IRITZIA

Eta 2025ean, zer?

Historiak idatzi duenaren arabera, teknologiak beti eraldatu du gizartea: gurpilak merkataritza erraztu zuen, lurrun-makinak industria irauli zuen, eta Internetek mundua globalki konektatu. Orain, 2025ari begira, teknologia berriek negozioen eraldaketa sakonduko dutela dirudi, blockchain, adimen artifizial sortzailea eta metabertso industriala, besteak beste, gizarte eta enpresa-estrategia berrien oinarri bilakatuta. Aitzitik, badira tresna horiek gure bizitzetan txertatzeko arrazoi eta erresistentzia batzuk, eta 2025a teknologia horien erabilera gure enpresen eta gizartearen mesedetan jartzeko urtea izan daitekeela uste dut.

Blockchain teknologia oraindik kriptodiruen sinonimoa da, baina bere potentziala askoz harago doa. 2025ean, blockchain negozioen arlo askotan izango da giltzarri: hornikuntza-kateen gardentasunean, transakzioak arintzeko prozesuan edota kontratu adimendunak exekutatzeko orduan. Hego Euskal Herriak duen industria tradizionalean, adibidez, pieza eta osagaien trazabilitatea funtsezkoa bihurtuko da nazioarteko merkatuetan lehiakorrak izateko; ETEentzat ere baliagarria izan daiteke prozesuak errazteko eta fidagarritasuna hobetzerako orduan. Teknologia hori behar bezala ulertzea eta aplikatzea ez da erronka makala, baina zeresana izango duela ziur nago.

Adimen artifizial sortzailea teknologiaren aurpegirik erakargarriena da garaiotan. OpenAI edo Gemini bezalako teknologiek inteligentzia artifizialaren unibertsalizazioaren lehen pausoak eman dituzte, baina hastapenetan gaude eta asko dugu oraindik ikusteko. 2025ean, AA sortzailearen erabilera gure egunerokoetan normalizatzen hasiko da, eta produktibitatearekin eta sormenarekin zerikusia duten zereginetan areagotuko dugu erabilera. Lan errepikakor eta mekanikoak automatizatuz eta giza baliabideak proiektu estrategikoetara bideratzea izango da hurrengo pausoa, eta 37,5ko lanorduarekin batera, are gehiago.

Bada hirugarren teknologia bat aipatu gabe utzi nahi ez nukeena: metabertso industriala. Orain artean joko hutsa izan den metabertsoak industria-sektorean du etorkizuna, fabrikazio-prozesuak simulatzeko, langileak trebatzeko eta erabakiak hartzeko. Hego Euskal Herriak bere industria-esperientzia baliatu dezake teknologia hori garatzeko eta aplikatzeko, digitalizazio industrialarekin batera, metabertsoak eredu berritzaileak ekar baititzake gurera. Aukera paregabea dugu teknologia berri horien garapenean aurre hartzeko, baina horretarako, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren aldeko apustua indartu behar da. Izan kooperatiba, izan ETE txiki bat, paper garrantzitsua izango dugu iraultza honetan, eta 2025ak dakarren teknologiaren egonkortze eta normalizatze prozesua behar bezala interpretatu eta txertatzen hasi behar dugu.

2025a ate joka dugu, eta aukera historikoa dugu teknologia berriak gure hezkuntza, gizartea eta  enpresak irauli ditzan. Egin ditzagun lehenbizi egin beharreko hausnarketa eta eztabaidak, eta guk erabakiko dugu tresna hori nola eta zertarako erabiliko dugun. Baina has gaitezen lehenbailehen datorrena besarkatu eta horretara egokitzen. Teknologia ez da helburua, baina bai bizitza aldatzen ari zaigun tresna garrantzitsua.

Urte berria aukera berriekin dator beti, eta 2025a ez da salbuespena izango. Teknologiaren erronkak eta aukerak besarkatu zuen proiektuetan eta zuen bizitzetan onurak eman ditzan. Urte oparoa izan dezazuela, berrikuntzaz, sormenaz eta aukerez beteriko urtea!