IRITZIA

Epaitegian amore ematea

Sentsazio gazi-gozoa da abokatuarentzat Fiskalarekin akordio bat ixtea. Demagun bezeroari sekretuak agerrarazteagatiko delitu bat leporatzen diotela, Julian Assangeri bezala. Edo zerga-iruzurragatiko delitu bat, Imanol Ariasi bezala edo Xabi Alonsori bezala. Zer da hobeto, epaiketa batean bezeroaren errugabetasuna baliabide guztiekin borrokatzea, bezeroak bere errugabetasunik irmoena defendatzea, eta absoluziozko epai baten bila aritzea, jakinda epaileek erruduntasunerako nahikoa froga daudela iritzita kondenazko epai bat emateko aukera dagoela, eta ondorioz, urte batzuetarako kartzela zigorra irenstekoa? Ala Fiskaltzarekin adostasuna bilatu, akordioa egin, delitua onartu, erruduntasuna onartu, isuna edo erantzukizun zibila ordaindu, eta trukean kartzelatik libratu edo kartzela-zigor txikiagoa lortu?
Ez da erabaki erraza, ez abokatuarentzat, bezeroaren aldeko jakintza, esperientzia eta lan guztia ipini behar duen horrentzat, ezta bezeroarentzat ere, abokatuarenganako konfiantza osoa jartzea eskatzen duen horrentzat, alegia. Ondo baloratzea komeni kasu bakoitzean zer dagoen alde eta zer kontra.

Alde: abokatuak ikusten duen arrazoi juridikoa, biltzea lortu dituen frogak, errugabetasuna frogatu ahal izatearen konbentzimendua, errudunestea ekar dezaketen frogak ezeztatu ahal izango direnaren uste osoa.

Kontra: estatu zigortzailearen indarra, Fiskaltzak (eta batzuetan akusazio partikularrek) aurrera eraman ahal izan dituzten frogen ebidentzia, epaileak delitua deklaratuko duela zalantzarik gabe ikustea.

Adostasun batera iritsi da Assange, lehenago Arias iritsi zen bezala. Kontrako erabakia hartu du bere serie-kide Duatok, eta zerga iruzurragatik ari dira epaitzen egunotan. Duato errugabe deklaratu ahal dute, eta, kasu igualtsuan, Arias errudun, adostasun ditxosozkoarengatik. Alonsok ere epaiketara joatea erabaki zuen, eta baita ondo atera ere, errugabetasun epaia lortu zuen.

Epaitegi penaletan egunero ematen diren epaietatik ehuneko garrantzitsua adostasunezkoa da; alegia, defentsako abokatuak Ministerio Fiskalarekin hitzartu du delitu batzuk onartuko direla, kondena txikiago baten truke. Egunero ateratzen dira epaitegietatik bezeroak adostasunezko kondena batekin, pentsatzen, zein ondo prozedura bukatu dela, zein ondo kartzelara ez naizela joango, baina zein txarto onartzen ez dudan egitate batzuei baiezkoa eman behar izan diedala.

Zeren adostasunezko epaiak badauka berarekin apo erraldoia irentsi beharra: epaileak esaten dionean akusatuari bere abokatua adostasunera iritsi dela Fiskalarekin, eta ondorioz, galdetzen dionean akusatuari ia leporatzen zaizkion delituak egin izana onartzen duen, eta beraz, errudun dela onartzen duen.

Sinistu: akusatuak erantzun aurretik egiten duen listu irenstearen hotsak epaiketa areto guztian burrunba egiten du. Eta ondoren, ahots mehe-mehean, ia entzunezinean, esaten du: bai.

Bai hori da adostasunezko epaia, amore ematea fiskalaren eta epailearen aurrean, zigortzen zaituen estatu-makineria guztiaren aurrean. Baina baita ere bide luze eta neketsu baten bukaera. Urte luzetako prozedura eta itxialdia bukatu da Assangerentzat. Arina gerta dakiola erruduntasun onarpena.