IRITZIA

Fantasia vs Ametsa

Haurtzarotik, helduaroan izan edo bete nahi ditugun ametsek fantasiaz betetzen dituzte gure buruak. Aurreko astean podcast batean “egin itzazu zure txikitako ametsak errealitate” gomendioa entzun nion oso ezaguna den pertsonaia bati, eta barrenak mugitu zizkidan: benetan aholku profesional ona al da haur gineneko amets horien atzetik ibiltzea? Txikitatik amestutako ideia baten atzetik ibiltzeak berezko motibazioa du, oso erromantikoa baita, lortzekotan halaxe kontatzea. Gauza hoberik ba al da?

Gustuko dugun zerbaitetan lan egiten duten pertsonek arrakastara eraman ditzakeen dedikazioa eta energia izan ohi dute, maite duzun lanbide batean lan egiteak gogobetetasun pertsonal eta zoriontasun iraunkorragoa ekar baititzake. Baina txikitan amestu genuen hura izateko bidea egitea zenbateraino da errealista? Haurren nahiak, askotan, pertzepzio erromantikoetan oinarritzen dira, eta ez ibilbide profesionalak berekin dakarrenaren errealitatean; izan ere, haurrek astronauta, aktore edo musikari izatearekin amestu ohi dute, rol horiek dakartzaten desafio eta sakrifizioak ulertu gabe. Non dago muga, ordea? Animatu behar al da haur, gazte edo heldu hori bere ametsa betetzen? Zein baldintzatan animatuko zenuke? Noiz ez?

Hazten garen heinean, gure interesak eta trebetasunak nabarmen aldatzen dira. Umetan grinatzen gintuena agian ez dator bat gerora hartzen dugun esperientzia eta erabakiekin. Segurtasun ekonomikoa eta etorkizuna ahalbidetuko diguten ogibideen alde egiten dugu gure alde arrazionalari omen eginez, baina baliteke gure bizitzaren momenturen batean —normalean osasuna eta ekonomia alde ditugunean— alde emozionalari kasu egin, eta beti izan dugu amets eta ilusioari heltzea. Noiz egin? Hor dago koska.

Informazio gehiago Ez ikasi Kazetaritza

Akaso, gure buruaren lasaitasunerako, ez dago egun jakinik gure ametsei heldu eta gure bizitzak erradikalki aldatzeko. Egun batetik bestera eta itsu-itsuan egin beharrean, baliotsuagoa izan daiteke pasioa denbora edo etapa batean zehar garatzea. Gure ametsengandik gertu egon daitezkeen ingurune, pertsona edo objektuengandik gertu egotetik has gaitezke, eta hauetatik erator daitezkeen kontaktu edo esperientziak baliatu aurrera egiteko. Zirt edo zart hartu beharreko erabakiak paralizatzaileak dira, eta gizakia bizirauteko diseinatua izan den animalia bat denez, ustez seguruagoa den aukeraren alde egiten dugu. Aldiz, gure ametsen inguruko esperientzia berrietara irekita egotean, grina eta trebetasun berriak deskubritu ditzakegu eta erabakiak organikoki hartu.

Arrakastaren adibideak agerikoagoak eta sustatuagoak egon ohi dira, eta porrotaren istorioak, berriz, itzalean geratzen. Horregatik, haurrak gineneko ametsak lortu dituzten gutxi batzuen esperientzietan oinarrituta (gure) erabakiak hartzea engainagarria da, Loteria irabazi duen batek tiketak erostera animatzeko aholkuari jarraitzearen pare. Kasu egin behar al diegu horrelako ereduei?

Haurren lehentasunak ez dira beti zentzuzkoak izaten. Haurrek ez dute erabat ulertzen lanbide batzuek dituzten arrisku, zailtasun edota erantzukizunak, baina inozentzia horrek berak mugiaraziko gaitu gutxinaka eta pausoz pauso gure txikitako —edo helduaroko— amets horiek egi bihurtzen. Nahi duenak askotan ez du lortuko, baina saiatzeko baldintzak alde baditugu, ez al dugu, bada, proba egingo?