IRITZIA

Geratzeko premia

Hamsterraren sentsazioa zuela dio Gorka Urbizuk Hasiera bat diskoaren sorkuntza prozesua azaltzen duen Kaier bat koaderno-liburuan. Gurpilean harrapatuta sentitzen zen, eta erabaki zuen ordurartekoa (Berri Txarrak taldea) bukatzea, eta beste nonbaitetik hastea. Eten ondoren zerbait berria sortzen lau urte eman ondoren, lan berriak gelditzeko eta entzuteko gonbitea egiten du, azkarregi bizi garela ohartu nahi gaitu.

Ez zaigu xehetasunekin adierazi Espainiako presidentea geraraztera eraman duen benetako arrazoi zehatza. Sekula gertatubakoa, geratzeko premia argudiatuta, bost eguneko desagerpena hausnartzeko. Ondoren, ahotsa ohi baino ahulago azalpenak ematera atera denean, mahai gainean jarri du hamar urte daramazkiela alderdi eta gobernu arduretan, eta zarata eta indarkeria mediatikoak eta politikoak eragin diola gelditzeko erabakia hartu behar izatera. Bestalde, buru barruko zarata gerarazteko ere balio didan ileapaindegian irakurri dut Elena Anaya aktoreak esandakoa: denbora bat hartzea, geratzea, pribilegioa da.

Geratzeko premiak, egiari zor, aipatutako hiru kasuetan, ez du sorburu berbera. Hala ere, geratzea nahi izatera daraman zioak beti dauka zerikusia hausnartzeko premiarekin, norberaren baitan biltzeko desioarekin, kanpoko zarata (arrakastatsua zein kaltegarria) alde batera uzteko borondatearekin. Ikusten denez, lan munduan, sorkuntzan zein kargu politikoan, bizitzan geraldi bat egiteko premia sektore desberdinetan ari da zabaltzen. Geratzeak ez du beti xede bera: izan daiteke proiektu berri bat sortzeko, aurrekoa bukatutzat emanda, hutsetik abiatzeko. Izan daiteke atseden hartzeko eta lehengoari indartsuago ekitera bueltatzeko. Puntu eta jarrai, ala puntu eta aparte, pertsona bakoitzak egingo du bere aukera. Baina kontua geratzea da, eta galdera litzateke zergatik zabaldu den hainbat arlotan diharduten ekintzaile, sortzaile, langile zein politikaritara geratzeko eta zaratarik ez entzuteko premia.

Hurrengo galdera litzateke orduan gelditzeko premia horren zabalduta egonda ere, zergatik pribilejiatu gutxi batzuren esku baino ez dagoen. Zergatik gizarte antolaketak, produkzio sareek, politikaren ehunak edo lan harremanek ez duten tarte bat eskaintzen edozein pretsonak denbora bat hartu ahal izan dezan, hausnartu ahal izan dezan eta gauza berriak sortu ahal izan ditzan. Alegia, edozein motatako zaratatik babesteko aldi baterako gordeleku bat izateko eskubide unibertsalaren erreibindikazioa da hau.