Eta zuk, nola hauspotzen duzu sormena?
Aurrekoan hirurogei langilerekin egindako lan-saio batean galdera hori bota nuen. Taldekideen erantzunak entzutean, jende asko despistatu xamar zegoen, entzundako erantzunak kontraesankorrak baitziruditen.
Lanean eta aisialdian, aitortzen zuten sarritan bakardadean zirela sortzaile, eta beste batzuetan aldiz, taldean. Uste zuten denbora librea izateak zabaltzen zizkiela irudimenaren ateak. Baina, aldi berean, data jakin baterako proiektu bat egin behar horrek ematen ziela haien asmoak irmo garatzeko indarra.
Eta zuri noiz datorkizu ideia isuria? Agian esna zaudenean. Loak hartzen zaituenean. Ilusioz betea zaudenean, edota hutsik eta asperturik zabiltzanean. Dutxan. Autobusean. Yoga klasean. Edonon.
Sormena irristakorra da. Ezustekoan harrapatzen zaitu. Kontraesankorra da. Behar duzunean agian ez duzu ikusten. Espero ez duzunean hor dago.
Badaude, ordea, jarraibide batzuk, sortzeko gaitasuna pizteko. Aipatu dudan saio hartan hainbat aldiz aipatu zen natura hitza. Eta mugimendua. Mendi buelta ematea, kirola, itsasoan bainua.
Hau ere agertu zen: norberaren inspirazioa besteon irudimenari lotzea: musika, artea, pertsona interesgarriak.
Ingelesez badaude 3B-ak (Bus, Bed, Bath) eta horrek adierazten du non agertzen zaizkigun ideia-txinpartak.
Bus: autobusa, trena, autoa edo ibiltzea. Mugimenduak neuronen arteko komunikazioa ahalbidetzen duelako.
Bed: Ohean, sofan edo lasai zaudenean. REM fasean edo esnatzerakoan. Gure burmuinaren alde kontzientea eta inkontzientea elkarrekin hizketan jartzen diren momentua aproposa da ikuspegi berriak lortzeko.
Bath: Dutxan, igerilekuan edo komunean, non bakardadean buruak bere baitan jartzen duen arreta. Urak sinapsi neuronala eragiten baitu.
Lerro hauek irakurtzen ari zarela, baliteke zure buruari galdetzea ea irudimena ez ote den lanean inoiz azaltzen. Ordenagailuaren aurrean gutxitan. Baina horrek ez du esan nahi lanean sortzaile ez zarenik, ideien zikloak fase ezberdinak dituelako.
Lanaldia ideiak garatzeko edo informazioa jasotzeko momentu ona da. Inkubazio faserako erabakigarria delako eginbeharra barneratzea, entzundako elkarrizketa eta datu guztiak gure kontzeptu-koktelaren parte izatea, gero gure adimenak erronka horiei irtenbidea eman diezaien.
Sormena irudimenaren sinonimotzat jotzen dugu askotan, baina ideiak errealitate bihurtzea edota erabakiak hartzea ere sormenaren parte dira.
Sormen kontzeptuaren ikuspegi zabalago bat dugun heinean, jende gehiago sentituko da prozesu horren parte. Sortzaile. Kontzientzia hartzeak laguntzen baitu norberaren gaitasunak lanean eta lanetik kanpo praktikan jartzen.
Hau irakurtzean pentsatuko duzu agian zure eguneroko lana ez dela hain idilikoa, egunerokotasunean presak agintzen duelako. Baina, ez al da presioa ikatza diamante bihurtzen duena? Bai, baina presio horrek neurrizkoa eta positiboa izan behar du. Beldurra eta mesfidantza direlako sormenaren inhibitzaile nagusiak. Hortaz, lantaldean lidergoa dutenek bultzatu beharko dute langilea sortzailea ere badela ohartzeko giro egokia.
Eta hau guztia zertarako? Absentismoa murrizteko ez ezik, sortzeko gaitasuna egunero erabiltzeak badaukalako abantaila ederra. Geroz eta gehiago erabili, gehiagotzen delako.