IRITZIA

Herri txiki, jaialdi handi

Basoak ustiatzea izan da Pirinioetako ibarren jarduera ekonomiko nagusia mendeetan zehar, basoz inguratuta baititugu bazter guziak keben: pinudiak, izeidiak, hariztiak, astigarrak… Baita “oihana” deitzera ausartu izan gara zomait eremuren handitasuna eta sakontasuna ezin baitzen begirada soil batez antzeman. Udan basolanak, eta neguan zuraren garraioa almadian ugatxean* behera, hiri handietan komertzial-lanak egin, eta ondoren etxera itzuli sakela bete sos. Horrela mantendu eta hornitu dira Pirinioetako etxe zein udalak denbora luzean. Egun, ordea, ez da nahikoa. Egun, gainera, bestelako motibazioak ditugu herrigintzan aritzen garenok, eta gure arbasoek sikiera ezagutu ez zituzten jarduerak izan nahi ditugu ere herri txikietan, uste dugulako artea eta kultura guztion eskubidea dela, herrian zein hirian bizi garenona.

Gurea bezalako udal txikien aurrekontua nigargarria izan ohi da, herriko mantenu eta oinarrizko zerbitzuez harago, bestelako proiektu bizi eta aberasgarriendako ez baita diru-partidarik gelditzen, eta berebiziko ahalegina egin beharra dugu udako kultur-zikloa posible egiteko. Nigargarria da, ahalegin guzien ondoren, eta udaleko aurrekontuari mugimendu miragarriak egin ondoren, 3.000 euroko partida erreserbatzea arte eszenikoetan inbertitzeko, kalitatezko zerbait izan dadila argi dugulako, baina konpainia bakar baten cachean gure partida osorik joatea. Orduan, gobernuko dirulaguntzen artean murgiltzea gelditzen zaigu, horretarako iaioak izateko kondenatuta baikaude herri txikietan: Kultur Sailari hau, Pirinioetako Planari beste hau, Turismo sailari “leku turistikoa” bezala justifikatzen saiatuz gero, akaso ondoko hau ere... Eta horrela orenak eta orenak dirulaguntzen puzzlea osatu artio. Akigarria, zinez, baina helburua lortuta: udako arte eta kultura eskaintza oparoa gure herriko plaza eta karriketan. Biba burokrazia, biba kultura eta biba Euskal Herriko ekialdeko txoko despopulatu honetan ahalegin hori egin duzuen guziak! Auñamendiko Bitxiloreak, Baratxinto Fest, Kultur Burgi, Txokarrera Fest eta Neskak Blues Rock Festibala, besteak beste.

*ugatx: ibaia Erronkariko uskaraz.