IRITZIA

Euskararen marketina

Aurten, iaz bezala, euskararen normalizazio prozesua bideratzeko xedez, Erronkaribarko eta Zaraitzuko Euskara Zerbitzuek merkataritza, ostalaritza eta turismo arloan sentsibilizazio kanpaina bat abian jarri dugu. Kanpaina honen bidez, euskararen presentzia sustatu nahi dugu establezimenduetan, eta hizkuntza paisaian eragin. Izan ere, ostatuak herriaren erakusleiho aparta dira eta egungo errealitate gero eta elebidunagoa islatzeko ezinbesteko bidelagunak izan daitezke.

Pirinioetako establezimenduetan euskarak gero eta presentzia handiagoa izan dezan, anitx egin daiteke: errotuluak, afitxak, inprimakiak, publizitate-euskarriak , menuak, publizitatea, web orriak… Noranzko horretan urratsak ematera animatu nahi izan ditugu ostalariak, eta Euskara zerbitzuak aholkularitza eta itzulpen zerbitzua eskaini die. Erantzuna, ordea, eskasa izan da: ostatu bakarren batek besterik ez du azaldu du interesa ekimenarekin.

Bien bitartean, negozio berriak irekitzen dira gure herrietan, eta ohitura den moduan, kebenko* ele eta toponimoekin batailatu ohi dituzte: Ainariak, Zuberoa, Asolaze, Allurko, Katalingarde, Onki xin, Garxo, Metxola, Urandi, Argonz, Idoya, Ezkaurre, Juaningratxi, Arpetxea, Aiestaenea, Kabila, Elurkoia, Xorta, Oxanea, Bitxitoza… Zinez aberatsa da Pirinioetan izan genuen mintzoa eta euskalkia, egun mapetan eta etxe eta landetxeen izenetan soilik irakur dezakeguna. Hizkuntza bat izatetatik harago, euskara ibar harrotasuna eta identitatea sustatzeko marketin-tresna bat bihurtu da. Alabaina, ostatu gutxitan aurkituko dugu bere arrastorik negozioaren izenaz gain.

Jakina da Pirinioetako ibarrek, egun, zoritxarrez, turismoan eusten dituztela haien zimendu ahulak. Baina ene ustez, turismo-sektoreak ez du gure hizkuntzaren ondarea onki zaintzen, oso-oso azalean paratzeko elementu gisa bailatzen baitu euskara. Ipar Euskal Herrian, esaterako, salatu dute salmenta-estrategia iruzurtia egiten dutela negozio anitxek, lauburuez eta ikurriñez apaintzen baitituzte produktuen packaginak eta saltokiak, PaysBasque markaren izenean, baina ez dutelako ele bakarra euskaraz ematen.

Nolabait, Pirinioen bi aldeetan estrategia antzekoa: euskararen marketina. Akaso ekonomia eta publizitate graduetan ikasten hasiko ote da!

*kebenko: “hemengo” Erronkariko uskaraz.