Geldotasuna
Gure bizimoduari ezarri diogun abiadura dela medio, pribilegio-molde berriak sortzen ari gara. Milan Kunderak zioenez, geldotasuna oroitzeko eta maitatzeko modu bat bada, eta gaur egun gero eta jende gutxiagoren esku dagoen luxua ere bada. Tik Tok aro honetan kontsumo azkar eta konpultsiboa nagusitu zaigu. Gauzak azkar egin behar ditugu, gauza gehiago egiten jarraitu ahal izateko. Poetak zioen bezala denbora poligrafo bakarra bada, gure egia urria eta estresante samarra da.
Azken boladan, erruz ugaldu dira informazioaren kontsumorako denbora optimizatzea helburu duten aplikazioak eta zerbitzuak. Edozein liburu 15 minutuko irakurraldira murrizten duten aplikazioek, adibidez, zure intereseko gaien segimendua egiten dute, eta behaketa horri esker, argitaratu orduko itzultzen dizute liburuaren laburpena, mezu edo idea gakoekin eta kritikak esandakoaren esentziarekin. Irakurriko ez duzun liburua irakurritzat eman dezakezu aplikazioan bertan. Antzera gertatzen da, adibidez, artikuluen edo podcasten informazio-kapsulak ematen dizkizuten aplikazio eta zerbitzuekin. Ia doan (esan nahi baita, zure datuen truke) edo premium erara kontsumitu ditzakezu, eta laburpenak testuz edo ahoz jaso ditzakezu zuk aukeratutako maiztasunarekin.
Edukiak iragazi eta sintetizatzeko gaitasuna amets zoro bat da gaitasun arrunteko ni bezalako irakurle batentzat, eta bat-batean, superbotereak eskuratu dizkigun kapaz jantzita atera gaitezke mundura. Byung-Chul Han-ek deskribatu zuen Nekearen gizartean bizi gara eta estimuluen saturazioak mentalki ahituta uzten gaituen garai honetan, teknologia asmatu dugu, belar bedeinkatuaren gisan. Geuk aukeratu dugu hala bizitzea, geuk sortu dugu nekea eta nekearen kontrakoa, teknologia, izan ere, geu gara (ez gurasoak).
Bai, baina. Simone Weil filosofo frantsesak zioen benetako arreta eskaintzea eskuzabaltasun ekintza bat dela, denbora eta ahalegina eskatzen digun prozesu bat den neurrian. Norberak bere burua aurkitzearen ikasketa galtzen ari gara, lan oso bat irakurtzean sortzen diren bat-bateko hausnarketak eta testu edo diskurtso baten ñabarduretan galtzeko esperientziaz desjabetzen ari gara, pixkana-pixkana. Ez dugu liburu oso bat irakurtzen, haren laburpena baizik. Ez dugu disko oso bat entzuten, soilik gustatzen zaizkigun kantak eta horiek zerrenda baten jasoko ditugu, algoritmoak hala erabaki duelako, sekula ezagutuko ez ditugun bestelakoek kutsa ez ditzaten.
Neil Postman komunikazioko teorikoak ohartarazi zuen bezala, informazioa eskuratzeko moduak eragina du pentsatzeko moduan ere. Bertsio kondentsatuak bakarrik jasotzera ohitzen bagara, konplexutasunari eta anbiguotasunari aurre egiteko ohitura galtzeko arriskua dugu. Ideiek, argudioek eta istorioek denbora behar dute xurgatuak izateko, eta gaur egun hain fama txarreko bilakatu den geldotasunean bakarrik lor daiteke hori.
Denboraren krisia benetakoa da, eta teknologiak arnasa eskaintzen digu eguneroko kaosean ez itotzeko. Hala ere, geure buruari galdetu behar diogu segundo bakoitza eta guztiak aprobetxatzeko aitzakiarekin zer den sakrifikatzen ari garena, gerta litekeelako oso berezkoak ditugun gaitasunei uko egiten egotea, ia ohartu gabe. Nik harritzen jarraitu nahi dut, gauzak zalantzan jartzera naramaten kontrako iritziak entzun nahi ditut, eta atsegin dudana zergatik atsegin dudan jakin nahi dut.
Antoine de Saint-Exupéryk gogoeta eder bat jarri zuen Printze Txikiaren ahotan: "Basamortua edertzen duena da putzu bat ezkutatzen duela hor nonbait". Goazen bezala, oso litekeena da egarriz hiltzea ikusteko gai izan ez garen putzu baten ertzetik oharkabean korrika pasa eta gero.