Egun perfektuak
Egun perfektuak izan zitezkeen oraindik gorputzeko azalari itsatsita daramazkigun opor egunak. Atseden egunak izan ditugun langileei galdetuta, gehienek horrela definituko lituzkete opor egunak: horiek bai egun perfektuak, eta ez lana egitea egokitzen zaizkigun beste horiek.
Ostera, egun perfektuak ere izan daitezke lan egunak, eguneroko bizitza arruntekoak. Hori da behintzat Win Wenders zine zuzendariaren azken filmean ikusi izan duguna. Perfect Days, oporretako udako zineari esker ikusi ahal izan dugun pelikulak, kontatzen du lanbidez Tokioko komun publikoak garbitzen dituen gizon baten egunerokoa nolakoa den. Hirayama protagonistak lana du bere bizitzako ardatz nagusietako bat. Ahalegin guztia jartzen du bere lana ondo egiten. Ez du, pelikula onbehera batean gerta zitekeenez, komun erabiltzaileen esker onik jasotzen, izan ere, ikusi ere ez dute egiten nahiz eta ondotik pasa. Ikusleoi aditzera ematen zaigu komun garbitzaile izan aurretik bazeukala gizartean gehiago baloratutako lan bat. Baina ez da kontatzen: Hirayamak komunak garbitzen ditu egunero, ez dakigu noiztik, poztasunik edo samintasunik barik, garbiketa zorrotz egiten du eta ordutegia zehatz betetzen du. Ondo egindako lana esaten zaion horri, obsesio edo dominarik gabekoa.
Protagonistaren bizitzan komun garbiketa eguneko ordu gehien okupatzen duen jarduera izanda ere, egunak perfektu bilakatzen dituena ez da lana ondo egitea edo lanera gustora joatea bakarrik. Zaletasunak dira Hirayamaren bizitza osatzen duten bigarren ardatza: 60 eta 70 urteetako rock musika entzutea autoko kaseteetan, liburuak irakurtzea eta zuhaitzei argazkiak ateratzea.
Hirayamaren bizitzan egunak borobil egiten dituen eta norbere bizitzarekiko poztasuna ematen duen hirugarren ardatzak ez du berariazko kontakizunik filmean, baina ikusteko aukera daukagu: langilea etxebizitza duin batean bizi da, furgoneta zahar bat du alde batetik bestera joateko, eta ez dirudi premia gehiegi dituenik, baina ezta diru premian dagoenik ere. Lanak bizitzeko lain ematen dio.
Hasi dugu lan ikasturtea eta laneko proiektuek, eginbehar zahar eta berriek eta norberarena ondo egiteak kezkatuko gaituzke. Lanegunak perfekturantz bideratu litezke baldin eta lanak bizitzeko modu onargarria ematen badigu, baldintza eta etekinari dagokienez, eta batez ere, egunero norbere zaletasunak gauzatzeko tarte bat uzten badigu. Adibidez, musika entzuteko, liburuak irakurtzeko eta zuhaitzei argazkiak ateratzeko une bat izateko aukera. Iraileko ikasturte hasierako asmo berrian artean sartu beharko litzateke egunero norberaren gustuko gauzak egiteko beta izatea. Lana eta zaletasunak, egun perfektuak.