori ez da aplikatzen langile batek edo gutxi batzuek betetzen dituzten lanpostuetan, kualifikatuenak izaten baitira. Kasu horietan, argudiatzen da langile horien datuen babeserako eskubidea urratuko lukeela, izan ere, bat edo gutxi batzuk izanik, erraza izango litzateke bakoitzaren soldata indibiduala zein den ondorioztatzea.

Bestalde, 50 langiletik gorako enpresa guztiek berdintasun plan bat izan behar dute, eta plan horretan ordainsari-erregistro bat sartu behar da, gizon eta emakumeen arteko diskriminazioa saihesteko tresna bezala erabiliko dena. Baina erregistro horretan ere, langileen maila eta kategoria ezberdinen datuak batzen dira, soldatak indibidualizatu gabe.

Gainera, edozein kasutan langileen ordezkariek datuak isilpean gorde beharra dauzkate, ezin izango dutelarik langileen soldatei buruzko datu indibidualak inola ere plantillaren artean zabaldu.

Langileen ordezkarien eskubidea enpresak bere betebeharrak betetzen dituela egiaztatzeko, langile indibidualen eskubideekin (intimitatea, datuen babesa...) uztartu nahi ditu nolabait legediak.

Baina, hasierara itzuliz, zergatik ezin da aplikatu, enpresaren eremu mugatu horretan behintzat, eskandinaviarren gardentasun hori? Honekin ez dut esan nahi langile guztiek berdin kobratu behar dutenik, baldintza ezberdinak egon baitaitezke. Baina lan eta baldintza berdinak dauzkaten langileen soldata berdintasuna bermatzeko gardentasun hori bermatu beharko litzateke.

Dena den, ez dut uste horrelakorik ikusiko dugunik. Onerako zein txarrerako, ez gara eskandinaviarrak eta.