Gazte gara, gazte
2025. urteko aurreikuspenak egiterakoan, beste behin ere talentuaren gabezia nabarmendu dute egunotan beren ikerketak kaleratzen ari diren etxeek eta, beste behin ere, gazteen hauskortasuna jotzen dute arazoaren iturburu. Exijentzia maila altuegia omen dutela, lanarekiko konpromiso eskasegia, ez dakitela zer den gogor lan egitea eta eskubideak eskatzen dituztela erantzukizunak bere gain hartzeari bizkar emanda. Bere enpresan jende bila ari den adiskide batek esan zidan aurrekoan zeharo harrituta daudela balizko kontratazioaren hasierako elkarrizketetan hautagai gazteek azaltzen dutenarekin; «ondo bizi besterik ez dute nahi» esan zidan, ondo bizitzea eta lana zeharo kontrajarrita baleude bezala. Infojobsek kaleratu dituen datuen artean, 24 urte arteko profesionalen artean hamarretik ia lau enplegu berri baten bila ari dira lanean ari diren bitartean.
Adin batetik aurrera (zehazki, nire adinetik aurrera, itxura denez) egun biz behin gutxienez entzuten dut gisa horretako iruzkin edo kexarik. Berdin dio zertaz ari garen, berdin dio zein eratako esperientzia, jardun-esparru edo ingurune sozialetik datozen nire mintzakideak: denak edo ia denak susmagarriki ados daude belaunaldi gazteak egurtzeko orduan. Bakan batzuk aterako dira aurpegia ematen gazteen alde, noski, baina korrontearen kontra nabarmenegi egin gabe. Ikusi besterik ez dago nolako harriduraz goraipatu duten nonahi Valentzia inguruko uholdeen kalapitan gazteek izan duten jokaera, nola gomazko botak jantzita hamaika kilometro oinez eginda, egunak egin dituzten auzolanean atzera bueltan oinez etxera itzulita. Harritzen gaituenak argi azaltzen du zein diren gure usteak.
Hauskorrak omen dira, egonarri gutxikoak, alferrak eta berekoiak. Esne-mamitan hazi dira eta beraz, ez dute ulertzen bizitza Instagrameko kontura etengabe igotzen dituzten irudi ederren segida baino asko gehiago dela, luzez gogorragoa eta itsusiagoa. Gazteak: kristalezko belaunaldia, ukitu txiki batek mila puskatan egiten omen ditu. Baita zera ere.
Krisi sistemikoak bizi izan dituzte jaio zirenetik, eta, beraz, beren esperientzia ia bakarra prekaritatea da, ziurgabetasunaren sokaren gaineko orekan bizi dira eta. Bizitza autonomoa izateko aukera izango balute, soldataren %90 alokairura bidera beharko lukete. Halaber, historian liburu gehien irakurri duen belaunaldia da, substantzia toxiko gutxien kontsumitu duena eta bizimodu osasungarriak izateari garrantzi handiena ematen diona da. Oro har, beste belaunaldi batzuek baino gehiago arbuiatzen dute sexismoa, eta gehiago aitortzen eta salatzen dituzte indarkeria matxistak.
Guk, aurreko belaunaldiok, lan-dinamika toxikoak normalizatu ditugu, gure ondoeza isilarazten eta ezkutatzen ikasi dugu, eta aurrera egitearen truke zernahi "irensteko" gai garela demostratu dugu. Berunezko belaunaldia nahiago dugu kristalezkoa baino?
Hauskorrak izatea leporatzen diegun bitartean, teknologia eta berrikuntzaren buru jarri dira, eta erakutsi digute indarra baino, sormena behar dela industria iraultzeko. Planeta akabatzeraino eraman duten praktikak salatu dituzte eta klima-larrialdiaren buru jarri dira. Lur bizigarriagoaren alde ahotsa altxatzea "hauskortasuna" bada, orduan, mesedez, fragiliza gaitezen denok. Berdintasunari, inklusioari eta giza eskubideei buruzko funtsezko eztabaidak jarri dituzte mahai gainean, aurreko belaunaldikook ahopeka baino ausartu ez ginela. Belaunaldi honek erabaki du ez duela zertan onartezina onartu. Bere sentikortasuna ez da akats bat, bere sendotasuna baizik: besteek denbora luzeegian ezagutu ez zituzten arazoak identifikatzen ditu.
Belaunaldi gazteak, definizioz, arrotzak zaizkigu zaharrago garenoi. Ez dira konformatzen guk nahikotzat jotzen genuenarekin, eta zer nahi duzue esatea: beraiek dira, nire ustez, zuzen daudenak.
"Gazte gara, gazte, eta ez gaude konforme" kantatu zuenak ez du ulertzen zergatik oraingo gazteak ez dauden oinordetzan utzi diegunarekin konforme. Eta beraiek dira ulergaitza zaizkigunak?
Kristalezkoa. Belaunaldi gardena, distiratsua, kolore, tamaina, forma askotan datorrena, energiaz betea. Apurtzeari beldur ez diona, eta hori aspaldian ikusi dudan indargunerik handiena da.