IRITZIA

Hasiera berriak

“Jende gehiena erretiroan pentsatzen ari den adinean, ni lan jarduera berri batean hasteko prestatzen ari naiz”. 30 baino gehiago enpresa handietako kudeaketan nazioarteko ibilbidea egin ondoren, geratu, formatu eta jardun erabat berri bati ekitera doan lagun batek kontatu zidan, begiak dir-dir. Transmititzen zituen energia eta ilusioa ez ziren ameskeria hutsa, ondo errotutako errealitatearen ezagutzatik abiatzen da laguna: enpresa mundua ondo ezagutzen du, diru metatxo bat badauka aurreztuta eta alor berriak porrot egingo balu, beti dauka lehengoan lan bila hastea.

Urte batzuk zaharxeago, aurten hartu du erretiroa beste lagun batek. 55 urterekin enplegu barik geratu da lan ibilbide osoa enpresaren antolaketan egin ondoren, amore ematear zegoela, bi urte beranduago langile gaztez osatutako enpresa berri batean topatu zuen lantokia. Kontatzen du lan bizitzako urterik politenak eman dituela bertan, pertsona gazteengandik ikasten eta bere lan esperientziako onenak eskaintzen. Lan harreman mota berriak ezagutzea ikaragarri aberasgarri gertatu zaio, eta zazpi urteren ostean, bertatik hartu du erretiroa.

Liluratu egiten naute 50 urtetik oso gorakoek, lan esperientzia luze eta zabal baten jabe, dirdira eta argi-ilunduna (ala badago norbait lan esperientzia dirdiratsua baino ez duenik 30 urte pasaren ostean?) lan proiektu berriei ekiteko gai direnak. Hasiera berrien zalantza, bertigoa eta ziurgabetasuna, baina baita ere freskotasuna, proiektu berriarekiko engaiamendua eta bide berriak jorratzeak dakarren bizitasuna. Langile adindunen hasiera berriek lan munduari egin ahal dioten ekarpena izugarrizko kapitala da eta lan merkatua biziberritu egiten dute.

Erakunde eta enpresa alorretik arduraz bizi da gure lurraldeak urte gutxitan jasango duen aldaketa demografikoa. Egun 55 urtetik gora duten langileak langileen laurdena dira gutxi gorabehera. Datozen hamar urteotan erretiroa hartuko dute gehienek. Testuinguru horretan (eta erretiro adina atzeratzeko joeran) kokatu behar da Espainiako Gobernuak urte bukaeran onartu eta indarrean sartu den Errege Lege-Dekretua. Erretiro aktiboan, erretiro partzialean eta erretiro atzeratuan aldaketak ezartzen dira aukera gehiago egon daitezen erretiroa beranduago hartzeko eta lan mundutik modu progresiboagoan ateratzeko.

Kontua litzateke langile adindunek aukera gehiago izatea lanetik erretiratzeko modu desberdinen bitartez, eta aldi berean enpresek erretiroen eta kontratazio berrien arteko trantzisioa gorabehera askorik barik egin ahal izatea. Baina kontua da baita ere adin bateko pertsonen hastapen berriei sustatze bideak ezartzea.

Urte berriak proiektu berriak ekarriko dizkigu, eta honezkero hasita daude tximeletak urdailean jirabiran. Hasiera berri on!