Ez ikasi Kazetaritza
"Ez ikasi Kazetaritza". Horixe errepikatu zidaten behin eta berriro aitaren lagun kazetariek. Eta ez bakarrik 18 urte bete berritan unibertsitateko zein ibilbide hautatu nahi nuen erabakitzen ari nintzela. Esaldi hori hamaika aldiz entzun nien hori baino lehenago ere. Ez dudalako gogoratzen noiz erabaki nuen kazetari izan nahi nuela.
Baliteke ez izatea guztiz erabaki bat, ez behintzat arrazionala: aitaren kazetaritza lanaren lekuko izateak niri bide hori nolabait gustuko izatera eraman ninduen. Ez aitak hori nahi zuelako. Ezta aitak hori nahi ez zuelako ere. Besterik gabe, bide hori nire sentitzen nuen, aitak bere egin zuen bezalaxe.
Agian horregatik, pertsona arrazional gisa, kasu egin nahi nien aitaren lagunei. "Beste zerbait ikasi, oinarria emango dizuna, eta ondoren egin Kazetaritza masterra, kazetari izan nahi baduzu". Nola ez nien, bada, kasu egingo? Hezkuntza sistemaren ikuspegitik, ikasle ona nintzen. Nahi nuena egin nezakeen, batez ere gizarte zientzien esparruari loturik bazegoen. Bada, azkenean Komunikazioa —kazetaritza-eta-beste— ikasi nuen, zorionez etxekoen —bereziki amaren— bultzada izan nuelako benetan nahi nuena egiteko.
Duela aste batzuk, oso gertuko bi lagunekin solasean, euren seme-alaba hipotetikoak "ikuspegi orokorra eskaini ahalko liekeen zerbait ikastera" bultzatu nahiko lituzketeela esan zidaten, "behin karrera amaituta bide bat edo beste hartzeko" aukera gehiago izateko eta formazio "konpletoagoa" eskuratzeko. Profila ez zen aitaren lagunen berdina: biek ingeniaritza ikasi dute, eta 30 urte betetzeko urte batzuk falta bazaizkie ere, ardura postuetan dabiltza dagoeneko. Zerk eskaintzen du "ikuspegi orokorra" euren ustez? Ingeniaritza, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, eta antzekoek.
Ez dut esango norberak nahi duena egiteko bide bakarra dagoenik, ezta topatzea erraza denik ere. Zenbaitek lortzen dugu, eta beste zenbait bidean geratzen dira. Baina ikuspegi orokorra edo oinarri bat eskaintzen duten ikasketak egiteak ere ez du zertan zuk nahi duzun bide horretara eraman edo formazio "orokorragoa eta erpin gehiagokoa" bermatu, master bat eginda ere.
Gogoan dut duela urtebete pasatxo, VIA Empresaren 10. urteurrenean eginiko mahai-inguruan, Elena Busquets VIA Empresako zuzendariak Josep M. Ganyet etnografo digitalak —mahai inguruan parte hartzen ari zenak— esandako esaldi bat aipatu zuela. Gutxi gora behera, honakoa zioen: "adimen artifizialaren garaian, non tresnak berak erantzunak emango dituen etengabe, galderek inoiz baino garrantzia handiagoa hartzen dute". Kazetaritza edo Komunikazioa ikasteak ez du esan nahi automatikoki galderak egiten jakingo dugunik; baina horretan murgiltzeko lehen pausoak emateko abiapuntu egokia iruditzen zait. Hori gutxi balitz, ez al da Kazetaritza eta Komunikazio graduen helburu nagusietako bat ikuspegi kritikoa eta sistemikoa lantzea? Adimen artifizialaren garaian, horrek ere ez al du hartzen, bada, inoiz baino zentzu gehiago?
Azkenik, mezu bat nondik jo ez dakiten batxilergoko ikasleentzat, galduta dauden kazetarientzat, dena delakoa ikasita ere komunikazioa gustuko duten profesionalentzat, eta nahi baduzu, zuretzat ere, irakurle: kazetaritza esparruan aritzen den jende asko dago beste ikasketa batzuk egin eta komunikatzaile ona izateagatik bere ogibide egin dutenak, edo beste lan batekin uztartzen dutenak. Beste aldean, kazetaritza esparru honek eskaintzen dituen baldintza sarritan prekarioek, komunikatzaile-kazetari asko beste bide batzuk topatzera eraman ditu, zenbaitetan nahiago zuten zerbaitetan bukatzeko, beste zenbaitetan besterik gabe hobeto bizitzeko. Eta badira Kazetaritza edo Komunikazioa ikasi duten kazetari asko, esparruan jarraitzen dutenak, batzuk pozik, beste batzuk ez hainbeste. Egiten duzuna egiten duzula, ez zara bakarra izango. Topatu ezazu zeure bidea. Eta, hala nahi baduzu, ikas ezazu Kazetaritza.